medidas encontradas
1

Trantsizio Energetikorako Plan Nazionala

Trantsizio Energetikorako Plan Nazionalari esker, hogei urteren buruan Barne Produktu Gordinaren (BPG) %1,5eko inbertsio publiko-pribatua sustatuko dugu. Plana efizientzia energetikoan eta energia berdeetan oinarrituko da. Planaren helburua da egitura produktiboa, eraikuntza eredua eta garraio sistema aldatzea, etorkizunean sistema ekonomikoan karbono kontsumo txikia izateko eta energia berriztagarriak erabiltzeko.

Plana martxan jartzean, energia primarioaren estatuko kontsumoa %30 gutxituko da, eta gainerako kontsumoaren zati handi bat era autoktonoan eta energia berriztagarrien bitartez osatuko da. Gainera, energia mendekotasuna murriztuko da. CO2 gutxiago isuriko da, eta bultzada handi bat emango diogu enplegua sortzeari. Izan ere, bi jende multzori egingo die mesede: alde batetik, higiezinen burbuila amaieratik langabezian daudenei, eta, beste alde batetik, kualifikazio tekniko altuko esparruetan arituko direnei. Planaren lehen urtean 300.000 lanpostu egonkor sortuko dira, eta planaren azken fasean 400.000ra helduko gara. Plan nazionalak bi oinarri ditu:

  • Energia Aurrezteko Plan Nazionala: eraikinen efizientzia energetikoa hobetzea izango da helburu nagusia, baina garraioena, industriarena eta banaketa elektrikoko sistemarena ere hobetuko du. Planaren oinarria lehenengo urtetik hasita urte bakoitzean 200.000 etxebizitza birgaitzea izango da, eta, horretarako, hainbat lan ildo landuko dira: isolamendu termikoa hobetzea, berogailu eta ur beroko sistema efizienteak instalatzea, eta kontsumo baxuko argiztapena instalatzea. Aldaketa horiei esker, birgaitutako etxebizitzen energia eskaera %80 murriztea lortuko dugu.

  • Energia Berriztagarrien Plan Nazionala: energia berriztagarriak zabaltzea eta instalatzea izango da helburua; adibidez, eguzki energia, energia eolikoa, energia geotermikoa, hidroelektriko txikia eta emisio txikiko biomasa.

Planak ikerketa, garapen, fabrikazio eta instalazio kate osoa hartuko du kontuan, eta, bereziki, energia elektrikoaren ekoizpenean kontsumitzen diren erregai fosilen kopurua murriztea du helburu. Hartara, planaren eraginez, balio erantsi handia duen industria ehun propio bat sortuko da. Bi planetan lehentasuna izango du energia ekoizteko eta banatzeko prozesua demokratizatzeak eta birbanatzeak; horren ondorioz, ekoizpen sistema berrien jabetza udalen, kontsumitzaileen edo enpresa txikien eskuetan egongo da

2

Urriaren 9ko 900/2015 Errege Dekretua indargabetu, eta autokontsumo elektrikoa garatzeko aukera emango duen araudia onartu.

asd 900/2015 Errege Dekretua, urriaren 9koa, autokontsumo elektrikoari buruzkoa, indargabetuko dugu, eta autokontsumo elektrikoa garatzeko aukera ematen duen araudi bat sortuko dugu. Araudi berriak ezaugarri hauek izango ditu:

  • Berehala autokontsumitutako energiari ez diogu inolako zergarik jarriko.

  • Energia hori sistema elektrikoan sartzen bada, energia merkaturatzen duen enpresak zilegi den prezioan ordainduko du energia horren truke (sistematik kontsumitutako kilowatt/ordu kopurua kenduta edo kontsumitutakoa kitatuta).

  • Tramite administratiboa arinduko ditugu

3

Azpiegitura berdeak sustatu eta garatu

Azpiegitura berdeak sustatuko ditugu (garraio kolektiboko sareak, tren garraioa, uraren erabilera eraginkorra, baso-berritzea eta abar). Halaber, ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+b) planak sustatuko ditugu, teknologia berdeak garatzeko. Izan ere, teknologia horiek aukera ematen dute energia biltzeko modu berriak izateko eta energia bektore berriak lortzeko, baita ekoitzitako energia modulatzeko ere (adibidez, hidrogenoak eta eguzki energia termoelektrikoak), sistema elektrikoan sartutako energia berriztagarriak optimizatuko baititu.

4

Administrazio Publikoaren bulego guztietan modu progresiboan %100 energia berriztagarria erabiltzea

Elektrizitatea merkaturatzen duen enpresa baten bitartez, %100 energia berriztagarria kontratatuko dugu administrazio bulego guztietan.

5

Fracking instalazioak ez baimentzeko konpromiso publikoa

Haustura hidraulikoko (fracking) instalazioak ez baimentzeko konpromiso publikoa hartuko dugu

6

Sistema elektriko osoaren kostuei buruzko kontu ikuskaritza egitea

  • Sistema elektriko osoko kostuei buruzko kontu ikuskaritza egingo dugu, teknologia bakoitzarekin ekoitzitako elektrizitatearen kostuak eta garraioarekin eta banaketarekin lotutako kostuak zenbatekoak diren jakiteko. Halaber, kontu ikuskaritza bat egingo dugu, tarifa defizitaren zorra zenbatekoa den jakiteko.
7

Araudia aldatu, energia iturri guztiek jaso beharreko ordainsaria ekoizpen kostuen araberakoa izateko

Araudia aldatuko dugu, energia iturri guztiek jaso beharreko ordainsaria ekoizpen kostuen araberakoa izateko. Ordainsariak handiagoak izango dira ingurumen inpaktu txikiagoa sortzen duten energia iturrietarako. Gainera, araudi berriari esker, zentral nuklearren eta zentral hidroelektrikoen neurriz kanpoko etekinak bukatuko dira.

8

Sistema elektrikoan jarduera oligopolikoak kentzeko kontrolak ezarri

Sistema elektrikoan jarduera oligopolikoak kentzeko kontrolak ezarriko ditugu, integrazio bertikala barne. Bereziki, banaketa sareen jabetza eta sare horien kudeaketa bereizteko ze aukera dagoen aztertuko dugu.

9

Sistema elektrikoaren plangintzan energia berriztagarriei lehentasuna eman

Energia berriztagarriak sistema elektrikoaren planifikazioaren erdigune izango dira. Beharrezkoak diren bitartean, gainerako teknologiak berriztagarrien osagarri izango dira. Horrekin lotuta, bide hauek irekiko ditugu:

  • Egungo banaketa bermatuz, ziklo konbinatuko zenbat zentral ken ditzakegun aztertuko dugu. Kendutako zentral horiek ez dute jasoko gaitasunaren araberako ordainsaririk.

  • Apurka-apurka oraindik ere martxan dauden zentral nuklearrak itxiko ditugu.

  • Arian-arian ikatz zentralak itxiko ditugu.

Ziklo konbinatutik ateratzen den energia, energia nuklearra edo ikatz zentraletatik ateratzen den energia arian-arian utzi egingo dugu, eta, hori egitean, industria horietan lanean dabiltzan langileek trantsizio garai egoki bat izango dute, lan baldintza berberak mantenduz sektore garbietan lanean hasteko.

10

Estatuak zentral hidroelektrikoak berreskuratzea

Enpresa pribatuei emandako esleipenak amaitu ahala, Estatuak zentral hidroelektrikoak berreskuratzea bultzatuko dugu. Horiek kudeatzearen ardura konfederazio hidrografikoek, Ingurumen Ministerioak eta sistemaren operadoreek izango dute.

11

Gutxieneko hornikuntza legez bermatu

Gutxieneko hornikuntza bermatuta egoteko, lege organiko bat garatuko dugu. Gure ustez, energia izatea zerbitzu publikoa da, eta hori hala izango da energia erakunde publikoak kudeatzen dutenean edota erakunde pribatuek kudeatzen dutenean. Ez diogu elektrizitaterik edo gasik kenduko inori kontsumitzailearen ohiko etxebizitzan; betiere, faktura ez ordaintzeko arrazoia kontsumitzailearen erantzukizunez haragoko arrazoi batengatik bada, eta bereziki bat-bateko pobrezia egoeran geratzen bada. Gutxieneko elektrizitate eta gas kopuru jakin bat ezarriko dugu etxebizitza bakoitzeko. Pobrezia egoera egiaztatutakoan, gutxieneko kopuru horren kostua ez da izango etxebizitza horretako kideek dituzten diru sarreren %10 baino gehiago. Gizarte Zerbitzuak arduratuko dira pobrezian bizi direnen etxebizitzetan gutxieneko hornikuntzaren truke zenbat ordaindu behar duten zehazteaz.

Kontsumitzaileak urte betean hornikuntza baldintza berberak izateko eskubidea izango du, eta eskubide hori urtez urte berritu ahal izango du inolako epe mugarik gabe; betiere, pobrezian dagoen bitartean.

Hornikuntza enpresek kontsumo jaitsierengatik galerak badituzte, ezin izango diete kontsumitzaileei edo Estatuari galeren kostua ordainarazi.

12

Europar Batzordearen Energia Estrategiaren aurrean proposamen alternatibo bat egin

Europar Batzordearen Energia Estrategiaren aurrean, proposamen komunitario eta alternatibo bat diseinatuko dugu. Proposamen horrek hiru ezaugarri izango ditu: ez da gas naturala sustatuko, ez da bultzatuko EBren energia lehentasuna gas instalazioak eraikitzea izatea, eta ez da sustatuko nazioarteko legezko egitura sortzea energia korporazio handiak indartzeko eta estatuak ahultzeko (adibide argiena TTIP da, Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoa ingelesez).

13

Konpetentziaren trantsizio kostuak identifikatu

Europar Batasunak adierazpen bat egitea bultzatuko dugu, Konpetentziarako Trantsizioaren Kostuak (KTK) Estatuaren legez kanpoko diru laguntzak direla zehazteko.

14

Azpiegitura handiak egiterakoan herritarrek parte hartzea eta ikuskaritza egitea

Jada esleitu diren azpiegitura handien obrak amaitzea bultzatuko dugu (AHT, autopistak, aireportuak, portu nasak). Oraindik esleitu gabe daudenak, berriz, geratu egingo ditugu.

Azpiegitura handiei ikuskaritza egingo diegu, argi gera dadin obra bakoitza egitea nork eta nola erabaki duen eta benetako kostuak zein diren. Hartara, erabaki horien arduradunak nor diren argituko dugu, aurrerantzean halako kasu gehiago ez egoteko: aireportu fantasmak, bidesariak hutsik dituzten autopistak edo Castelloko Castor bezalako proiektuak.

Gainera, azpiegitura handien kontratazioetan gardentasun irizpideak eta herritarrek parte hartzeko neurriak jarriko ditugu martxan. Erabakitze metodoetan aldagai sozialak, ingurumen ezaugarriak eta irizpide ekonomikoak hartuko dira aintzat, eta horrela lortuko dugu proiektuak hiru ezaugarri horien arabera bideragarriak izatea.

15

Bizikletak, hiriko mugikortasun iraunkorraren oinarri

Hiri eremuetan eta eremu metropolitarretan txirrindulariek metroa edo aldiko trenak hurbil izatea bultzatuko dugu.

Gainera, garraio publikoen egungo esleipenetarako finantza kudeaketa alternatiboak diseinatuko ditugu. Indarrean dauden kontratuak ikuskatuko ditugu, eginiko akatsak aztertzeko eta lan eta mantenu kontratuak berriro negoziatzeko; hartara, zerbitzuek behar bezalako kalitatea eta segurtasuna izatea bermatuko dugu.

Garraio elektrikoak bultzatuko ditugu, bereziki hiri handietan.

16

Garraio publikoa erabili ahal izateko bermea

Pertsona orori mugitzeko eskubidea eta garraio publikoa erabiltzeko aukera ziurtatuko dizkiogu. Horretarako, langabezian edo pobrezia edo gizarte bazterketan egoteko arriskuan daudenei tarifa sistema berezia edo doakoa jarriko diegu.

17

Ekonomia Produktiborako Hitzarmen Nazionala

Ekonomia Produktiborako Hitzarmen Nazionala egingo dugu, garapen industrialaren inguruan Gobernuaren, patronalaren eta sindikatuen artean akordioa lortzeko. Akordioak bere baitan hartuko ditu finantza logika eta logika produktiboa. Hortaz, industria lehentasunak inbertsio produktiboa eta epe ertain eta luzean balioa sortzea izango dira, enpresen kudeaketa gehienetan nagusitu den balio erantsiaren maximizatze logikari aurre egiteko. Nolanahi ere, berrindustrializazioa ezin daiteke oinarritu prezioei lotutako lehiakortasunean; izan ere, horren oinarrian lan kostuak murriztea eta etxeetako eskaerari eustea daude, eta horrek kalitatezko enpleguak eta soldata duinak sortzeko gai ez den espezializazioa dakar.

18

Desindustrializazio prozesua iraultzeko, klusterrak lagundu

Desindustrializazio prozesua irauliko dugu, eta dibertsifikazio produktiboa bultzatu eta ehun produktibo berritzaile bat sustatuko dugu. Horretarako, enpresa txikien eta ertainen garapenean oinarrituko gara, eta sare industriekin konektaturik dauden eta indartzen ari diren sektoreak identifikatuko ditugu.

Klusterrak, gure ustez, lankidetzarako oinarrizko baliabideak dira, eta, bertan, hainbat eragile sartu beharko lirateke: sektore bateko enpresa dinamikoenak, erakunde publikoak, ikerketa zentroak eta unibertsitateak. Hartara, klusterrak baliabide ezin hobeak dira, praktika onenak hedatzeko, berrikuntza bultzatzeko eta sektoreko enpresen produktibitatea hobetzeko. Horretarako, globalaren eta lokalaren arteko lotura sustatuko dugu, egungo industria klusterrak bultzatuz, eskualdeko garapen plataformekin loturak sortuz eta zenbaitetan dauden praktika onak zabalduz.

19

Industria dibertsifikazioa handitu eta zerbitzu aurreratu berrien aldeko apustua

Industria dibertsifikazioa handituko dugu, zerbitzu aurreratuak garatuko baititugu, bai enpresetarako diren zerbitzuak (ikerketa eta garapena, ingeniaritza, diseinua, marketina, mantentze eta konponketa lanak, logistika eta banaketa), bai zerbitzu komertzialak eta finantzarioak, bereziki enpresen arteko harremanez zuzenki arduratzen direnentzat.

20

Sektorekako batzorde estrategikoak sortu

Sektorekako batzorde estrategikoak sortuko ditugu, alor bakoitzean zer-nolako premiak dauden diagnostikatzeko. Eragile guztien arteko elkarrizketaren bidez, sektore bakoitzaren erronka nagusiak gainditzeko proposamenak sustatuko ditugu.

21

Gaitasun espezifikoen garapenean oinarritutako industria politika bultzatu

Bultzatuko dugun industria politikak bi oinarri izango ditu: batetik, gaitasun espezifikoak garatzea aktibo ukiezinen arloan, teknologia eskuragarritasunean, talde kudeaketaren ezagutzan eta langileen parte hartzean eta, bestetik, enpresen zabalkunde geografikoa sustatzea.

22

Balio soziala sortzen duten klausula sozialen eta kontratazio publikoaren alde egin

Lehiaketa publikoetan klausula sozialak modu eraginkorrean ezartzea bultzatuko dugu. Klausula horien bidez konpromisoak lotuko ditugu enplegua sortzeko, tokian tokiko garapena bultzatzeko, gizarte kohesioa handitzeko eta erantzukizun sozial korporatiboa (ESK) lortzeko. Zenbait enpresak kontratazio publikoen lehian dituzten oztopoak eta baldintza diskriminatzaileak kenduko ditugu. Gainera, Europar Batasunaren zuzentarauek baimendutako eta kontratazio publikoen mende ez dauden baimentze sistemak bultzatuko ditugu, gizarte zerbitzu publikoen kudeaketa irabazi asmorik gabeko erakundeen esku egoteko.

23

Inbertsio funts subirano eta publikoak martxan jarri

Europako herrialde batzuetan egiten ari diren bezala, inbertsio funts subirano eta publikoak martxan jarriko ditugu, enpresa estrategikoen desnazionalizaziorik edo zatiketarik ez izateko eta putre funtsek ehun produktiboan garrantzitsuak diren enpresen kontrola ez hartzeko.

24

Sektore estrategikoetan lehia handitu

Sektore estrategikoetan lehia handituko dugu (energia sektorea, finantzak, telekomunikazioak), eta, horri esker, estatuan jarduera produktiboa merkeagoa izango da, eta gure ehun produktiboaren lehiakortasun egiturazko zorra murriztuko du. Halaber, energia berriztagarriei laguntza ematen hasiko gara berriro, ikerketan eta berrikuntzan oso funtzio garrantzitsua betetzen dutelako.

25

Telekomunikazio zerbitzuak modernizatu

Telekomunikazio zerbitzuak modernizatuko ditugu, eta, bereziki, eta araudi egokiekin, merkatua irekiko dugu, zuntz optikoen hedapena bultzatzeko.

26

Azpiegitura publikoen inbertsioetarako irizpideak aldatu

Etxebizitzen eraikuntzan eta errepide bidezko garraioan oinarritutako azpiegitura publikoen inbertsio eredua aldatu eta azpiegitura produktiboan eta teknologikoan oinarritutako eredu bat nahi dugu, eredu produktibo bateranzko trantsizioari bidea emateko (energia azpiegiturak eta garraio kolektiboko energia, baita telekomunikazioak eta ur hornikuntza ere, besteak beste).

27

Intermodalitatea garatu, portuen arteko tren loturak hobetuz

Intermodalitatea garatuko dugu, portuen arteko tren loturak hobetuz. Estatuko bost portu garrantzitsuenetan mugitzen diren edukiontzien %60 beste herrialde batzuetara joaten dira; hortaz, erronka estrategiko nagusia izango da portu eskaintza logistikoa handitzea, portuen arteko tren loturak hobetuz eta portuak lotune intermodal bihurtuz.

28

Eraikuntza beste jardun batzuetara bideratu

Eraikuntza beste jardun batzuetara bideratuko dugu: birgaitzera, eraikinen efizientzia energetikoa hobetzera, domotikara eta behar sozial berrietara. Helburua saneamendu urbanistikoa hobetzea izango da.

29

Nekazaritza errenta banatu eta nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza sektoreen arautegia moldatu

Negoziaketa eredua aldatuko dugu, eta Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) aplikatuko dugu, nekazaritza errentaren banaketa hobetzeko eta interes publikoa eta ingurumen interesa indartzeko.

Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza sustatzeko arautegiak sortu eta sektore horietara moldatzeko proposamenak bultzatuko ditugu. Horretarako irizpideak dibertsifikazioa, iraunkortasuna, ekonomia soziala eta familia irizpideak izango dira. Gainera, ekoizpen estentsiboa elikagai subiranotasunaren aldeko apustu estrategikora bideratuko dugu.

Arrantzan, araudia egokitu eta berrituko dugu, aurreikusitako (baina oraindik bete gabeko) ingurumen helburuak eta helburu sozialak lortzeko; hartara, arrantza tekniken artean pixkanakako trantsizioak programatzeko eta kuoten banaketaren diseinua hobetzeko aukera izango dugu.

30

Ikerketa eskura izateko Programa Nazionala

Bokazio zientifikoa bultzatuko dugu, gazte adimentsuen artean zientzia arloko ikasketak egiten has daitezen sustatzeko. Horretarako, Ikerketa eskura izateko Programa Nazionala jarriko dugu martxan, ikasketen azken urteetan nabarmendu diren graduko ikasleak ikerketa lana ezagutzen eta garatzen has daitezen.

Herrialdeko bikaintasuneko ikerketa zentroekin lankidetza hitzarmenak egingo ditugu, eta zentro bakoitzeko profesionalekin lan egingo dugu.

Programa genero berdintasun irizpideetan oinarrituko da, ikerketa munduan ere emakumezkoen kopurua handitzeko.

31

Zientzia gizartera hurbildu: Herritarren Berrikuntza Zentroak

Zientzia eguneroko arlo guztietara hurbiltzeko, bi proposamen ditugu.

Batetik, Herritarren Berrikuntza Zentroak sortu nahi ditugu, udalerrietan jendartearen eta zientziaren elkarguneak izateko, unibertsitateen eta udalen lankidetzarekin. Lan esparru hauek izango dituzte: zientzia hedatzea, gizarte berrikuntza eta benetako herri zientzia garatzea, jakin-minaren eta egiten jakitearen kultura indartzeko.

Bestetik, Science Shop sortu nahi dugu, adituen laguntzarekin eta hitzaldien, proiektuen eta ikerlan teknikoen bidez ikerketa sustatzeko, herritarrek arazo zientifiko zehatzekin dituzten zalantzak argitze aldera.

Horrez gain, baliabide zientifikoen online sare bat garatuko dugu gizarte osoaren mesedetan, familian, gazteen zentroetan, helduen zentroetan eta abarretan egiteko moduko jarduerekin.

Jendartea eta zentroak elkarren artean ere lotuko ditugu: ikastetxeak, unibertsitateak, ikerketa zentroak eta enpresa zientifikoak.

Eskoletako umeek zientzia ekoizpeneko guneetan bisitak egingo dituzte, eta, horrekin lotuta, bisitek gizarterako ze onuragarriak diren nabarmenduko da. Helduen zentroetan ere zabalkunde jarduerak egingo dituzte.

32

Ikertzailearen karrera egokitzea

  • Merituan oinarritutako ikerketa karrera diseinatuko dugu, eta epe luzean aurreikusteko moduko lan ibilbidea eskainiko dugu.

  • Ikerketarako Organismo Publikoetarako (IOP) eta unibertsitateetarako karrera bakar bat sortzearen alde gaude, baita kontratatzeko eta ebaluatzeko prozedura eta meritu akademikoa bateratzearen alde ere.

  • Karrera profesional bakarra sortuko dugu, eta bertan sartuko ditugu laborategietako lana eta I+G+iren kudeaketa.

  • Ospitaleko ikerketa karrera bat sortuko dugu, unibertsitateko irakaskuntzatik at eta ospitaleko testuinguruaren berezitasunak onartuko dituena.

  • Ikerketa karreraren diseinuari dagokion soldaten mailaketa berrikusiko dugu, garai bakoitzaren erantzukizunetara eta Europako batez bestekora moldatzeko.

  • Genero berdintasunaren aldeko neurriak hartuko ditugu, ikerketa karreran aurrera egin ahala handitu egiten baitira desberdintasunak.

33

Ikerketaren online ataria

Ikerketa publikoa gardenagoa izateko, ikerketaren online ataria sortuko dugu, eta, bertan, hau guztia argitaratuko dugu: proiektuen eskaintza guztiak, eta mota askotako lankidetza hitzarmenak eta deialdiak (ikerketa publikoetako erakundeek eginiko kontratazioak eta enplegu deialdiak barne).

Atariak I+G+b-ko deialdi publiko guztiak jasoko ditu bi urteko egutegi batean. Egutegia derrigorrez bete beharko da, eta Gobernuak, autonomia erkidegoek eta finantza publikoko beste agentziek adostu beharko dute.

Atariak edonork eskuratu ahal izateko datu basea izango du, eta, bertan, ikertzaileen profilak, ikerketa taldeak, unibertsitateak, IOPak eta estatu mailako ikerketa proiektuak egongo dira.

Atarian Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Sistemaren (ZTBS) informazio estatistiko osoa argitaratuko du: ikasle kopurua, aurrekontuak, proiektuak eta abar.

34

Ikertzaile seniorren aldeko apustua

  • Gobernu zentralaren mendeko doktoratu osteko deialdien kopurua %100 handituko dugu.

  • Estatu mailan, ikertzaile nagusientzat kontratazio mugagabeak eta ebaluagarriak izatea sustatuko dugu.

  • IOPez gain beste zentro batzuetan ere ikertzaileak hartzea bultzatuko dugu; adibidez, unibertsitateetan eta bikaintasuneko beste erakunde publiko batzuetan.

  • Ikertzaileak hartzearekin lotutako ebaluazio ereduak definitu eta ezarriko ditugu.

  • Ikerketen zabalkundea eta eragina hobetuko ditugu.

35

Kultura zientifikora heltzeko bermea

Kultura zientifikora heltzea bermatuko dugu, egoera pertsonala, ekonomikoa edo autonomia funtzionala edozein dela ere. Hona hemen neurri zehatzak:

  • Zientzia museoak hilabetean behin dohainik izango dira, ezberdintasun sozialik ez izateko.

  • Ikerketa zentroek, museoek, feriek eta beste ekitaldi zientifikoek dibertsitate funtzionala duten pertsonei egokitutako sartze planak izatea ziurtatuko dugu.

  • Ikerketa zentroetan eta unibertsitateetan jardunaldi irekiak bultzatuko ditugu, adin guztietako pertsonak bertara joan daitezen.

  • Hedabide publikoek eduki kontrastatuak eta egokiak eskainiko dituzte, jendartearen eta komunitate zientifikoarekin harreman estua lortzeko. Gainera, zabalkunde eta eztabaida zientifikoetarako esparruak irekiko dira, ikusleen adinetara moldatuta.

36

Talentua duten gazteak berreskuratzea: Margarita Comas deialdia

Zientzia Erreskatatzeko Planaren baitan, talentua duten gazteak berreskuratzeko ohiz kanpoko deialdi bat egingo dugu: Margarita Comas deialdia.

Deialdiari esker, bizitzera etorri eta hemen laborategi berriak sortu ahal izango dituzten ikertzaile gazteak kontratatuko ditugu. Kontratuek lau urteko iraupena izango dute, eta kontratuak bukatutakoan, aukera izango dute lan kontratu mugagabea eskuratzeko, helburuak ebaluatzeko eta lana egonkortzeko prozesu bati esker.

Neurri horrekin eta programan dauden beste neurri batzuekin, ikerketa arloan lanpostu zuzenak sortuko dira.

37

Zientzia eta Berrikuntzarako Hitzarmen Nazionala

Politika zientifikoa eta berrikuntza politika Estatuaren goi mailako gaia dela izan behar da kontuan. Gizarte eragile guztien arteko akordio zabal bat egiten saiatuko gara, ardurak hartzeko eta etorkizunerako hobekuntzak proposatzeko; betiere, modu koordinatuan, adostasunean oinarrituta eta aldaketa politikoetatik harago.

Akordioa gauzatzean, Zientzia eta Berrikuntzarako Mahaia eratuko da.

Lehentasuna enpresek langileak kontratatzea izango da, eta ez epe motzean etekinak lortzea. Horretarako, bi helburu izango ditugu: batetik, finantza eragileek jarduera zientifikoetarako kredituak errazteko konpromisoa hartzea, eta, bestetik, teknologia eta ikerketa arloetako eragileek konpromisoa hartzea ezagutza partekatzeko.

38

Enpresetan jarduera berritzaileak indartu

Enpresen artean, eta bereziki enpresa txiki eta ertainetan, berrikuntza erraztu eta indartuko dugu. Horretarako, ezagutza eta garapen ekonomikoko indarguneak sortuko ditugu Estatuko eskualdeetan, esparru eta arlo jakinetan espezializaturik egongo direnak.

Indarguneek produkzio katearen eragile guztien arteko elkarreragina sustatuko dute. Horren erreferentzia nagusiak nazioartean (Poles Frantzian, Fraunhofer Institutes Alemanian, Catapult Erresuma Batuan) zein estatuan ditugu (MCC-Mondragon Kooperatiba edo COVAP Andaluzian).

39

Emigratu behar izan duen talentu zientifikoa etxera itzultzeko laguntza

  • Balio erantsi handia duten sektoreetan lanpostuak sortzeko politikak jarriko ditugu abian.

  • Emigratu duten zientzialarientzat eta atzerriko zientzialarientzat ikerketa proiektuetan lanpostuak lortzeko deialdiak bultzatuko ditugu, eta mugikortasuna eta nazioartekotzea sustatuko ditugu.

  • Transferentzia teknologikoan eta gizarte berrikuntzan oinarritutako enpresei diru laguntzak emango dizkiegu.

  • Enpresa zientifikoak eta proiektu zientifikoak, teknologikoak eta transferentzia teknologikokoak sortzeko laguntzak emango ditugu, atzerrian dauden ikertzaileentzat lanpostuak eskaintzeko.

  • Laguntzak emango ditugu, atzerriko zientzialarien elkarteen ikerketa eta teknologia proiektuak garatzeko.

40

Zientzia eta I+G+b-n arduraz inbertitzea

I+G+b-ko inbertsioak krisi aurreko mailara bueltatuko ditugu, eta I+G+b-ren inbertsioa Europako mailarekin parekatzea izango dugu helburu (BPGaren %2).

Helburua 2017an I+G+b-aren inbertsioa Estatuaren Aurrekontu Orokorraren %2,7 izatea da, eta 2020an %3.

Ziurtatuko dugu I+G+b garatzen duten enpresetarako funts publikoen kredituak hasieran zuten helburua betetzen dutela, ezkutuko diru laguntzak izan ez daitezen. Horretarako, bereziki zainduko dugu I+G+b-ra zuzendutako funtsak %100ean gauzatzea, EAOean agertutakoarekin bat eginez.

41

IOPen demokratizazioa

IOPak kontrol politikotik askatuko ditugu, eta ikerketaren auto-kudeaketa eta epe luzerako proiekzioa sustatuko ditugu.

IOPen demokratizazio sakona proposatuko dugu, haien kudeaketa eta ikerketa autonomia indartzeko.

IOPen estatutuak erreformatuko ditugu, eta erakunde bakoitzari egokitutako hainbat urtetako plan estrategikoak jarriko ditugu abian. Demokratizazio instituzionaleranzko trantsizioan, ezinbestekoa izango da erantzukizunak bere gain hartzea eta kontuak hartzea.

42

Unibertsitate eta ikerketa erakundeetan kontratazioetan eta kudeaketan gardentasuna defendatzeko behatoki bat sortu

Gardentasun faltarekin bukatzea da helburua, eta, behatoki bat sortuko dugu. Izan ere, gardentasun falta handia dago bereziki ikerketa eta unibertsitate erakundeetako hautatze eta kontratazio prozesuetan. Behatokiak ikerketa eta unibertsitate erakundeetako hautatze eta kontratazio prozesuetan gardentasuna bermatu beharko du.

Gainera, behatokiak erakunde horien egiturazko arazoak konpontzea izango du helburu. Izan ere, irakaskuntzan eta ikerketan aritzeko arbitrariotasun eta bidegabekeria handiak daude; esate baterako, langileen lan baldintza eskasak.

Etorkizunean, behatokia ebaluazio

agentzia baten parte izango da, eta ikerketa arloko erakunde publikoen eta unibertsitateen prozesuetan eta organoetan sortzen diren gardentasun gabezien aurrean alarma sistema moduan jokatuko du. Gainera, herritarrei irekia egongo da, eta ikerketa sisteman sortutako gardentasun eta berdintasun arazoei buruzko kexak jasoko ditu.

43

Ikerketa eta irakaskuntza moldagarriak eta autonomoak

Irakasleak eta ikertzaileak ebaluatzeko sistema publikoa hobetzea bultzatuko dugu, ikerketa eta hezkuntza maila guztietan berrikuntza eta autonomia bultzatzea berma dezan.

Estatuak zuzenean karguak emateko edo kargutik botatzeko dagoen egitura zahar piramidala aldatuko dugu, eta meritokrazian oinarritutako gobernu sistema ezarriko dugu. Horrenbestez, kudeaketaren arduradunek kontuak eman beharko dituzte Parlamentuan, kudeatutako kolektiboen aurrean eta gizartearen aurrean.

44

Zerga iruzurraren aurkako plan integrala

Zerga iruzurraren aurkako plan integrala jarriko dugu abian. Planak ezaugarri nagusi hauek izango ditu:

  • Zerga Administrazioko Estatu Agentziarako (ZAEA) oinarrizko estatutu bat garatzea, honako hauek ziurtatzeko: autonomoa izango dela, zuzendaritza profesional eta objektiboa izango dituela, erakundea ez dela erabiliko alderdikeriaz, eta plan estrategiko eraginkorrak diseinatzeko betebeharra izango duela. Parlamentuak ZAEAko zuzendaria izendatuko du.

  • Ogasun administrazioen arteko lankidetza sustatzea, eta, horretarako, hau ziurtatu beharko da: denak sarean egotea, datu base integratuen bidez informazioa eskuragarri izatea, eta estrategia eta helburu komunak finkatzea.

  • Urteko zerga lege bat eta zerga iruzurraren aurkako neurriak ateratzea, arau horretan, kontratuaren (ZAEAren bost urteko programa) aplikaziotik datozen legeko aldaketak jaso ahal izateko. Legea eztabaidatu eta Parlamentuak ZAEAren kudeaketaren urteko kontrola egin ondoren —autonomia erkidegoetako ogasun erakundeen partaidetzarekin—, onartu egingo da.

  • Enplegu publikoaren eskaintza egitea, eta ZAEAko lanpostu kopurua handitzea; betiere, kontuan hartuta zer aukera logistiko eta ze premia profesional dauden.

  • Zerga iruzurraren aurkako adituen batzordea eratzea, hainbat jardueraren aurkako proposamenak egiteko: iruzurren aurkakoak, dirua atzerriratzearen aurkakoak eta etekinen lekualdatzearen aukakoak.

  • Paradisu fiskalen aurkako neurriak onartzea. Besteak beste, honako hauek hartuko ditugu aintzat: paradisu fiskaletako banketxeetako kontuen jabeak ezagutzeko neurriak, finantza gardentasunarekin lotutako neurriak, gainbegiratze eta kontrol neurriak, eta neurri zigortzaileak. Neurri horiek bereziki talde multinazionalen aurka aritzeko garatuko dira.

  • Zerga pantailak kentzea. Sicav-en, socimi-en, arrisku kapitalen erakundeen eta Atzerriko Baloreen Edukitze Elkarteen (ETVE) fiskalitatea berrikusiko dugu, inbertsio produktiboa eta berdintasun fiskala zaintzeko. Hitzarmenak ere berrikusi egingo dira, zergak bitan ez ordaintzeko eta zergak ez ordaintzeko aukerarik ez emateko.

45

Zergak ez ordaintzearekin itotako delituen preskripzioa hamar urtera igotzea

Zerga iruzurra 50.000 eurotik gorakoa bada, delitua izango da. 50.000 euroko kopurua jaitsi eta homogeneizatuko dugu objektibotasunez zerga delitua izateko Europar Batasunaren aurrekontuei edo Gizarte Segurantzari iruzur egiten zaionean. Horretarako, delituaren preskripzioa 10 urtekoa izango da, eta gaur egun 120.000 eurotik gorako kopuruei dagokien zigorra jarriko diegu.

46

PFEZren erreforma

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ) aldatuko dugu, eta urtean 60.000 eurotik gorako errentetan tasa kopuruak eta atalak aldatuko ditugu.

  • 60.000 eurotik aurrera, PFEZren atal gehiago jarriko ditugu, eta atal bakoitzaren zerga tasa modu progresiboan handituko dugu oraingo %45etik %55era 300.000 eurotik gorako errentetarako.

  • Kenkari atzerakoienak kenduko ditugu; izan ere, kenkari horietatik pertsona gutxik ateratzen dute onura, eta, batez ere, errentaren altuenetan kokaturik daudenak izaten dute onura. Nolanahi ere, onura fiskalen lehentasuna gizabanakoen eta familien bizi baldintzak babestea izango da.

  • Pixkanaka, laneko eta aurrezkietako errenten arteko tarifaren bikoiztasuna eta aurrezkietakoaren progresibitate falta zuzenduko ditugu, eta tarifa bakar baterantz joko dugu. Egungo egoerak desberdintasun horizontala eta bertikala sortzen ditu.

-Jarduera ekonomikoen estimazio objektiboaren erregimena kenduko dugu; izan ere, alde batetik, iruzur egiteko eta etekinak tokiz toki aldatzeko aukerak ematen dituelako, eta, bestetik, desberdintasun justifikaezinak sortzen dituelako. Zerga sistema horrek ez dauka zentzurik, enpresa guztiek, baita txikienek ere, kontabilitate erregistroak eramateko gai baitira.

47

Ondarearen gaineko zergan eta ondorengotzen eta dohaintzen gaineko zergan karga efektiboa berreskuratu

Ondarearen gaineko zergan eta ondorengotzen eta dohaintzen gaineko zergan karga efektiboa berreskuratuko dugu. Bigarren zergak errenta maila handiko taldeetan eragingo du.

Bi zergak arautzeko dauden legedia bateratuko dugu autonomia erkidegoekin, eta biak ala biak estatu osoan ezarriko ditugu, berdintasuna eta iruzurraren aurkako borroka bermatzeko. Gainera, hobaririk emango ez duen zerga ordainketa bat ezarriko da.

Ondarearen gaineko zerga ordaintzetik salbuesteko gutxienekoa 400.000 euro garbitara beheratuko dugu, orokorrean aplikatutako 700.000 euroko mugaren ordez, eta indarrean dauden kenkariak eta laguntzak berrikusiko ditugu. Lehenengo etxebizitzak salbuetsita egongo dira 300.000 euro baino gutxiagoko balioa badute.

Autonomia erkidego guztiekin koordinatuta, ondorengotzaren eta dohaintzaren gaineko zergari lotutako hobariak kenduko ditugu; izan ere, praktikan, errenta altuko pertsonei zerga asko murriztu diete. Hasteko, oinordekoek aldez aurretik zuten ondarea zenbatekoa zen aztertuko dugu, hori erabiltzen baita zerga zenbatekoa izango den zehazteko. Hartara, ziurtatu nahi dugu pobrezian egoteagatik ez uko egin behar izatea ondorengotzari.

Sicav-ak kendu egingo ditugu: sicav-en gaineko zerga egoera arautuko dugu, aurrerantzean orain ez bezala dirutza handiak dituztenek sicav-ak ez ditzaten erabili zergak ez ordaintzeko. Horretarako, sicav-etako benetako bazkideak zenbat eta nor diren kontrolatuko dugu, eta pilatutako gainbalioei gehieneko epea ezarriko diegu, baita inbertitzaile bakoitzaren gehieneko partaidetza zein izango den ere. Gainera, inbertitzaile bakoitzaren gehieneko ekarpena zenbateko izango den ere zehaztuko dugu. Halaber, ZAEAri ahalmena emango diogu baldintza horiek betetzen direla ziurtatzeko, eta sektorean antzematen diren iruzur egoerak kontrolatzeko plan berezi bat prestatuko dugu. ZAEAk baldintza horiek betetzen ez direla egiaztatzen badu (hau da, sicav hori ez bada inbertsio kolektiboa duen erakundea), sozietateen gaineko zerga ezarriko diote.

48

Sozietateen gaineko zerga sinplea eta gardenagoa

Sozietateen gaineko zerga sakon aldatuko dugu, eta nazioarteko beste zergekin parekatuko dugu, sinplea eta gardena izateko eta tasa nominaletatik hurbil egoteko. Gainera, enpresaren tamainaren eta jarduera epearen araberako desberdintasunak aintzat hartuko ditugu, gaur egun ez bezala.

  • Accis Zuzendaritza proiektua bultzatuko dugu, talde multinazionalen zerga oinarria zenbatekoa den jakiteko eta enpresen jarduera eremuen arabera herrialdez herrialde salmentak, kapitala eta soldata kopurua zein diren jakiteko. Helburua da transferentzia prezioengatik ematen diren zerga galerak murriztea.

  • Zerga pribilejioak eta kenkari gehienak kenduko ditugu. Horretarako, faktore garrantzitsuenak hartuko ditugu kontuan, adibidez, transferentzia prezioak edota finantza gastuen kenkaria. Etorkizunean onura fiskalak ere izango dira, baina zuzenean justifikaturik egon beharko dira, produktibitate eta enplegu sorreran duten eraginagatik.

  • Enpresa handiei gutxieneko zerga bat ezarriko zaie, zerga mota honekin diru gehiago biltzeko eta diru sarrerak denbora luzean egonkortzeko.

  • Tasak ezarriko ditugu etekinen erabileraren arabera: tasa arrunta akzionistei emandako etekinetarako (%30), eta tasa txikiago bat enpresaren produkzio sisteman inbertitutako etekinetarako (%25), bereziki ekipamenduak berritzeko eta I+G+b-rekin lotutako jarduerak bultzatzeko. Inbertsio hori Administrazioak eta langileen ordezkariek egiaztatu beharko dute.

  • Sozietateei zerga iruzurra egiteko aukera kenduko diegu, baita atzerrian lortutako etekinengatik zerga gutxiago ordaintzekoa edota errenta partikularrak bideratzekoa ere.

49

Zeharkako zergak aldatu, BEZ batez ere

Zeharkako zergak aldatuko ditugu, Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) batez ere, gizarte ongizatea hobetzeko. Zergaren bidez bildutako diru kopuruari eutsiz, birbanaketan duen eragina eta bere atzerakoitasuna murriztuko dugu.

Elikagai eta alkoholik gabeko edari gehiago sartuko ditugu %4ko BEZ super-murriztua ezartzen zaienen produktuen multzoan (nolanahi ere, hortik at utziko ditugu osasun publikoaren aurkakotzat jo litezkeenak), eta %10eko BEZ murriztua ezarriko diegu oinarrizko hornigaiei (berokuntza, gasa eta elektrizitatea). Kontuan hartu behar da gaur egun %21eko BEZ ezartzen zaiela.

Gizarte interes handia duten produktuei BEZ txikiagoa jarriko diegu; adibidez, eskola produktuei eta kulturalei. Horrek esan nahi du Alderdi Popularrak (PP) egindako aldaketaren aurreko egoerara itzuliko garela.

Zerga bat bilatuko dugu luxuzko artikuluak zergapetzeko. Horrela, aurretik aipatu ditugun aldaketen ondorioz egongo den errekaudazio gutxitzea konpentsatuko dugu, hein batean behintzat.

50

Benetako fiskalitate berde bat jartzea

Benetako fiskalitate berde bat ezarriko dugu, energia iturri kutsatzaileak ez erabiltzea sustatzeko eta energia berriztagarriak eta energia efizientzia erabiltzea bultzatzeko. Halaber, gure ingurumen fiskalitatea (BPGren %1,6) Europar Batasunekoaren batez bestekora hurbilduko dugu (BPGren %2,4). Horretarako, honako urrats hauek eman beharko ditugu:

  • Hidrokarburoen eta ikatzaren gaineko zergak aldatuko ditugu, eta bereziki orain arteko zerga onurak aztertuko ditugu.

  • Energia berriztagarriak erabiltzen dituzten instalazioetan elektrizitatearen ekoizpena 100 kilowatt baino gutxiago bada, zergak ordaintzetik salbuetsita egoteko aukera aztertuko dugu.

  • Gasolioaren eta gasolinaren gaineko zerga tasak parekatuko ditugu.

  • Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga aldatuko dugu, eta ibilgailuek zenbat kutsatzen duten hartuko dugu aintzat.

Garraio azpiegitura jakin batzuk erabiltzeagatik tasak ezartzeko aukera aztertuko dugu.

Hiri batzuetan auto pilaketagatik zergak ezartzea aztertuko dugu, garraio publikoa sustatze aldera.

CO2 isurtzeko eskubideen gainean gutxieneko prezioa ezarriko dugu.

51

Autonomia erkidegoetako ingurumen zergak koordinatu

Autonomia erkidego bakoitzean ezartzen diren ingurumen zergak koordinatuko ditugu. Horretarako, ingurumen helbururik ez duten ekotasak berrikusiko ditugu, kanon eolikoa, kasu.

52

Finantza elkarteei ohiz kanpoko “elkartasun-zerga” bat ezarri

Ohiz kanpoko zerga bat, “elkartasun-zerga”, ezarriko diegu finantza erakunde pribatu batzuei, pixkanaka sektoreak erakunde publikoetatik jasotako dirutzak berreskuratzeko. Zerga ohiz kanpokoa izango da, etekinen gainekoa izango da, eta legealdi batean bakarrik ezarriko da.

53

Finantza transakzioen gaineko zerga martxan jartzen hasi

Finantza transakzioen gaineko zerga (FTZ) sortzeko araudia sortuko dugu, ahalik eta anbiziorik handienarekin, transakzio espekulatzaileenak kontrolatzeko, erregistratzeko eta murrizteko. Gure konpromisoa da Estatu espainiarra aitzindaria izatea 2012an Europar Batasuneko hamaika herrialdek adostutako hitzarmena ezartzen. Hitzarmenaren arabera, akzioen eta bonuen salerosketari %0,1eko tasa ezarri beharko zaie, eta produktu deribatuei %0,01ekoa. Zerga hori banketxeek, arrisku handiko funts kudeatzaileek eta beste finantza erakundeek ordaindu beharko dute.

54

Lurralde finantzaketari buruzko hitzarmena

Hurrengo legegintzaldian, lurralde finantzaketa berria hitzartzea bultzatuko dugu; betiere, Estatuaren izaera nazioanitza onartzen duen konstituzio aldaketa baten baitan. Horretarako, autonomia erkidegoen finantza sistemen ebaluazio prozesu bat egingo dugu, eta horren helburua izango da ados jartzea egin beharreko aldaketetan; betiere, ogasun federal baten baitan, autonomiarekin, lurraldeen arteko elkartasunarekin eta leialtasun instituzionalarekin lotutako printzipioak bete beharko dira. Udaletako eta probintzietako ogasunak finantzatzeko moduak aztertuko ditugu, herritarren beharrak asetzen dituztela ziurtatzeko.

55

Finantza-sistemaren araubidea hobetzea

Banku minoristen eta inbertsio-bankuen erabateko bereizketa sustatuko dugu, Erresuma Batuan berriki onartu den Vickers Txostenaren eta Estatu Batuetarako Volcker Ruleren ildotik. Bereizketa horrek xede du inbertsio-bankuen jardun espekulatiboek banku minoristen kaudimena eta bideragarritasuna mehatxupean jartzeko arrisku morala ekiditea, bai eta gerora diru publikoren bidezko erreskaterik eskatzekoa ere.

Diru-laguntza publikoa jaso duten finantza-erakunde guztien kontu-ikuskaritza independentea egingo dugu, banku-sistema pribatuak beregain hartu beharrekoa zehazteko.

Banku-kontsumitzaileak babesteko estatu-erakunde publikoa eratuko dugu, eta hobetu egingo da kontsumitzaile horiekiko erakunde-babesa.

Finantza-modu alternatiboak babestuko ditugu, esaterako kreditu-kooperatibak, banku etikoa edo crowdfundinga.

Mugak jartzea proposatuko dugu diru-deposituen metaketari, bankuen tamainari eta banku-metaketari. Egungo krisi ekonomikoak banku-sistemaren metaketa areagotzea eragin du. Hainbat banku neurriz gain handitu dira eta ekonomiarentzat berarentzat arrisku sistemiko dira; horiek horrela, beharrezkoa da «porrot egiteko handiegi» izateari loturiko arrisku morala mugatzea. Hortaz, gordailuen, maileguen eta beste banku-adierazleren metaketari –azken buruan, bankuen tamainari berari– mugak jartzearen egokitasuna aztertuko dugu.

«Itzalpeko banka» deitzen den hori arautzeari ekingo diogu. Neurriak hartuko ditugu balantzetik kanpoko finantza-jardunak kontrolatu eta arautzeko Estatuko, eta Eurotaldeko kideei eurek ere berdin jokatu dezaten eskatuko diegu. Balantzetik kanpoko finantza-jardun horiek banku-araudia saihesteko aukera ematen dute, kredituen arriskua hirugarrenei besterentzen diete eta kontrolik gabeko palanka-efektu finantzarioa eragiten dute. Zentzu horretan, emango ditugu tituluekiko zein credit default swaps (CDS) direlakoen erregulazio publikoaren bidean.

56

Paradisu fiskaletako banku-sekretu pribilegiozkoa eraistea

Paradisu fiskaletan den banku-sekretu pribilegiozkoaren deuseztapena eskatuko dugu nazioarteko itun orotan, horren bidez finantza-kapitalaren lurraldetasun eza eta deslokalizazioa desagerrarazten laguntzeko bidean.

57

Europako kalifikazio bulego independentea eta publikoa sortzea

Europako kalifikazio bulego independentea eta publikoa bat sorrera sostengatuko dugu. Neurri honekin ekidin nahi da rating enpresen informazio asimetrikoa eskaintzeko eta inbertitzaile publiko zen pribatuei okerreko pizgarriak eskaintzeko joera, eta, ondorioz, oreka makroekonomikoa arriskuan jartzekoa.

58

Banku publiko sendo eta eraginkor bat eratzea, Bankia eta Banco Mare Nostrum entitate nazionalizatuak oinarri hartuta

Banku publiko sendo eta eraginkor bat eratuko dugu Bankia eta Banco Mare Nostrum entitate nazionalizatuen abiapuntutik. Horretarako, Europako Batasunarekin sinatutako ulermen-memorandumean jasotakoa birnegoziatuko dugu. Banku publikoen jarduera-irizpideak ezin dira banku pribatuaren berberak izan. Errentagarritasuna izango da irizpide horietako bat (modu jasangarrian iraun ahal dezan), baina ez bakarra, banku publikoa honako hauek finantzatzera bideratuta egon behar baitu:

  • Egitura eta hornidura publikoak.

  • Epe luzeko enpresa-proiektuak, egun ekonomi sektore garrantzitsuek dituzten gabezia teknologiko zein kapitalizazio mailakoak gainditu nahi dutenak, betiere industria-politika koherente baten baitan.

  • Kreditua eskuratzeko arazoak dituzten gizataldeei, atez ere etxebizitza ordaintzeko arazoak dituztenak eta enpresa txiki eta ertainak.

Horregatik guztiagatik, banku publikoaren jardunbideak bi ardatz nagusi izango ditu. Lehena, inbertsio- eta garapen-bankan oinarritua, Alemaniako Kreditanstalt für Wiederaufbau ereduaren antzera, aldaketa ekonomikoa eta produktiboa gauzatzeko behar diren baliabideak sustatzeko. Bigarrena aurrezkirako banku publiko baten garapenean oinarritzen da, aurrezkiak dituztenentzat banku seguru eta gordailuak babesten zentratua, eta minoristentzat euren finantziazio-beharrei erantzungo diena.

59

Banku Berregituraketatik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatea (SAREB) etxebizitza publikoen sare bilakatzea

Banku Berregituraketatik Datozen Aktiboak Kudeatzeko Sozietatea (SAREB, gaztelaniazko izenaren laburdura) alokairuzko etxebizitza publikoen sare bat kudeatzeko tresna bihurtuko dugu, horrek SAREBek eskuratutako ondasun higiezin guztiak xede horretara bideratzea eskatzen du.

60

Konstituzioaren 135. artikuluaren erreforma indargabetzea

  1. urtean PSOEren agintaldian aldatutako Konstituzioaren 135. artikulua indargabetu eta lehengoratu egingo dugu.
61

Zorraren ikuskaritza abiaraztea Parlamentuan

Zorraren ikuskaritzarako abiaraziko dugu, eta berebiziko arreta egingo diogu Europako Batasunaren finantza-erreskatearen ondoriozko zorraren ikuskaritzari, hartara azken urteotan zorraren hazkuntza eta barne-berregituraketa prozesua argitu ahal izango da.

Europako legediak berak aurreikusten du horrelako ikuskaritza bat egin ahal izatea, hauxe baitio, hitzez hitz, 2013ko maiatzaren 21eko Europako Parlamentuko eta Kontseiluko 472/2013 Erregelamenduak: «doikuntza makroekonomiko egitasmoen mende leudeken Estatu kideek beren finantza publikoen ikuskaritza zorrotza egingo lukete, besteak beste gehiegizko zorpetzearen arrazoiak aztertzeko eta irregulartasunik izan ote den erabakitzeko».

62

Zor publikoaren berregituraketa

Finantza-sektoreari emandako diru-laguntza publikoei, ulermen-memorandumari eta Europako Batasunaren erreskateari loturiko zor publikoa berregituratuko dugu. 2012an Finantza Egonkortasuneko Europar Erraztasunak (FEFF) finantza-sistema erreskatatzeko Estatuari mailegatu zizkion 60.000 milioi euroren itzuleran finantza-erakundeek eurek parte hartuko dute, behin birkapitalizatu eta euren egonkortasuna bermatzeko beste laguntza batzuk jasotzen dituztenean. Laguntza horiek izango behar dute, azken buruan, Europako Batasunarekiko zorra kitatuko dutenak, orain artean zergadun espainiarrek aurreratu dutena alegia.

Zor horren berregituraketak hura ordaindu beharko dutenen birdefinizioari eragingo dio batez ere, eta ez hainbeste amortizazio-epeak murrizteari edo adostutako interes-tasen berraztertzeari. Fiskalitateari buruzko atalean zehazten den bezala, finantza-erakundeek beren gain hartuko dute behin behineko «elkartasun zerga», zein utzitako funtsak itzultzeko baliatuko baita.

63

Familien hipoteka-zorra berregituratzea

Familien hipoteka-zorra berregituratuko dugu, zenbait irizpide sozial betetzen dituzten familien lehen etxebizitzen hipoteken balore nominala murriztuaz, esaterako: senide guztiak lanik gabe egonik, eta beste inolako diru-iturririk ez izatea, edota familiaren diru-sarrerak Efektu Anitzeko Errenta Adierazle Publikoaren (IPREM, gaztelaniazko izenaren laburdura) baino hiru bider txikiagoak direnean.

Berregituraketa hori pertsona fisiko zein juridikoentzat benetako bigarren aukera baten moduan gauzatuko dugu, halako modez non onuradunak kiebra egoera gauzatzen denetik iraganeko zorretatik askatuko dituen. Asmo hori gauzatzeko zorren berregituraketa eta ezeztapenerako prozedura sinplifikatua ezarriko dugu, bi fasetan:

  • Bat egite fasea zor-batzorde baten aurrean (lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko zerbitzuen antzekoa), hartzekodunei proposamen bat helarazteko asmoduna.

  • Epailearen aurreko bigarren fase batean epaileak ordainketa-plan bat adostuko du hipoteka-kreditua eta ondasun hipotekatura mugatzetik, «zorra kitatzea» edo «ordainean emateko» aukerak eskainiz. Lehendabizikoarekin zorra ondasun hipotekatuaren moldera doituko da, eta bigarrenarekin, etxebizitza hartzekodunari emango zaio, zorra erabat indargabetzearen truke.

Aurreko prozeduren gauzatzetik eratorritako zorrak indargabetu egingo dira. Prozedura horretan aintzat hartu daitezkeen zorrak mailegu pribatuak zein publikoak izan daitezke (Gizarte Segurantzarekin edo Ogasunarekin), eta baliagarria izango da baita autonomoentzat zein enpresa txikientzat.

Aurrekotik abiatuta, atzeraeraginezko ordainean ematea arautuko da, zeinaren bidez maileguak ezin ordaintzeagatik etxebizitza galdu dutenen pertsonek indarrean dituzten hipoteka-maileguak indargabetuko diren.

64

Enpresa-zorretan pizgarri fiskalak mugatzea

Mugatu egingo ditugu aldi batean enpresa-zorretarako pizgarri fiskalak, palanka-efektu gehiegizkoa geldiarazteko.

65

Zigor benetako eta eraginkorrak Berankortasun Legea betetzen ez dutenen aurka

Zigor benetako eta eraginkorrak ezarriko dizkiegu Berankortasun Legea betetzen ez dutenei. Lege horren arabera, administrazioek hogeita hamar eguneko epea dute, gehienez ere, hornitzaileei ordaintzeko, eta sektore pribatuak hirurogei egun gehienez. Lehiaketa publikoetan azpikontratatutako enpresei ordaindu egin zaiela frogatu beharko da.

66

Enpresa txikiei zuzenduriko laguntza sendotzea, KOIren jarduerak eta etorkizuneko banku publikoa medio

Indartu egingo ditugu enpresa txikien jardunei zuzenduriko laguntzak, Kreditu Ofizialeko Institututik (KOI) eta etorkizuneko banku publikotik, betiere irizpide sozial eta estrategikoei jarraiki. Mailegu eta inbertsio horiek bideratuko dira ezagutzan intentsiboak diren sektoreko start-up moldeko enpresei (suspertzen ari diren enpresei) laguntzeko.

67

Bidezko kuotak autonomoentzat

Gizarte Segurantzarako kuota-sistema portzentajezko eta progresiboak ezarriko ditugu lanbide arteko gutxieneko soldatatik gora fakturatzen duten autonomoentzat, errendimendu gordinaren arabera, bai eta doako alta lanbide arteko gutxieneko soldatatik behera fakturatzen dutenentzat. Langile Autonomoen Erregimen Bereziko eta Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorreko prestazioak parekatzea aztertuko dugu. Kotizazioak hiru hilero ordaintzeko aukera emango dugu, hilero izan ordez, eta soilik aktibitatea hasten den unetik aurrera; informatizatu eta arindu egingo ditugu tramiteak. Halaber, lanaldi partzialeko kotizazio-erregimena garatzeko aukera aztertuko dugu, halako moldez non norbere kasa lanaldi erdiz enplegatzeko aukera izango den.

68

Ekonomia sozialaren eta autonomoen ahotsa elkarrizketa sozialera eramatea

Elkarrizketa sozialeko mahaietara eramango ditugu ekonomia sozialaren eragileak eta autonomoak, batzuek eta besteak ordezkatzen dituzten erakundeak medio, garrantzi handiko erabakietan beren iritziak ere aintzat hartu beharko dira.

69

Erantzukizun mugatuko autonomoaren figura aztertzea

Erantzukizun mugatuko autonomoaren figura aztertuko dugu. Horrenbestez, autonomoek eurek jardunari atxikitzen dituzten ondasunekin soilik erantzun ahal izango diete izan ditzaketen zorrei, eta ez ondare guztiarekin (orain gertatzen den legez).

70

Benetako Bigarren Aukerako Legearen benetako garapena, baita autonomo eta enpresa txiki eta ertainentzat ere

Bigarren aukerako benetako erregimena eta zorrak berregituratu eta kitatzeko prozedura sinplifikatua sustatuko ditugu pertsona fisiko zein juridikoentzat, zeinaren bidez kiebra egoera egiazki gertatuz gero, iraganeko zorretatik aske geratuko diren. Ebazpen-prozedurek aurreko jardunean eragindako zor guztiak hartu beharko dituzte aintzat, baita Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin sorturikoak ere. Halaber, lehiaketa prozesuetan laguntza juridikoa ahalbidetuko dugu, eta judizioz kanpoko bitartekaritza sustatuko.

71

BEZ kutxa irizpidea, unibertsala eta derrigorrezkoa

Irizpide gisa, BEZa unibertsala eta derrigorrezkoa izango da, egungo planteamenduarekin BEZ kutxa ez baitzaie lagungarri enpresa txiki eta ertainei. Izan ere, enpresa handiek baztertu egiten dituzte fakturak ordaindu aurretik BEZaren balioa kentzeko baliatzen duten enpresa txiki eta handiak. Eraginkor bihurtzeko modu bakarra enpresa guztientzat derrigorrezkoa bihurtzea da.

72

Ekonomia soziala sustatzea

Berdintasuneko, jasangarritasuneko eta berrikuntzako irizpideekin bat egiten duten kooperatiba-proiektuei laguntzeko plan bat ezarriko dugu eta, aldi berean, enpresa kooperatibentzat aholkularitza zerbitzu publiko baten sorrera sustatuko dugu. Birmoldatu egingo dugu Kooperatiben Legea, behar bezain malgua bihurtzeko, administrazio-trabak gaindituz, eta figura berriak sortuaz, hala nola enpresa-bultzadako kooperatibak eta zerbitzu publikora zuzendutako kooperatibak. Krisian diren enpresak kooperatiba-talde bilakatu daitezen erraztuko dugu, horretarako aholkularitza estrategikoa eta teknikoa eskainiz, eta langileei langabeziaren ordainsaria ordainketa bakarrean jasotzeko modua eskainiz, horretarako langileek euren enpresan duten jarduna utzi beharrik gabe.

73

Guztion onuraren ekonomia sustatzea

Guztion onurarako ekonomia sustatzeko neurriak hartuko ditugu, besteak beste: guztion onuraren balantzea, etiketa etikoak (produktuen arrasto sozial eta ekologikoa identifikatzeko), eta erosketa publiko eta etikoa. Gainera, kontsumitzaileen artean kontsumo arduratsua sustatzeko politika publikoak bultzatuko ditugu, ekimen hezitzaile eta dibulgaziozkoetatik abiatuta.

74

Lankidetza-ekonomiari laguntza ematea

Lege integrala eta zeharkakoa onartuko dugu, hura arautzeko, eta alde inplikatu guztien interesak eskubideak eta betebeharrak orekatzeko, bereziki Gizarte Segurantzaren eta fiskalitatearen alorretakoak. Halaber, moneta alternatiboen bideragarritasuna onartzeko aukerak aztertuko ditugu (horietako batzuk indarrean dira dagoeneko), lankidetza-ekonomiaren esparruan tokian tokiko salerosketan erabili ahal izateko.

75

Sektore berritzaileetan ekintzailetza sustatzea

Sektore berritzaileetan ekintzaileen sustapenari babesa emango diogu, ekonomia digitalean bereziki, hub (negoziorako zentro txikiak) eta berrikuntza klusterrak sustatuz. Ekintzaile-mintegi eta start-up enpresei lan eta coworking (lankidetzazko lan-eremuak) esparruak baliatzeko aukera emango diegu, hartara ekintzaile txikiei baliabideak partekatzeko, zerbitzu konpartituak eskaintzeko eta berrikuntza deszentralizatua garatzeko aukera emango dien lankidetzarako esparru egokien sare oso bat osatzeraino, betiere herritarren eta sare produktiboaren mesederako. Sektore horietan inbertitzeko funts publikoak bultzatuko ditugu, bai eta interes orokorrerako aplikazio digitalak ekoizteko esparru publikoaren eta pribatuarekin arteko lankidetza. Bestalde, lankidetza-ekonomia arautuko dugu lege-esparru garden bat emateko eta, halaber, administrazioan ere lankidetza-ekonomiaren eta ekonomia digitalaren zerbitzuak sustatuko ditugu.

76

Arrantza-kuota zuzenak eta arduratsuak

Premiazko neurriak hartuko ditugu, arrantzan parte diren guztien artean elkarrizketa benetako eta orekatua zabaltzeko, hartara arrantza-kuotak banatzeko kudeaketan eta irizpideetan gardentasuna hobetzeko helburuz.

Ekoizpenari dagokionean, erantzukizuna eta bideragarritasuna lehenetsiko ditugu, bai eta itsasotik bizi direnekiko irizpide sozialak ere. Harrapaketen banaketa lineal baten alde egingo dugu, itsasontzi eta arrantzale kopuruaren araberakoa eta besterenezina, kuoten banaketarako araudi berriarekin bat. Zigor eta isunen ordainketa arindu egin ahal izango da enpresaren egoeraren arabera. Arau-urraketengatiko zigorrak, funtsean, epe jakin batean arrantza egitera ez ateratzen uztea izango da, betiere urraketaren larritasunaren arabera; horren bidez isunen eraginkortasuna areagotu nahi da, bai eta isunen benetako xedea dirua biltzea den alde egun dagoen susmoa gainditu ere.

77

Nekazaritza-lan egonkorra

Aldatu egingo dugu Nekazaritza Enplegua Sustatzeko Programa (PFEA gaztelaniazko sigletan) landa-eremuan lan egonkor eta jasangarria bermatzea, dela nekazaritza, nekazaritzako elikagaien eta basogintzaren alorretako proiektuetan, dela lurraldea eta landa-guneen paisaia-, natura- eta historia-ondarea zaindu eta babestera zuzendurikoetan ere.

Landa-eremuko udal eta ohi dituzten bezero-sare praktikak eta horrek herritarren artean sortzen duen menpekotasunarekin amaituko dugu, errentak unibertsalizatzen dituen eta gizalanak sinatu beharra mugatzea ahalbidetzen duen Zero Pobrezia programaren bitartez.

Hartara, bereziki zaurgarria den nekazarien kolektiboari duintasuna ziurtatuko dien marko berean arautuko dira diru-laguntzak eta nekazaritza-errentak.

POLITIKA MAKROEKONOMIKOAK EUROPAN: ZERGEN ETA SOLDATEN GAINEKO AUSTERITATEA AMAITU

78

Gizarte Ongizaterako eta Berrikuntza Ekonomikorako Plana egin eta urtero 15.000 milioi euro erabili; planean, errenta bermatua, soldaten hobekuntza eta murrizketen aurreko egoerara (2010aren aurrekora) itzultzea sartuko dira

Gizarte Ongizaterako eta Berrikuntza Ekonomikorako Plana onartuko dugu. Planaren helburuak bi izango dira: alde batetik, Ongizatearen Estatua eta pertsonen arreta zerbitzuekin lotura duten gizarte politikak inplementatzea, eta, beste alde batetik, enplegua sortzeko eta gure ekonomia benetan eraldatzeko inbertsio publikoak gauzatzea. Plan horretarako, legealdiko urte bakoitzean 15.000 milioi euroko aurrekontua erabiliko dugu. Neurri horrekin, legegintzaldi osoan gastu/BPG erlazioa konstante mantendu ahal izango dugu, ehuneko hiru puntu jaitsi beharrean, eta Europarekin bat egingo dugu, eta ez aldendu. Alderdi Popularraren proposamena aurrera aterako balitz, %4 murriztuko bailitzateke.

79

BPGren gaineko diru sarrerak 30.000 eta 40.000 milioi euro artean igotzea lortu

Zerga sistemaren aldaketa progresiboa eta zerga iruzurraren aurkako borroka irmoa egingo dugu, eta legealdiaren lau urteetan BPGren gaineko diru sarreren ehunekoa handitu eta 30.000 eta 40.000 milioi euroren arteko diru sarrerak lortuko ditugu. Horri esker, Europarekiko batez bestekoarekin dugun aldea murriztuko dugu.

80

Defizit publikoa murrizteko egungo egutegia aldatu

Defizit publikoa murrizteko egungo egutegia aldatuko dugu, eta, horretarako, epea luzatuko dugu. Hartara, bi printzipio uztartu ahal izango ditugu: batetik, aurrekontuen egonkortasuna, eta, bestetik, langabezia txikitzea, gizarte premiei aurre egitea eta ekonomia modernizatzea.

81

Lehiakortasun handiagoa izateko soldatak murriztean oinarritutako politika alde batera utzi

Lehiakortasun handiagoa izateko soldatak murriztean oinarritutako politika alde batera utziko dugu, ondorio sozial eta ekonomiko kaltegarriak dituelako. Horrenbestez, azken bi lan erreformak indargabetuko ditugu, eta soldatak hobetzeko eta soldaten eroste ahalmena handitzea eragingo duten neurriak hartuko ditugu. Horrez gain, negoziazio kolektiboaren garrantzia handituko dugu, azken lan erreforman dauden neurriak indargabetuta. Beste neurri hauek ere hartuko ditugu: gutxieneko soldata handitzea eta sektore publikoko soldata murrizketak deuseztatzea.

82

Egonkortasunerako eta Hazkunderako Itunaren eta Zerga Itunaren erreforma sakona sustatu

Egonkortasunerako eta Hazkunderako Itunaren erreforma sakona sustatuko dugu, egiturazko aurrekontu oreka helburu ez izateko eta zorrarekin eta defizitarekin lotutako helburuak malgutzeko. Horri esker, herrialde bakoitzaren premiei hobeto egokitzea lortuko dugu. Horretarako, benetako zerga politika europarra jarriko dugu abian: aurrekontu komuna izango dugu, eta aurrekontuan aintzat hartuko ditugu herrialde bakoitzaren egoera ziklikoaren arabera baliabideak herrialde batetik bestera transferitzeko mekanismoak. Halaber, eurobonoak atera eta zerga batzuk gehiago berdinduko ditugu; batez ere, sozietateen zerga.

83

Inbertsio publikoa egokia dela bermatu

Inbertsio publikoa egokia dela bermatuko dugu, bai estatuan (horretarako, «urrezko arau» baten bidez, inbertsioa defizitaren zenbatekoan ez sartzea lortuko dugu), bai Europan (horretarako, Inbertsio Estrategikoetarako Funtsaren kopurua Europar Batasuneko urteroko aurrekontuaren % 1etik % 5era handitu beharko da).

84

Europako Banku Zentralaren estatutuen erreformaren sustatu

Europako Banku Zentralaren (EBZ) estatutuen erreforma sustatuko dugu, erakundearen helburuen artean bi hauek sartzeko: jarduera ekonomikoa egokia izatea eta enplegua sortzea. Horren bidez, helburu hauek lortu nahi ditugu: EBZ ere modu koordinatuan politika ekonomikoa ezartzen duten erakundeen artean sartzea, eta benetako kontrol demokratikoa izatea. Gainera, EBZk zerga autoritateen mailegu emaile izateko aukera izango du.

85

Europako erakundeen erreforma sustatu, eurogunean erabaki politikoak eta ekonomikoak hartzeko moduak demokratizatzeko

Europako erakundeen erreforma sustatuko dugu, eurogunean erabaki politikoak eta ekonomikoak hartzeko moduak demokratizatzeko. Euroguneko gobernu ekonomikoa —Eurotaldea— ez dago derrigortuta herritarrek zuzenean aukeratutako inongo erakunderen aurrean kontuak ematera, ezta Europako Parlamentuaren aurrean ere. Hortaz, eurogunean legebiltzar bat sortzea bultzatuko dugu, eta, bertan, herrialdeetako legebiltzarretako ordezkariek izango dute ordezkaritza, eta ordezkaritza hori lurralde eta biztanle irizpideen araberakoa izango da. Gainera, legebiltzar hori, Europako Parlamentuak ez bezala, legegilea izango da, eta kontrol politikoa egiteko eskumena izango du.

86

Zorrari buruzko biltzar europar bat deitu, euroguneko zor publikoen berregituratze koordinatua eztabaidatzeko

Zirkulazioan dauden zor europarren epe mugak luzatzea proposatuko dugu, bonu truke baten bidez: titulu zaharren truke betiko balioa izango duten titulu berriak lortu ahal izango dira. EBZk arduratu beharko du titulu zaharrak balio nominalarekin erosteaz eta titulu zaharren truke berriak emateaz; betiere, interesa % 0 izanik eta balantzean betiko mantentzeko konpromisoa hartuta. EBZk euroguneko ekonomietako zor publikoak berregituratu beharko ditu, baldin eta zorrak BPGren % 60 baino handiagoak badira.

87

Europa osoan pobrezia eta haur bazterketa amaitzeko plan bat berehala martxan jarri

Europako lurralde osoan pobrezia eta haur bazterketa amaitzeko plan bat berehala jarriko dugu martxan. Horretarako, Europako Gutun Soziala zorrotz ezarri nahi dugu, eta etxebizitza sozialetarako programa bat jarriko dugu abian. Horren baitan, neurri hauek hartuko ditugu: Europar Batasun osoan debekatuta egotea lehenengo etxebizitzatik pertsonak botatzea, Europar Batasun osoan denok osasun publikorako eskubidea izatea bermatuko duen Europako osasun gutuna izatea, eta hezkuntzan eta kulturan Europako gunea indartzea.

88

Langabezia aseguru komun bat garatu, sistema nazionaletakoen osagarri izateko, krisia sortzen denean orekatzaile automatikoa izan dadin

Langabezia aseguru komun bat garatuko dugu, sistema nazionaletakoen osagarri izateko, eta krisia sortzen denean orekatzaile automatikoa izan dadin. Horrekin bat, langile europarrek «eskubideak batetik bestera eramatea» bermatu beharko du.

89

«Eurotalde Sozial» bat eratu

«Eurotalde Sozial» bat eratuko dugu, eta bertan parte hartuko dute enplegu eta gizarte Gaietako ministroek. Eurotaldeak desoreka sozialak gainbegiratu eta euroguneko lan politikak koordinatuko dituzte.

90

Lan egiteko eskubideek eta enplegua sortzeak lehentasuna izatea

Politika ekonomikoaren bestelako helburuen gainetik, enplegua sortzea izango da lehentasuna. Horretarako, Konstituzioko 40.1 artikulua betetzea bultzatuko dugu. Hau dio artikuluak: “Botere publikoek zera eraginduko dute, alegia, aurreramendu sozial eta ekonomikorako baldintza lagungarriak eta herrialde errenta

eta pertsonaleko banaketa egokiagoa, oreka ekonomiko politikoaren

esparruan. Era bereziz, irabazpide osora gidaturiko politika baten alde

jokatuko du”. Helburu hori betetze aldera, zerga politika espantsiboa ezarriko dugu. Zerga politika horren arabera, hurrengo legealdiko urte bakoitzean 15.000 milioi euroko inbertsioa egingo dugu, eta gutxieneko helburua izango da krisiaren aurreko enplegu egoerara itzultzea.

91

Lanbide arteko gutxieneko soldata pixkanaka handitu, 2018ko urtarrilean hilabeteko 800 euroko 14 ordainketatara iritsi arte

Pixkanaka lanbide arteko gutxieneko soldata handituko dugu (LGS), legealdiaren amaierako bi urteetan hilabeteko 800 euroko 14 ordainketatara heldu arte. Horren ondoren, Europako Gutun Sozialak ezartzen duen batez besteko soldataren % 60rekiko konbergentzia bermatuko dugu. Hartara, legealdiaren amaieran soldata hori hilabeteko 950 eurokoa izango da gutxienez.

92

Lan araudia erabat bete

Lan araudia erabat betetzea bermatuko dugu, eta kontratazio iruzurra murriztuko dugu, batez ere, aldi baterako kontratuetan. Horretarako, lan ikuskaritzari baliabide eta eskumen gehiago emango dizkiogu, eta langileen ordezkariei inplikazio handiagoa izateko aukera emango diegu.

93

Negoziazio kolektiboa orekatu

Negoziazio kolektiboa orekatuko dugu, eta, horretarako, oinarrizko eskubideak onartzeko garaian enpresakoen hitzarmenen aurretik lan hitzarmen sektorialek izango dute lehentasuna, eta lan hitzarmen kolektiboetan soldata erregimena ez aplikatzeko klausulen gaineko araudia aldatuko dugu. Halaber, enpresa taldea negoziazio unitatetzat hartuko dugu; hau da, enpresa nagusiaren mendekotasun maila handia duten enpresak multzokatu egingo ditugu, ekoizpen prozesu berean parte hartzen baitute. Gainera, lan hitzarmenen iraupenak eta luzapenak beste modu batean arautuko ditugu, langileen ordezkariek kontratuzko botererik ez galtzeko.

Enpresan ordezkaritza sistemak eraginkorragoak izateko, ordezkaritza bateraturik ez duten enpresak eta lantokiak ere ordezkatuta egongo dira, enpresa talde berean lan egiten duten pertsona guztiak ordezkatu ahal izateko ordezkaritza sistema lortu arte.

Azkenik, auto-babes printzipioaren bidez, greba egiteko eskubiderako bermeak indartuko ditugu, eta Kode Penalean eskubide hori egikaritzearekin lotutako eduki espezifikoak kenduko ditugu. Horri esker, greban parte hartzea erabakitzen duten pertsonentzat berme sistema bat arautuko dugu.

94

Lan esparru berria

Aldi baterako eta lanaldi partzialeko kontratazioaren gaineko araudia aldatuko dugu, helburu hauek betetzeko:

  • Lan edo zerbitzu jakinetako kontratuak kontratu mugagabe izango dira, baldin eta urte bete baino gehiago irauten badute, edo epe horretan kontratuak bata bestearen segidan egiten badira.

  • Denbora partzialeko aldiko baterako kontratuak kontratu iraunkor eten izango dira, deitzeko bermearekin.

  • Denbora partzialeko kontratuek printzipio hau hartu beharko dute aintzat: kontratuari lotutako helburuak betetzeko kausalitate printzipioa, eta asteko lan egunen kopurua. Horrez gain, gutxienez lanaldiaren %50 bete beharko dute.

Gaur egun, denbora partzialeko lan bat egiten duten pertsonen %76 emakumezkoak dira, eta denbora partzialean lan egiten duten emakumezkoen % 60,8k ez du hala lan egin nahi. Lan eredu hori deuseztatu behar dugu, eta enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzea bermatu behar dugu.

95

Aparteko orduen gaineko araudi berria sustatu, orain artekoak lanaldiaren banaketa modu desegokian egiteko aukera ematen baitu

Aparteko orduen gaineko araudi berria sustatuko dugu, orain artekoak aukera ematen baitu lanaldiaren banaketa modu desegokian egiteko eta lan eguna iruzurren bidez luzatzeko.

Araudi berriak helburu hauek izango ditu:

  • Aparteko orduen neurriz kanpoko erabilera debekatzea.

  • Egiturazko aparteko orduak ez sustatzea.

  • Aparteko orduak kobratu ahal izateko legezko mekanismoak eskaintzea langileei

96

Kaleratzearen erreforma

  • Bidegabeko kaleratzeetan, langileari aukeraren titulartasuna emango diogu.

  • Lege iruzurraren bidez egindako kaleratzea baliorik gabe uzten zuen araudia berreskuratuko dugu.

  • Arrazoi ekonomikoengatik, produktiboengatik, teknikoengatik eta antolaketa arrazoiengatik dauden kaleratzeen gaineko araudia aldatuko dugu, eta enplegu erregulazioko espedienteetan gobernuak derrigorrez oniritzia ematea ezarriko dugu, negoziazio prozesuak eraginkorrak izateko bermea ezartzearekin bat.

97

Enpresen barneko malgutasun mekanismoak sustatu

Eskariak eta jarduera ekonomikoak aldatzen direnean enpresek barne malgutasuna izatea sustatuko dugu, enpleguak galtzea eta soldatak doitzea dakartelako.

Halaber, barne malgutasunarekin lotutako mekanismoak legez sustatuko ditugu (egon badaude, baina gutxitan erabiltzen dira), lanaldia murriztuz. Eta lanaldia murrizteak soldata jaitsiera ez ekartzeko, alemaniarraren antzeko doitze mekanismo bat bultzatuko dugu, lanaldia murrizteak dakarren soldata txikitzea Estatuak osatu behar izateko.

98

Genero berdintasunerantz lan merkatuan: jaiotza edo adopzio baimenen sistema aldatu

Lan merkatuan aurrerapausoak emango ditugu genero berdintasunerantz, jaiotza edo adopzio baimenen sistema aldatuko baitugu. Bestalde, egutegi berri bat jarriko dugu indarrean, aitatasun baimena amatasun baimenaren parera iristeko. Eskubide berdintasun eraginkorra izateko, baimenak baldintza hauek bete beharko ditu:

  • Baimena berdin-berdina eta besterenezina izango da guraso guztientzat, gainerako lan eta gizarte eskubide guztiak bezala.

  • Soldataren %100 ordaindu beharko da.

  • Amatasun eta aitatasun eskubideak egikaritzean, lanpostua ez galtzeko eskubide berdina izango dute gurasoek.

Gainera, kontratazioetan, lanpostu igoeretan eta ordainketetan izaten diren diskriminazioak debekatzeko, lan ikuskatzaileei eta Gizarte Segurantzari eskumen gehiago emango dizkiegu. Enpresetako berdintasun planen segimendua eta kontrola egiteko estatuko batzorde bat eratuko dugu, diskriminazioak ezabatzeko proposamenak egiteko ahalmena izango duena, eta lan jazarpenaren aurkako borrokaren segimendua egiteko estatuko batzorde bat ere eratuko da.

Soldatetan generoen arteko soldata desberdintasunak kenduko ditugu; izan ere, gaur egun % 19koa da estatuan.

99

Langileek parte hartze handiagoa izatea enpresen kudeaketan

Ehun langile baino gehiagoko enpresetan, langileek enpresaren kudeaketan parte hartze handiagoa izatea sustatuko dugu. Horretarako, Langileen Estatuan ezarritako informazio eta kontsulta prozedurak indartuko ditugu, eta Alemanian dauden zainketa batzordeen sistemaren antzeko sistema bat jarriko dugu. Gainera, langileek enpresetan parte hartze finantzarioa izateko lege bat sustatuko dugu. Enpresek borondatearen arabera parte hartuko dute. Horri esker, Europako herri batzuetan langileek parte hartzeko dituzten esperientzia onenetako batzuk ekarriko ditugu.

100

Lan harreman paralaboralak aldatu edo erregularizatu

Lan harreman paralaboralak erreformatu edo erregularizatuko ditugu. Horretarako, mota guztietako praktikak praktika kontratu edo prestakuntzarako kontratu bihurtuko ditugu, ekintzaileentzako kontratua kenduko dugu, eta Lan Estatutuan ekonomikoki menpeko lan autonomoaren figura sartuko dugu.

101

Errenta Bermatua

Errenta diferentzialeko programa bat sortuko dugu (pertsonak dituen diru sarreren osagarria), diru pobreziaren mugaren azpitik dauden etxebizitza guztietan eragiteko. Horretarako, handiagotu egingo dugu bizikidetzako unitatean integratutako pertsona baliokideko oinarrizko prestazioaren zenbatekoa. Kide bakarreko bizikidetzako unitateentzat, hileko 600 eurokoa izango da hasierako kopurua, eta kopuru hori kideen kopuruaren arabera handituko da (errenta bermatuaren %35 gehiago bigarren kideagatik, eta, hortik aurrera, % 20 kide bakoitzagatik). 1.290 euro izango da gehieneko kopurua. Planak muga horren azpitik dauden gizarte prestazio guztiak osatuko ditu.

102

Errenta Osagarriko Programa

Diru sarrera eskasak dituzten langileek diru osagarri bat izango dute, «pobreziaren tranpak» dakarren diskriminazioa ezabatzeko, eta langile horiek ongizate maila egokietara iristen direla bermatzeko. Lanean ari direnei edo enplegua aurkitzean Errenta Osagarriaren onuradun direnei ez zaie bat-batean kenduko errenta osagarria: soldata handitu ahala pixkanaka kenduko zaie. Horri esker, langile horiek hileko 900 euro izango lukete gutxienez, eta kopuru hori handiagoa izango da bizikidetzako unitateko kideak gehiago badira. Iruzurrik gerta ez dadin, 250 eurotik gorako diru sarrerak dituztenei bakarrik emango zaie osagarria.

103

Irtenbide osagarriak, gizarte larrialdiko egoerei erantzuteko

Gizarte larrialdiko egoerei erantzuteko, irtenbide osagarri batzuk jarriko ditugu abian. Honako hauek izango dira gizarte larrialdiak: etxe kaleratzeak, etxebizitza izateko eta etxebizitzaren mantenuko gastuak, pobrezia energetikoa, etxebizitza bat duin mantentzeko beharrezko gastuak, pobrezia arriskuan dauden kolektiboak eta abar.

104

Osasuna, hezkuntza eta pertsonen zainketako finantziazio murrizketak leheneratu, 2018ko martxorako krisia baino lehen zeuden mailetara iristeko

Osasuna, hezkuntza eta pertsonen zainketako finantziazio murrizketak leheneratuko ditugu, legealdiaren lehenengo bi urteetan krisiaren aurreko mailara iristeko. Une horretatik aurrera, biztanleko gastua handituko dugu. Horretarako, konbergentzia prozesu bat bultzatuko dugu, eta biztanleko benetako gastuko diferentzia EB15eko batez bestekoarekiko %10 murriztuko dugu, gure Ongizate Estatua indartzeko eta zabaltzeko.

105

Mendekotasunaren arretarako zerbitzu publikoek erabateko autonomia funtzionala emateko eskubidea unibertsalizatu

Mendekotasunaren arretarako zerbitzu publikoek erabateko autonomia funtzionala emateko eskubidea unibertsalizatuko dugu, plana modu mailakatuan ezarriz. Gainera, etxeko langileen lan baldintza gainerako langileenarekin parekatuko dugu.

106

Denbora partzialeko enpleguari hobari guztiak kendu eta asteko gehienez 35 orduko lanaldia jartzeko aurrerapausoak eman

Denbora partzialeko enpleguari hobari guztiak kenduko dizkiogu, eta asteko gehienez 35 orduko lanaldia jartzeko aurrerapausoak emango ditugu. Neurri horiei esker, pertsona batzuek (batez ere, gizonezkoek) jasan behar izaten duten dualtasuna gaindituko dugu. Izan ere, pertsona horiek lanaldi amaiezinak izaten dituzte, eta horren ondorioz ezin dituzte zaintzak planifikatu, eta, beste aldetik, aldi baterako denbora partzialeko enplegu ezegonkorra, azpi-enplegua eta baldintza onetan lanera berriro itzultzea eragozten duten etenaldiak edo eskubide sozialen galerak daude (emakumezkoentzat bereziki).

107

Generoen arteko soldata etenaren aurkako borroka

Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko ordainsarien desberdintasunaren aurkako neurriak hartuko ditugu. Neurri horiei esker, lan merkatura heltzeko orduan emakumezkoek aurkitzen dituzten eragozpenei aurre egin ahal izango diete, bai besteren kontura aritzen direnean, bai norberaren kontura aritzen direnean. Bereziki administrazio kontseiluetan emakumeen parte hartzea sustatzeko neurriak ezarriko ditugu. Neurriak duela gutxi gure inguruko beste herri batzuetan (Frantzia eta Alemania) ezarritakoen antzekoak izango dira.

108

65 urterekin erretiroa hartzea eta erosteko ahalmenaren galeraren aurkako borroka

PSOEren Gobernuak 2010ean onartu zuen erretiroen erreforma indargabetuko dugu, eta erretiro adina 65 urtekoa izatea jarriko da berriro indarrean. PPk 2014an onartutako erretiroen erreforma ere indargabetuko dugu. Hori dela eta, erretiroen indexazioa kontsumoko prezioen indizera (KPI) egokituko dugu, lehen egiten zen bezala. Beraz, pentsiodunari bere ziklo osoan bere pentsioaren eroste ahalmena zein izango den bermatuko zaio. Horretarako 23/2013 Legea indargabetuko da, abenduaren 23koa, Gizarte Segurantzako pentsio sistemaren iraunkortasun faktoreko eta errebalorizazioko indizeko erregulatzailea.

109

Pentsio sistemaren iraunkortasuna bermatzeko konpromisoa, zerga bidean oinarritutako finantziazioa mailaka sartuz

Pentsio sistemaren iraunkortasuna bermatuko dugu, zerga bidean oinarritutako finantziazioa mailaka sartuz. Horren bidez, alde batetik, heriotza eta biziraupen pentsioak ordainduko dira (alarguntza, zurztasuna, senideen aldekoa), gaur egun Gizarte Segurantzaren kontura ordaintzen direnak. Beste alde batetik, ordaindutakoaren araberako pentsioen kasuan, sisteman sartzen diren pentsiodun taldeen bizi itxaropena handiagoa denez gastua handitu egiten da, eta hori ere gehikuntza horren bidez ordainduko da.

110

Afiliazio berrientzat kotizazio erregimen bereziak berrikusi eta mailaka ezabatu

Erregimen bereziak indargabetuko ditugu lehenbiziko aldiz Gizarte Segurantzan sartzen diren langile guztientzat, lanaren izaeragatik justifikatutakoak salbu.

111

Izaera publikoko aurreikuspen kolektiboek izango dute lehentasuna banakakoaren aurreikuspenen aurretik

Izaera publikoko aurreikuspen kolektiboek izango dute lehentasuna banakakoaren aurreikuspenen aurrean, eta banakako aurreikuspen osagarrirako zerga hobariak ezabatuko ditugu, adibidez, pentsio plan pribatuenak.

112

Kotizazio gabeko pentsioak handitu

Legealdiko lau urteetan kotizaziorik gabeko pentsioak mailaka handitzea posible egingo duen estrategia bat diseinatuko dugu.

113

Soldata handienen kotizazioei gehieneko muga ezabatu

Soldata handienen kotizazioei gehieneko muga ezabatuko diegu, gehieneko pentsioa antzeko proportzioan handitu beharrik gabe.

114

Osasun txartela guztiontzat

Osasun sistemaren izaera unibertsala blindatzera bideratutako lege-aldaketa eramango dugu aurrera. Horrela, gure osasun-sistemak giza eskubideak errespetatuko dituela bermatuko dugu:

  • Osasun-estaldura unibertsala: osasun-txartelerako eskubidea pertsona guztiontzat, baita etorkin edo naziotasun espainiarreko migratzaileentzat ere, une honetan atzerriratu eta 90 egunen ondoren osasun-estaldura unibertsala galtzen baitute.

  • Apirilaren 20ko 2012/16 Errege dekretua indargabetzea, Estatuko Osasun Sistemaren iraupena bermatzeko premiazko neurriak hartzen zituena, alegia. Izan ere, horren bidez suntsitu zen osasun-laguntzaren unibertsaltasuna.

115

Osasun alorreko aurrekontu publikoan beste 8.800 miloi euro sartzea

Azken legealdian egindako osasun-gastuen murrizketen aurrean, osasun-gastura zuzendutako urteko aurrekontua berehala itzuliko dugu 2012tik aurreko mailara, lehen legealdi-urtean zehar.

116

Finantzatutako botiken kopurua handitzea

Osasun-sistemak finantzatutako botiken kopurua aztertu eta ebaluatuko dugu, eta horren arabera zabalduko da lagundutako botiken kopurua.

117

Botika-preskripzio arduratsua: dosiak eman, ez kutxak

Sistema publikoan medikamentuak agintzeko eta emateko eredua pixkanaka aldatuko duen estatu-plan bat diseinatuko dugu. Laborategiekin batera negoziazioak hasiko ditugu, paketeak egiteko (monodosiak eta beste batzuk) eta medikamentua emateko mekanismoak birmoldatzeko. Hartara, toki baimendu guztietan tratamendu bakoitzean beharrezko dosiak bakarrik agindu eta eman ahal izango da.

118

Errezeta elektronikoak guztiontzat: profesionalen denbora eta guztion dirua aurreztuko dugu

Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluaren ekimenez, plataforma bat diseinatuko dugu. Plataforma horri esker errezeta elektronikoak jadanik ezarrita dauzkaten autonomia erkidego guztietan ezagutuko ditu errezetak. Eta orobat, oraindik errezeta elektronikoa ez duten autonomia erkidegoetan hura ezartzeko proposamen bat landuko dugu.

119

Kutsatzailerik gabeko elikagaiak: bisfenol A-ren erabilera debekatzea

Produktu kutsatzaileak elikaduratik erauzteko politika aktibo bat gauzatuko dugu. Zentzu horretan, elikagaiak edo edariak ukitu ditzakeen edozein motatako gairen fabrikazioan bisfenol A-ren (BPA) erabilera debekatuko dugu (plastikozko ontziak, latak, biberoiak, eta abar). Horretarako, Frantzian 2012an garatutakoaren antzeko legeria diseinatuko dugu.

120

Norberaren Bizitzaren inguruko erabakiak Libreki hartzeko Legea

Norberaren bizitzari buruzko erabakiak libreki hartzea eta horren inguruko esparrua arautzea ahalbidetuko duen lege bat onartuko dugu. Bide batez, Zigor Kodeko 143. artikuluko 4. atala indargabetuko dugu.

Eztabaida zintzoa sustatuko dugu herritarren eta osasun profesionalen artean gai hauen inguruan: bizitzaren azken uneei buruzko erabakiak norberak hartzeko autonomia-maila, bizi-testamentua eta heriotza duina.

121

Medikamentuak: I+G+B eta gardentasuna

Medikamentu-esparruko berrikuntza azpimarratzera bideratutako estatu-estrategia bat hasiko dugu. Osasunerako eskubideen babes-irizpideek eta gaixo eta gaixotasunen estaldura unibertsalak gidatzen dute estrategia hau.

I+G+B-ra bideratutako zerga-laguntzaren bidez finantziazio publikoa jasotzen duten laborategiek erregistratutako patenteek salneurri justuak izateko mekanismoak indarrean jartzeko egingo dugu lan. Akordioak egingo ditugu laborategiekin mundu-merkatuan medikamentuen salneurrien espekulazioa desagerrarazteko asmoz.

122

IKTak osasunaren zerbitzuan: estatuko plataforma digital bat historia klinikoak eskura izateko

Osasun Sistema Nazionaleko Lurralde arteko Kontseiluaren ekimenez, gaixoen historia klinikoak osasun-sistemako edozein erabiltzaile baimenduk eskura izatea erraztuko duen plataforma digitala dinamizatuko dugu. Informazio eta komunikazio teknologiei esker (IKT) historia klinikoak eskura izateak, gaixoentzat osasun bermea izateaz gain, sistema osoak dirua aurrezteko aukera emango du, behar ez diren probak bikoiztea saihestuko duelako.

123

Osasuna: politika publiko guztietarako zeharkako ikuspegia

Estatu mailako jarduera duen ildo nagusi bat landuko dugu, osasuna politika publiko guztietan zeharkako kontutzat barneratzera bideratua: enplegua, etxebizitza, elikadura, azpiegiturak, hezkuntza, justizia, haurtzaroa, eta abar. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) proposamenak eta estrategiak hartuko ditugu, osasunaren determinatzaile sozialen gainean modu integralean aritzeko.

124

Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza (I+G+B): osasun eta generoaren arloetan ikerketa eta jarduera ildoak indartu

Osasun eta generoaren arloetan azterketa eta ikerketa ildoak eratzeko laguntza emango dugu. Horretarako, generoaren bitartekotza osasunean eta gaixotasunean identifikatzeko orientatutako ikerketa ildoak garatuko ditugu, baita ikerketa horietatik ondorioztatzen diren konklusio nagusiak osasun sistemara eramaten dituzten mekanismoak ere.

125

Osasun Teknologien Ebaluazio (OTE) Sarea: jendearentzako osasun handiagoa ematen duten programen ebaluazioa

Osasun Teknologien Ebaluazio (OTE) Sareak eta Osasun Sistema Nazionalaren prestazioek onartutako erantzukizuna handituko dugu, osasunaren alorreko politika publikoen ebaluazioari buruzko informazio guztia biltzeko, araupetzeko eta argitaratzeko.

126

Erregimen mota bakarra guztiontzat: Gizarte Segurantza

Konbergentzia prozesu mailakatua abiaraziko dugu Gizarte Segurantzan dauden askotariko erregimen berezien artean. Prestazio Zorroa homogeneizatzea bultzatuko dugu funtzionario guztientzat.

127

Osasun sistemaren Gardentasun Legea

Profesionalen eta hiritarren parte hartzea bultzatuko duen Osasun Sistemako Gardentasun Legea onartuko dugu, baliabideen kudeaketan eta kontratazio prozesuetan gardentasuna behartzeko, osasunari buruzko politika publikoak ebaluatzeko eta kontuak emateko mekanismoak sor ditzan.

128

«Zeliakoen Lege» baten onarpena

Zientzia medikuaren aurrerapenaren aldean zaharkituta geratu den legeria berritzeko asmoz, eta, zeliakoek Konstituzioak bermatzen dituen oinarrizko elikagaiak lortzeko zailtasunak dituztenez, «Zeliakoen Lege» berri bat ateratzeari ekingo diogu.

Zeliakoek eta diabetikoak bezala, tratamendu eraginkorra duten gaixotasunak jasaten dituzten pertsonen lan eta hezkuntza diskriminazioa borrokatuko dugu, esparru publiko eta pribatuan.

«Zeliakoen Legea» printzipio hauetan oinarrituko da:

Zeliakoen gaitzaren arloan zerikusia duten ikerketa, prebentzio, sustapen eta tratamenduak.

Glutenik gabeko elikagai zerrenda sortu eta argitaratzea, kudeaketa publikoa izango duena, klientelismoa eta espekulazioak saihesteko. Elikagaiak eta hauek ezagutarazten dituen publizitatearen identifikazioa Osasun Ministerioak kontrolatutako zigiluaren bitartez egingo da, bere jatorri publikoa zehaztuz bertan.

Gobernuak biztanleriaren elikagai sustapenerako zuzendutako akzio guztietan glutenik gabeko aukerak sartu.

Esku-hartze sozio-sanitarioen estrategiak optimizatu, gaixotasun zeliakoaren

diagnostiko eta tratamendu goiztiarra, eta gaixoaren segimendu aproposa

bermatzeko.

Praktika klinikoaren jardunbide egokien gida egitea, osasun langileen artean argitaratua eta banatua, urtero berrikusi eta eguneratuko dena.

Glutenik gabeko elikagaien elaborazio eta salmentarako jatetxe, taberna eta okindegien sustapen eta promozioa.

Derrigorrezko eskolatze adina duten haurrei aldizkako azterketak egin zeliakia antzemateko.

Azkenik, zeliakoentzat hainbat laguntza zuzen aztertuko ditugu, edozein adina dutela ere, herritar taldearen arabera (familia ugari, langabe eta sorospen asistentzi maila hartzaileak, erretirodun, minusbaliatu, gizartetik baztertze arriskuan dauden pertsonak) eta Osasun Ministerioak erabakitako arauen arabera.

129

Etxe-gabetzeen amaiera eta etxe hutsen erabilera despenalizatu

Lege organikoa sustatuko dugu, bizilekuaren ezin bortxatuzko eskubidearen babeserako eta, beste bizileku bat izateko aukera ez izanda ere, indarrez egindako etxe-gabetzeak galarazteko. Hortaz, ezingo dira inolaz ere ez egoera ahulean dauden pertsonen utzarazte edo etxe-gabetzeak egin, bai alokairua ez ordaintzeagatik edo, etxebizitza faltak eraginda, estutasunezko okupazioetan ere, administrazio eskuduna nonbait ostatu hartzea berma dezan arte. Bizilekuaren ezin bortxatuzko eskubidearen murrizketa gertatu daitezkeen kasuetan prozesu judizial bermatzaileen antolaketan arituko gara. Hutsik eta bertan behera uzte egoeran dauden etxebizitzen erabilera despenalizatzea bultzatuko dugu.

130

Ordainean etxea emateko eskubidea

Hipoteka zordunaren erantzukizuna hipotekatutako ondasunari mugatu.

Ordainean emateko eskubideak atzeraeraginezko izaera izango du

131

Oinarrizko hornidurak bermatzea

Etxebizitza egokia eta aukerakoa izateko eskubide horren barne oinarrizko hornidurak eskura izatea bermatuko dugu. Horrela izan dadila errazteko, hau proposatzen dugu:

Hornidura kontratatzeko eskubidea eskuratzeko nahikoa izango da erroldatuta egotea.

Egoera ahulean dauden pertsona eta familiei ezin izango zaie moztu ura, argia eta gasaren hornidura.

Aipaturiko egoeran dauden familien oinarrizko horniduren ordainketa familia unitatearen erosteko ahalmenaren arabera egingo da, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) estandarrak errespetatuz beti ere.

Eskubide hori bermatzeak dakartzan gastuak eta ahulezia egoeran dauden pertsonek ezin dituztenean metatutako zorrak ordaindu, enpresa hornitzaileek bere gain hartuko dituzte gastuok, legeak ezarritako erantzukizun sozial korporatiboaren estandarrekin bat eginik.

Gainera, enpresa hornitzaile publiko bat sortzeko aukera aztertuko dugu.

132

Alokairu egonkor eta eskuragarria

Hiri Errentamenduaren, azaroaren 24ko 29/1994 Legearen erreforma sustatuko dugu, alokairu egonkor eta eskuragarria errazteko:

Alokairua araupetu egingo da, errentamendu kontratuetan jeneralean alde ahulena babesteko, hau da, maizterra.

Errentaren egonkortasuna segurtatzeko mekanismoak sartuko dira, ohiko etxebizitzaren alokairuaren luzapenerako gutxieneko epea bost urte arte luzatuz.

Errentaria bereziki ahulenak diren kolektibo baten partaide denean, eta errentatzailea etxebizitzen jabe handia denean (alegia, gutxienez hamar etxebizitzaren jabe), automatikoki egingo da errentamendu kontratuaren luzapena.

Fede oneko zordunei eta haien familia unitateei alokairu soziala bermatuko zaie, hipoteka exekutatzeko prozesuan ohiko etxebizitza eta etxebizitza bakarra eman edo galdu ondoren eta beste bizileku bat izateko aukerarik ez izatekotan. Etxebizitza edukitzaile handiak izango dira alokairu sozial honen berme emaileak, bereziki finantza erakundeak eta higiezinen filialak, putre funts eta kudeaketa aktiboen erakundeak (banku berregituratze eta higiezin entitateetatik datozenak barne), zeinen esku dituzten solairu hutsekin alokairu sozialean etxebizitzen parke publikoa sortuko da, Administrazioak legearen bitartez prozesu hau araupetutakoan.

Halaber, alokairu sozialaren kontzeptua legez arautuko da, familia errenta (oinarrizko hornidurak barne) ezin izango du % 30 gainditu. Bestetik, kontuan izango da familia unitatearen familia kopuru mugaketa ere, zenbatekoa atalase jasangarrira murrizteko.

Errentamendu utzarazpen prozedura aldatzea, maizterren defentsarako eskubidea bermatzeko.

133

Babes eta froga bermeak hipoteka exekutatzeko prozeduran

Hipoteka zordunaren babeserako hipoteka exekutatzeko prozedura aldatuko dugu babes eta froga baliabide guztiak bermatzeko, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak eman duen epaia betetzeko (besteak beste, C-415/11 gaia, Mohamed Aziz Catalunya Caixaren aurka, 2013ko martxoaren 14an epaitua; eta C-169/14 gaia, Sánchez Morcillo BBVAren aurka, 2014ko uztailaren 17an epaitua) Europar Batasuneko 93/13 Direktiba ez betetzearekin amaitzeko, hots, kontsumitzaileekin egindako kontratuetako abusuzko klausulez eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 47. Artikuluaz, baita Ekonomia, gizarte eta kultura eskubideen Nazioarteko Itunaren hautazko protokoloarekin ere.

134

Etxebizitza Eskubidearen, abenduaren 28ko, 18/2007 Legearen erreforma

Etxebizitzaren planifikazio kontzeptu berri bat proposatzen dugu bi berritasun handirekin: etxebizitza pribatuari eragiten dio eta, sustapen, kontu-hartzailetza eta merkatu kontrol neurriak ezartzen dira.

Etxebizitza kontuetan programazioan arauak ezartzeko kontzertu instituzionala sortu.

Estatua, autonomia erkidego, udalerri, etxebizitza publiko, hirugarren sektore, maizterrak eta abarren ordezkaritzarekin Hitzarmen Mahai bat antolatu.

Alokairuzko etxebizitzen parke publikoaren pribatizazioa debekatu.

Alokairu sozialeko parke publikoaren eratzerako (kobratze eta kontserbazio berma) Etxebizitzen Administrazio Publikora jabeen usufruktua lagatzea sustatzen duten figura juridikoak sortu.

Hamar etxebizitza baino gehiago dituzten edukitzaileen aldetik etxebizitzaren funtzio soziala ez betetze kasuan zehapen prozedura zehaztu, bertan behera uzte egoerentzat astungarri bereziarekin, hiri eta bizikidetza eskubidearentzat dakarren kalteagatik. Kasu larrietarako, prozedurak derrigorrez ematea jasotzen du.

Etxebizitza hutsen edukitzaileei gain-zerga ezarri.

Alokairu eskuragarrian erabiltzeko moduan dauden etxebizitzen ehunekoa kalkulatu.

Estatu, banku eta funtsen arteko negoziazio esparrua eratu, bertan, bankuen erreskaterako erabilitako milaka milioi euroen kostuen nolabaiteko ordainetan, alokairu eskuragarri eta sozialeko etxebizitza parkea sortu dadila exijituz.

Erabilera lagatze, usufruktu edo alokairu kooperatiba bezalako edukitze modu berriak onartu eta bultzatu.

Profesional berriak eta kudeaketa eredu berriak eragin, etxebizitza publikoari bultzada berria eman eta premia biziko ondasun honen gainean ekonomia soziala sortu, etxebizitzaren zerbitzura dauden entitate publikoak babestu, sendotu edo sortzeko (kasuen arabera) aukera emanez; erabilera lagatzeko erregimenean dauden etxebizitza kooperatibak; enpresa pribatuak, profesionalak, irabazi asmorik gabekoa edo irabazteko asmo mugatuarekin etxebizitza eskuragarria kudeatzen dutenak politika publikoekin bat, nahiz eta bere independentzia bermatuta egon; eta lehenago aipatutako entitate mota, baina alokairu soziala kudeatzen dutenak (eta, horregatik, laguntza publiko gehiago behar izango / jasoko dute jarduteko).

Maizter elkarteak sustatu, kolektibo honen xedea interesak babestea merkatu (zerbitzu hobeak) eta administrazioekin (laguntza gehiago eta hobeagoak) alderatuz.

135

Eskubide sozialen garantia konstituzionala

Konstituzioaren 53. artikulua aldatuko dugu eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak eskubide zibil eta politikoekin parekatzeko.

136

13.700 miloi euro hezkuntza publikorako: dohain eta gertuko eskolaratzea neska-mutil guztientzat.

Hezkuntzara zuzendutako aurrekontu saila mailaka igoko dugu legealdian zehar, 2020ko urte bukaerarako 13.700 miloi euroraino iritsi arte. Hezkuntza gastuetarako 15.600 miloi euroko helburua lortzen saiatuko gara ahal den neurrian. Horrela, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko (ELGA) estatuen gaur egungo batez besteko gastu mailan jarriko gintuzke, hots, BPGaren % 5,6an. Eta epe luzean hezkuntza gastuak BPGaren % 7ra iris daitezen saiatuko gara.

Doakoa, laikoa eta kalitatezko hezkuntza publikoa sustatuko dugu hezkuntza sistemaren ardatz gisa, eta legealdiaren erdia igaro ondoren, ikasle guztiek etxetik hurbil egongo diren doako eskola publikoak izango dituztela bermatuko dugu:

Itunpeko plazak baliabide publikoekin finantzatzen jarraituko da, baina beharrezkoak direnean soilik, hau da, sare publikoaren eskaintza motz geratzen denean (eskola publikoaren hutsuneak arintzeko asmoz, gero eta handiagoa izango da sare publikora bideratutako funts publikoen portzentajea).

Hezkuntza laikoa eskainiko da, sinesmen erlijiosoak pertsona bakoitzaren intimitateko kontu gisa hartzen baita.

Inklusibitatea ezarri, eta aukera berdintasuna ziurtatu derrigorrezko etapa amaitutakoan.

Sormena, pentsamendu kritikoa eta elkartasunezko espiritua sustatu, baita Giza Eskubide eta ingurumenari errespetu osoa ere.

137

Hezkuntza Lege berria, eskola komunitate osoaren eztabaida eta partaidetzatik jaioa

Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa (LOMCE) indargabetuko dugu, eta Hezkuntza Lege berria egiteko, eskola komunitatearen ahalik eta partaidetza eta babes handiena izango duen eskola komunitateko eztabaida zabala sustatuko dugu. Gure helburuak:

Hezkuntza sistemaren ezegonkortasunari amaiera eman. Izan ere, azken 33 urteotan zazpi lege onartu dira, eskola komunitatearen partaidetza handirik gabe.

Hezkuntza Lege berriak pertsona guztion garapen pertsonal eta soziala bultzatuko ditu bizitza osoan zehar. Halaber, garrantzi handia izango du ingurumen hezkuntzak, ikastetxeen curriculum garapenaren ardatzetako bat izanik.

138

Hezkuntza Inklusiborako Plan Nazionala

Ikasleen aniztasuna onartu eta erabateko integrazioa bermatzen duen Hezkuntza Inklusiborako Plan Nazionala landuko dugu, bai derrigorrezko hezkuntzan eta bai ondorengoetan ere.

Dibertsitate funtzionala duten ikasleen eskolaratzea ohiko ikastetxeetan egingo da, horien hezkuntzarako beharrezkoak diren baliabide materialak eta giza baliabideez hornituta.

Egungo hezkuntza bereziko zentroak eta hauen langileak ohiko irakaskuntza sarean sartuko dira, eta hezkuntza berezirako baliabideak eskaintzen dituzten zentro gisa ezarri ahalko dira.

Irakasleek nahitaez jaso beharko dute etengabeko prestakuntza metodologia pedagogiko berritzaile inklusiboen arloan. Zerbitzuaren finantzazioa ikasleen kopuruaren eta kokapenaren arabera antolatuko da urtero.

Bestetik, profesional/ikasle ratioen baremazio prozesu berria ezarriko dugu hezkuntza arreta behar berezia duten ikasleentzat, ikasle kopuruaz gain aintzat hartu ditzala haien ezaugarri pertsonal eta familiarrak, ikastetxearenak eta, halaber, ikastetxearen ingurune soziodemografikoaren ezaugarriak ere. Azken instantzian, baliabideak esleitzea ikastetxeko hezkuntza profesionalen irizpideak aintzat hartuz egingo da, eta inola ere ez behar berezia duten ikasleen tamainaren araberako irizpide bakarrak jarraituz.

139

Hizkuntza koofizialetan bideratutako hezkuntza eskubidea

Estatuko lurralde osoan ofiziala den gaztelaniaz gain, badira bestelako hizkuntzak ere. Bakoitzak bere autonomia estatutuetan estatus juridiko jakin bat du. Guztiak dira, gaztelaniarekin batera, Estatu osoaren kultur eta hizkuntza ondare.

Herritarrek beraien ikasketak hizkuntza horietan jasotzeko eskubidea dutenez, ezinbestekoa da normalizazio linguistikoa lortzea. Horretarako, errespetua zor zaie autonomia erkidego bakoitzak hartu dituen erabaki kultural eta pedagogikoei, eta Europako Eremu Urriko edo Eskualde Hizkuntzen Gutunari. Horregatik, Estatuko edozein lurraldetako hizkuntza koofizialetan ikasi ahal izatea bermatuko dugu, ikastetxe espezifikoen bitartez eta autonomia erkidegoen artean eskola trukeak sustatuz. Eta kultur nortasuna sustatuko da, ingurunearen ezagueraren eta kultur artekotasunaren bitartez, Estatu espainoleko lurralde bakoitzaren hizkuntza eta kulturara egokitutako curriculumarekin.

140

Atzerriko Hizkuntzen Ikasketa Integratuen Plana

Atzerriko Hizkuntzen Ikasketa Integratuen Plana garatuko dugu Lehen era Bigarren Hezkuntzarako, atzerriko hizkuntzen ikasketa hobetzera zuzendua, eta egungo programetan bereizitako curriculumari lotutako segregazio soziala borrokatzeko.

Plan honek argi bermatu beharko du jatorri sozial desberdinetako ikasleen berdintasuna.

Plana lau ikasturtez garatuko da: lehenengo urtean zehar, egungo egoerari buruzko diagnostikoa eta ebaluazioa egingo da, eta eskola komunitatearekin adostutako plan berri bat sortuko da. Bigarren eta hirugarren urteetan zehar, zenbait ikastetxetan programa pilotua sartuko da, eta dagokion moduan ebaluatuko da. Eta azkenik, laugarren urtean zehar, estatuko ikastetxe guztietara hedatuko da.

141

Parte-hartze metodologien normalkuntza

Ikasleen parte-hartze metodologia eta metodologia aktiboetan oinarrituriko hezkuntza jardunbide egoki berrien garapena bultzatuko dugu. Horretarako, ikasleriak kolektiboki eraikitzen duen ezaguera integratu eta hainbat adimen bateraturen garapena bultzatuko da, eta ikasle eta irakasleen arteko sormen eta kolaboraziorako guneak sortuko dira.

Artearen irakaskuntzak sentikortasun, zirrara eta kognizioaren garapenetik, munduarekiko ikuskera indartzeko apustua egingo dugu.

Ikasgelako liburutegiak, software librea, hezkuntza baliabide irekiek, web orriak eta informazioa biltzeko beste moduak, eta izaera laguntzaileko baliabideen sustapenerako estatu mailako plana garatuko dugu. Esperientzia berritzaileen transferentzi, hedapen eta hobekuntzarako bideak ezarriko ditugu.

142

Erregimen orokorreko eta bereziko (musika eta dantza) ikastetxe integratuak hedatzea

Erregimen orokorreko irakaskuntzak eta musika eta dantza erregimen bereziko irakaskuntzen aldi bereko eskolak ematen dituzten ikastetxe integratuak hedatuko ditugu. Bestetik, kontserbatorioetako irakasleen normalizazioa sustatuko dugu arte hezkuntzaren etapa guztietan. Halaber, goi-mailako irakaskuntza artistikoak unibertsitateko sisteman txertatuko ditugu.

143

Adimen emozionala

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) adimen emozionalari buruzko irakasgaia sartuko dugu. Baita prestatzaileen prestakuntzarako estrategia bat ere, psikologia kognitiboa, psikoanalisia eta psikologiaren beste adar batzuen tresnak ikasgelako estrategia pedagogikoetan txertatu ahal izateko.

144

Eskumen gehiago eskola kontseiluentzat

Gure esku dagoena egingo dugu Eskola Kontseiluak –ikastetxeko gobernu organo gorena izanik– eskumen gehiago izan ditzan: zentroaren zuzendaria hautatzea, hezkuntza proiektuetan parte-hartzea, eta baita hobekuntza erabakietan ere. Eskola Kontseiluen partaidetza da eskola komunitate osoaren partaidetza demokratikoaren bermerik onena. Eskola Kontseiluek egingo dute ikastetxe bakoitzaren araudi organikoa, eskola komunitatearen partaidetzarekin, eta erabat independentea den hezkuntzako ikuskaritzak bermatua.

145

Irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko sistema berria

Irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko sistema berria ezarriko dugu, objektibotasun eta gardentasun irizpideak euskarri, bertan arlo edo gaiko berariazko ezagutza ebaluatzeko, baita gaikuntza pedagogikoa eta trebetasun profesionalak ere, praktika aldi luzea eta merezimendu profesional eta akademikoetan arreta jarrita. Bitarteko zerbitzuen poltsen eredu berria berrikusi eta sortuko dugu, horretarako, langileria egonkorragoaz hornituko dira zentroak (gaur egun, lan ezegonkortasun handia dago).

Gainera, etengabeko bilakaera bizitzen ari den gizartean bizi gara, kulturak eraldatzen eta berrikuntza pedagogikoak agertzen ari dira. Beraz, hezkuntzak ezin du geldirik egon. Horrenbestez, apustu argia egingo dugu berrikuntzarako, eboluziorako, malgutasunerako eta konpetentziarako prest dauden profesionalen alde. Horrenbestez, hasierako formazio egokia ezarriko dugu, formazio pedagogiko sendoa eskaintzeko eta praktika egokiak ziurtatzeko metodologia berrien eta hezkuntza erronken aurrean. Garapen profesionala irakaskuntza osoan zehar egin behar dela irizten diogu. Horrek asko lagunduko du hainbat arlotako prestakuntzan: genero berdintasun eta baterako hezkuntza formazioan, eskola jazarpenean, kultur aniztasunean eta ingurumenaren errespetuan; baita familiekiko elkarlanean eta parekidetasunaren aldeko programen diseinuan.

146

Ikasleen ratioa jaistea ikasgelako

asd2008a baino lehen zegoen egoerara itzultzeko ahalegina egingo dugu eta, hartara, ratioaren gehiengoa 8, 12 edo 16 ikasleena izango da lehen zikloan eta 20 gehienez bigarrenean. Europako Batzordeko Haurtzaroaren Arreta Sareak egindako gomendioak jarraitzeko hurbiltze graduala bilatuko dugu: Lehen eta Bigarren Hezkuntzan 25 ikasle; batxilergoan 30; 15 Oinarrizko Heziketa Zikloan eta 25 Goi eta Erdi mailako Heziketa Zikloan.

Nekazal munduan eskolak ireki eta ixteko ratioak berreskuratuko ditugu lehenbailehen: 5 irekitzeko eta 3 ixteko.

Murrizketa koefizienteak ezarriko ditugu ikasgeletan heziketa berezien premia dagoenean.

Zuzeneko irakaskuntza orduak murriztuko ditugu kalitatezko heziketa bideragarria egitearren. Irakasleen ordutegian sartuko dira taldeen koordinazioa, ikerketa eta irakaskuntzaren praktikari buruzko gogoeta egiteko denbora.

147

Eskola hornitzeko eta zentroetarako laguntza plana

Zentro eta eskola hornitze plana landuko dugu Estatuko txoko guztietan eskaintza publikoa berma dadin:

Planean kontuan hartuko da aurrekontuak behar duen gehitze progresiboa, Estatuko eskola guztietan gutxieneko baldintzak berma daitezen, hala nola azpiegituretan eta materialetan.

Eraikuntza berriak egitean kontuan hartuko dira hezkuntza alorreko adituen iritziak, irakaskuntzara egokitzeko, dibertsitate funtzionala duten ikasleen beharrak asetzeko eta, azken finean, ikasle zein irakasleei eginbeharra erraztuko dieten denbora, espazio eta eraikinak bermatzeko.

148

Haur Hezkuntza 0-6 urte, unibertsala eta doakoa

asd0-6 urte bitarteko Haur Hezkuntza unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa eskaintzeko aurrekontuak jarriko ditugu eta hezkuntza identitate osoa eta berezkoa eskainiko diogu gainontzeko heziketa sistemaren etapetako baldintza berak ziurtatuz. Horretarako, lege proiektu bat gauzatuko dugu haur eskola publikoen sareen egonkortasuna ziurtatuko duena eta erabiltzaileen sarbidea bermatuko duena baldintza berdinetan.

Era berean, aipatutako sarean baterako hezkuntza plan zehatz bat garatuko dugu heziketa ez sexista lortzeko bidean lehen urrats gisa, eta errespetuan trebatzeko eta familien eskaeran laguntzeko espazioak sortuko ditugu. Hori guztia heziketa gaitasunak garatzeko eta haurrekiko harremanak hobetzeko.

Arreta berezia jarriko dugu, –bai prebentzio mailan, bai gizarte esku-hartzean ere– gizarte egoera ahulean dauden familien kasuan.

149

Lanbide Heziketa benetan doakoa eta maila guztietan

Lanbide Heziketaren eskaintza zabalduko dugu ikastetxe publikoen sarean, lan munduan dauden eskaerei erantzuteko asmoz. Lurralde kontuak ere aintzat hartuko dira, batez ere landa-guneetako egoerak. Giza baliabideak eta baliabide materialak ziurtatuko ditugu, hezkuntza eta kualifikazio mailak hobetzeko. Hartara, gaur egun gertatu ohi den arazoa saihestuko dugu: gazte asko plazarik gabe geratzea zentro publikoetan.

Irakaskuntza eta lanbide alderdiak erregulatuko dira lan zentroen formazio hitzarmenenetan; ondorioz, enpresek gizarte ardura bere gain hartuko dute eta ikasleek ordainsari egokia eskuratuko dute, bion mesederako. Lantokietan emandako formazio ordu kopurua zainduko da. Dagokion konpetentziak eskuratzeko adinakoak izan beharko dute, ez gehiago. Eta ezingo dio kalterik eragin ikastetxean eman beharreko ordu kopuruari. Egungo Lanbide Heziketako esperientzia bertan behera geratuko da diseinu berria proposatu arte. Izan ere, ez baititu gutxieneko baldintzak betetzen, ez formazioari dagokionez, ezta lanaren aldetik ere.

150

Unibertsitateen lege berria

Unibertsitateen lege berria bultzatuko dugu, besteak beste finantziazioa hobetzeko. Adibidez, BPGaren % 2aren gainetik geratuko da Ikerketa, Garapena eta Berrikuntzara (I+G+B) bideratutako inbertsio publikoa.

Lege horrekin batera Irakasle eta ikertzaileen Estatutua eratuko da, hainbat puntu kontuan hartzeko: ikerlari gazteak sartzea bertan, irakaskuntza eta ikerketa karreren egonkortasuna, eta genero berdintasunaren aldeko mekanismoak.

Unibertsitatearen kalitatea bere langileen kalitatean oinarritzen da, eta hori bermatzeko akreditazioaren eta ebaluazioaren erreformari ekin behar zaio, beti ere zorrotz errespetatuz irakaskuntza eta ikerketa xedeen aniztasuna, baita unibertsitatearen autonomia ere.

Bestetik, Unibertsitateen legeak gobernantzaren erreforma ere egingo du, unibertsitate komunitatearen parte-hartzea bermatzeko eta –zerbitzu publikoa denez– barne eta kanpoko interes korporatiboetatik babesteko. Horrekin batera bermatu behar du, baita ere, gestioaren gardentasuna eta gizartearen aurrean emaitzen berri ematen duela (gizarteari zerbitzua emateko jaio baita).

151

Unibertsitatea guztion eskura jartzeko moduko tasak

Ezin da gizartea errotik aldatu unibertsitateen parte-hartze nabarmenik gabe. Gure proposamenaren bidez haietan egiten diren zientzia eta irakaskuntza ahaleginaren eta pertsona guztien bizitzan hobekuntzaren arteko ezinbesteko sinergia laguntzen duten baldintzak sortu nahi ditugu. Horregatik, honakoak proposatzen ditugu:

Goi-mailetako ikasketak guztion eskura egotea, tasak murriztuz eta beka gehiago eskainiz, inor ez dadin kanpoan geratu arrazoi sozioekonomikoengatik.

Unibertsitateen gizarte konpromisoa oinarrizkoa izango da, baita titulu mapak eta I+G+Bk pertsonen ongizatera bideratutako ikerketa eta hezkuntza lerroak ezartzea ere. Lerro horiek gizarte osoari onura ekartzeko ahalmena izango dute.

Autonomien eta estatuaren arteko koordinazioa sustatuko da, baita Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ikastetxeekiko lankidetza ere.

152

Bizitza osoan zeharreko hezkuntza: helduentzako hezkuntza

Gaueko, urrutiko eta helduentzako hezkuntzako modalitateetan irakasten duten ikastetxe publikoen kopurua handituko dugu. Helduen Hezkuntza Ikastetxeetan (HHI) eskola ordutegi malguak eta egokiak berreskuratuko ditugu. Honela, nahiz bizitzaren zeharreko hezkuntza nahiz familia eta lan bizitzarako kontziliazioa erraztuko ditugu. Era berean, HHIetan orientabide psikopedagogikoa berreskuratuko dugu, inguruko gizarte eragileekin koordinatuta.

Pertsona Helduen Heziketako Plan bat ere landuko dugu, besteak beste alfabetatze teknologikoa eta hizkuntzen irakaskuntzak sartuz, gizartearen eskaeraren arabera. Plan honen bidez pertsonala berreskuratuko da, hezkuntzako benetako premien arabera.

Aurreko guztia egiteko kontuan izango da lankidetza eta koordinazio estua behar dela udalerri atxikiekin (Atxikimendu Gutuna), bertako biztanleei begirako elkarlana eginez.

153

Unibertsitate erreforma parte-hartzailea

Erreforma honi ekin aurretik unibertsitateko erakundeen parte-hartzea bultzatuko dugu:

Ebaluazio inkesta gehiago egingo dira, kudeaketako maila guztietan eta komunitate unibertsitarioko kide guztien artean.

Kalitate departamentutan ere parte-hartzea sartuko da, eta lankidetza programak egingo dira sektore unibertsitarioen eta beste hezkuntza zentroen artean; baita gizarte zibilarekin ere.

Lankidetza hori sustatuko dugu sistema barruan, unibertsitatearen erreformako partaidetza prozesu bat martxan jarriz, eta aparteko finantziazioa lortzea eta elkarrekin adostutako helburu batzuen lorpena lotuz.

Praktikan, autonomia erkidegoetara transferentzien ondorio den finantziazio orokorrez gain, Estatuak finantziazio osagarri bat jarriko du. Horrela, laguntza berezia emango zaie beraien ikerketen eragin soziala handiagotzea edo familia kontziliaziorako baldintzak, genero berdintasuna, gardentasuna eta erakunde demokratizazioa hobetzeko neurriak ezartzen dituzten unibertsitateei.

Urtean behin berrikusiko da ikastetxe bakoitzarentzat estrategia, adostutako helburuen arabera. Helburu horiek ez dira nahitaez modu berean inplementatu behar; unibertsitate bakoitzaren premien arabera alda daitezke.

154

Gastuen kudeaketarako partzuergo unibertsitarioa

Unibertsitate publikoak, autonomia erkidegoak eta Gobernua hartuko lukeen partzuergo bat sortuko dugu, hezkuntza eta ikerketa sistema publikoa indartzeko. Partzuergo honetatik koordinatuko da autonomia eta estatu mailako organo erkidetuen sorrera, zerbitzu eta baliabideen finantziazioan gastuak parteka ditzaten: online harpidetzak, ikerketa azpiegitura handiak, tresneria erosketak, informatika baliabideen optimizazio edo berrikuntza.

155

Unibertsitateko irakasleen prekariotasuna desagertzea

Birjarpen tasako murrizketak (lehenik %10 eta gero %50) kolpe latza eman dio unibertsitateko hezkuntzaren kalitateari. Egungo egoera larria konpontzeko irakasle kopuru nahikoa berreskuratuko dugu, eta prekarietatea deuseztatuko dugu, hezkuntza kalitateak ez dezan kalterik jasan:

Legealdi bukaerarako ikasle/irakasle erlazioa gaur egungo 13/1etik 10/1era murriztuko dugu.

Unibertsitate batean izan daitekeen irakasle elkartuen gehienezko ehunekoa legez ezarriko dugu (%10). Trataera berezia izango dute adar biosanitarioko graduek, ezaugarri bereziak baitituzte.

Berehala eta baldintzarik gabe igoko dugu birjarpen tasa, azken urteotako irakasle galerak konpentsatu arte. Tasa hori ez da inoiz %100a baino txikiagoa izango.

Hirurogei urtetik gorako funtzionarioen artean borondatezko erretiratze partziala sustatuko dugu. Horrenbestez, ez dugu nahitaez esperientzia pilatua galdu behar langile gazteak sartzeagatik (Late Career Fellowship).

156

Kalitatearen Ebaluaziorako eta Akreditaziorako Agentzia Nazionalaren (ANECA) erreforma

Irakaskuntza, ikerketa eta ezagutza hedatzeko helburuak bermatzeko ebaluazio sistema erreformatuko dugu, baita irakaskuntzaren berdintasun eta kalitate printzipioak eta unibertsitatearen autonomia bermatzeko ere.

Ebaluazioak unibertsitateko errealitatera egokituko ditugu, unibertsitateko komunitatearen parte-hartzeko mekanismoen bitartez, demokratikoki aukeratutako ordezkarien bidez.

Kanpoko ebaluazioak sartuko ditugu, nazioarteko parametroen araberakoak, orain arte funtzionatu dutenen osagarri, diziplina eta ezagutza arlo bakoitzaren barne logikari egokituak.

ANECAk «Emakumea eta Zientzia» zigilua sortuko du aukera berdintasunaren arloan ibilbide egokia duten zentroak zertifikatzeko. Zigilu hau eskuratzeko behar diren irizpideen artean, hartuko dira kontuan: emakumeen presentzia batzorde zientifiko eta akademikoetan, jazarpenen aurkako protokoloen inplementazioa, eta langileen kontratazioan berdintasun irizpideekin jokatzea kontziliazio gaiei dagokienez.

157

Etxeko lanik gabeko haurtzaro baten alde

Eskolan sei orduz lanean aritu ondoren, Lehen Hezkuntzako gure haurrek lanaldiari berrekiten diote etxera iristen direnean: zenbait egunetan, guztira, zortzi edo hamar ordutakoa ere izan daiteke lansaio hori. Ikasteko modu ugari dago, ordea: hala nola jolastea, irudimena erabiltzea, sortzea, marraztea edo benetan gozagarriak zaizkien eskolaz kanpoko ekintzak garatzea.

Hori dela eta proposatzen dugu Hezkuntza Legeak gure haurren eskola-orduetatik kanpoko atsedena eta gozamen zoriontsua kontuan hartzea. Hori lortzeko, beste era batzuetako irakaskuntzak eta ikasketak sustatzen dituen hezkuntza-sistema bat diseinatuko dugu.

Helburua eskolako lanak ikastetxean egitea da, eta lan guztiak bertan amaitzeko denbora aski ematea. Etxean, eskolan bukatzerik izan ez dituzten lanak baino ez dituzte egingo eta, beraz, gure haurrek jolasteko denbora izango dute, bai eta beren gurasoekin egoteko ere.

158

Presako neurriak, haur-pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurka

Haurtzaroaren aldeko Estatu Ituna garatuko dugu, haurren eta nerabeen eskubideak blindatuko dituena. Itunaren xedeak haurren eta nerabeen aukera-berdintasuna bermatzea (beren ahuldade-egoera medio) eta haur-pobrezia murriztea izango dira. Itun horrek neurri hauek jasoko ditu:

  • Errenta bermatua. Gorantz berrikusiko da, familia-unitatean bizi den haur-kopuruaren arabera.

  • Lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera progresiboa. 2018rako, hilean zortziehun eurokoa izatea da helburua.

  • Heziketarako eta enplegua aktibatzeko berariazko planen garapena. Planen helburua beren zaintzapean haurrak edo mendekotasun egoeran dauden pertsonak dituzten helduen enplegagarritasuna sustatzea izango da, bereziki haurrak dituzten emakumeena edo guraso bakarreko familietako helduena.

159

Haurren eta nerabeen kontrako indarkeriaren aurkako Babes Integralerako Legea

Haurren eta Nerabeen kontrako indarkeriaren aurkako Babes Integralerako Lege bat onartuko dugu. Legeak berariaz helduko die haurren eta nerabeen aurkako indarkeria ugariei (trafikoa, esplotazioa, bullyinga, ciber-bullyinga, bereizkeria, etxegabetzeak).

  • Legearen asmoa da haurren eta nerabeen kontrako askotariko indarkerien ezagutzan sakontzea, eta horiek erregistratzea: bai familia barruko indarkeriak, bai familiatik kanpokoak.

  • Legeak haurrentzako arreta-telefono baten sorrera jasoko du: telefono hori doakoa, anonimoa eta adingabekoentzat segurua izango da, indarkeria matxista salatzeko telefonoaren antzera (016).

  • Haurren eta Nerabeen Defendatzailea sortzea, bai estatu mailan, bai erkidegoetan eta udaletan.

  • Haurren eta Nerabeen kontrako indarkeriaren aurkako kanpainak garatzea, oinarrizko erreferentzia gisa eremu hauek izango dituztenak: komunikabideak, familia, eskola, lehen mailako arreta eta gizarte-zerbitzuetako taldeak.

  • Laguntza administratibo eta ekonomiko aktiboa ematea, indarkeria, abandonua edo bizipen traumatikoak jasan dituzten haurrak hartzen dituzten abegi-familiei. Familia-harrera hobetsiko du egoitzetako harreraren ondoan.

160

Haurrak eta nerabeak, erakundeen lehentasun

Neurri hauek hartuko ditugu, haurrek erakundeetan ikusgarritasun handiagoa izan dezaten:

  • Haurren eta Nerabeen Batzorde Iraunkor bat sortzea, Diputatuen Kongresuan. Batzordearen funtzio nagusia herritarren sektore horri eragiten dioten lege-proposamenak eta politika publikoak ebaluatzea eta jarraitzea izango da.

  • Estatu mailan, Haurren eta Nerabeen Partaidetzarako Kontseilua sortzea.

  • Gaur egungo Haur eta Nerabeen Behatokia erreformatuko dugu, haurren eta nerabeen ordezkaritzarekin batera. Helburua kolektiboaren errealitate soziala ikertzeko behatokiak duen gaitasuna hobetzea da, bai eta politika publikoetan eragiteko haren gaitasuna hobetzea ere. Haurrek eta nerabeek estatistika ofizialetan ikusgarritasun handiagoa izateaz arduratuko da.

161

Kirol-errezeta: kiroldegi gehiago eta anbulatorio gutxiago

Nahitaezkoa iruditzen zaigu Osasuna Sustatzeko Plan Integral bat martxan jartzea, sedentarismoaz eta haurren obesitateaz arduratuko dena. Nahitaezkoa, bereziki, gure gizarteak era osasungarrian aurrera egitea nahi badugu. Planak familiako eta komunitateko ikuspuntua izango du, eta tartean dauden ministerioak, autonomia-erkidegoak eta udalak koordinatuta egingo da.

Hiru dira gure helburu nagusiak:

  • Gaur egungo haurren sedentarismo- eta obesitate-tasak (% 43) murriztea, bai eta inaktibitate fisikoak sortzen duen gaixotasun-zama ere (% 20aren eta % 30aren artean: gaixotasun kardiobaskularrak, II. motako diabetesa, bularreko eta koloneko minbizia).

  • Osasungarriak ez diren bizi-azturak prebenitzea, hala nola tabakismoa eta alkohola.

  • Gaur egun, %8tik eta %14ra arteko heriotza-tasa egozten zaie aurrez aipatutako kausei: helburu izango dugu hori aldatzea.

Planari ekiteko modua diziplina anitzekoa izango da. Hau da, elkarte aktiboak sortuko ditugu, esparru hauetako komunitateen partaidetza izango dutenak: osasuna, kultura, aisia, kirola, hezkuntza, enplegua eta gizartea.

  • Hainbat eragile arduratuko da haurrak kiroldegietara eta eskolaz kanpoko ekintzetara bideratzeaz: bereziki, edo pediatriako, erizaintzako eta lehen mailako arretako pediatriako espezialistak; edo gizarte-lanen esparrua, hezkuntzaren esparrua eta haurtzaroan osasuna sustatzeko mugimendu asoziatibo esanguratsuak.

  • Beharrezkoa izango da jardueretan eta prestakuntzan gurasoek parte hartzea.

  • Lehentasuna izango dute osasun-arriskuak dituzten herritarrek eta gizarte-bazterketako egoeran daudenek.

Kirol-errezetak hainbat estrategiatan gauzatuko dira, jarduera fisikoko hainbat programaren bidez, haietan parte hartu nahi duten pertsonen arrisku-taldeetara egokituak. Bestalde, lekuko bereizgarrietara eta eskura dauden baliabideetara ere egokituko dira. Hauek dira martxan jar daitezkeen programetako batzuk:

  • Erditze-ondorengo atsedena, haurrak hamar hilabete izan arte: astean bitan amarentzat eta haurrarentzat (lotura afektiboa).

  • Bizi-aztura osasungarriak, diabetesa eta obesitatea jasateko arriskua duten pertsonen artean: jarduera fisikoa astean bi egunetan.

  • Ibilaldi osasungarriak, parkean: astean bi egunetan.

  • Gizarte-programak: astean bizpahiru egunetan, eta kiroldegien eskaintzaren arabera.

  • Osasuna sustatzeko programak eta kirol-programak: astean hiru egunetan eskolaz kanpoko kirol-jarduera, ikastetxeetan. Oinarri-kirolaren alde egitea.

  • Zahartze aktiboa eta osasuntsua sustatzeko programak: astean bizpahiru egunetan. Adibidez: inpaktu txikiko jarduerak eta egokituak, hala nola tai-xia parkean, dantza herrikoiak edo joko tradizionalak.

162

Kirolarentzako Gizarte Funtsa: guztion kirola

Kirol Kontseilu Goreneko Kirola Sustatzeko eta Berritzeko Zuzendariordetza Nagusia arduratuko da sortuko dugun Kirolarentzako Gizarte Funtsa kudeatzeaz. Sail bat sortuko dugu aipatutako kontseiluan, funtsa kudeatzeko. Sailaren jarduna ardaztuko dute mapaketek, finantzazioak, bitartekaritzak eta kontu hauetara zuzendutako proiektuen sustapenak: soziokirola, gorputz-hezkuntza, ikerketa eta zabalkundea. Sailaren ardatza izango da, baita ere, I+G+Baren bidez kirolean balio-sorrera sustatzea.

Funtsa hauentzako izango da, besteak beste:

  • Eskualde apaletako kirol-eskolak edo kirol-klubak, balioa sortzen dutenak eta komunitatean kirolaren balioak sustatzen dituztenak, bai hirietan, bai landan.

  • Kirolarekin zerikusia duten jarduerak egiten dituzten elkarteak. Jarduera horiek ingurumenarekin lotura izan beharko dute edo interes orokorreko ekintza sozialak izan beharko dira. Horrez gain, eragina izan beharko dute eskoletan ere.

  • Gai hauen inguruan ikerketak egiten dituzten enpresak edo erakundeak: kirola, jarduera fisikoa eta osasunaren hobekuntza, kirolaren bidez.

  • Profesionalak ez diren kiroletako kirolariei ere lagunduko zaie, baliabide murritzak baitituzte estatu-mailan eta nazioartean aritzeko.

163

Goi-mailako kirolariei laguntzeko plana

Beren kirol-karrera amaitu ondoren, gure hainbat kirolari entzutetsu eta saritu ez dira gizarteratzeko eta beren ezagutzak aditzera emateko gai izan, hainbat kausaren ondorioz. Azken urteetan ikusi ahal izan dugu hori; bai eta nola, maiz, amaiera tragikoa izan duten ere. Hori hala, trantsizio hori egiteko kirolari horiei sistema bat eskaintzera behartuta gaudela uste dugu, bai eta beren balioa erabilgarria izango den alorretako erakundeetara sartzeko bideak bermatzera ere.

Eskola- eta unibertsitate-adineko Goi-mailako Kirolarien Prestakuntzarako Laguntza Integraleko Estatu Plan bat sustatuko dugu. Lotura zuzena izango du prestakuntza akademikoarekin eta hura kirol-jarduerarekin bateragarri egitearekin. Bestalde, egitura akademikoetan kirol-kultura bat garatzeko asmoa ere izango du. Plan hori programa berezituetan garatuko da, beharren eta jarduera-eremuen araberakoak:

  • Ikastetxeetarako eta DBH eta batxilergo-institutuetarako programa akademikoak.

  • Unibertsitateko kirola eta unibertsitateko kirolariak garatzeko programa.

  • Funtzio publikora sartzeko plana, goi-mailako kirolarien ezagutzak eta eskarmentua baliagarrien zaizkien ministerioetan funtzionario izateko. Hori guztia gauzatzeko, zenbait plaza gordeko zaizkie ministerio hauen lan-eskaintza publikoetan:

Defentsa Ministerioa. Eskaintza publiko bakoitzeko plazen %3a. Plaza horiek gorputz hauetan banatuko dira: Estatu Nagusia, Lurreko Armada, Aireko Armada, Itsas Armada eta Gorputz Arruntak.

Barne Ministerioa. Plazen %2, Ministerioa eratzen duten gorputzen eskaintza publiko bakoitzean: Polizia Nazionala, Guardia Zibila, Espetxe Erakundeak, Babes Zibila eta Larrialdiak eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusia.

Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioa. Plazen %2, sail hauen eskaintza publiko bakoitzean: Zerga Administrazioko Estatu Agentziako Aduanen eta Zerga Berezien Saila eta Estatuko Aduana-zaintza Zerbitzua.

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa. Eskaintza publiko bakoitzeko % 2.

  • Talde horri egokitutako sarbide-probak.

  • Lana malgua izango da, jarduera hori entrenamendu eta lehiaketekin bateratu ahal izateko ordutegiekin eta funtzioekin.

164

Kirol-lanbideak arautzeko legea

Kirol-lanpostu eta -titulazioak profesionalizatzeko lan egingo dugu, sektorearen eskakizun nagusienetako bati erantzuteko.

Helburu hori oinarri hartuta, estatu-mailako lege bat garatuko dugu, hauek guztiak lortzeko: autonomia-erkidegoak bateratzea eta horiei esparru orokor eta berdintasunezkoa ematea; kiroleko profesionalei segurtasun juridikoa ematea; lanbide-kategoriak sailkatzea, horietako bakoitzaren funtzio eta atribuzioak zehazteko eta beharrezko prestakuntza nola egiaztatu adierazteko, lanbidean legalki aritzeko eta, hala, kiroleko intrusismoari aurre egiteko.

165

Kirol gehiago ikastetxeetan: Gorputz Hezkuntza astean hiru orduz eta Gorputz Hezkuntza ikasgaia batxilergoko bigarren mailako curriculumean

Gorputz Hezkuntza oinarrizkoa da herritarrak autonomoak izan daitezen, eta beren bizimodua aktiboa eta osasungarria izan dadin. Ikasleen Nazioarteko Ebaluaziorako Programaren (PISA, ingelesezko siglak) txostenek diote lotura zuzena dagoela emaitza akademikoen eta Gorputz Hezkuntzak eskola-orduetan hartzen duen denboraren artean. Horrez gain, hainbat medikuntza-ikerketek egiaztatu dute haurren obesitatearen eta sedentarismoaren arteko lotura.

Hezkuntza Legean aldaketa bat sustatuko dugu, besteak beste, Gorputz Hezkuntza irakasgai ardatza izan dadin, LOMCE legea indarrean jarri aurretik zen eran. Halaber, ikastetxean Gorputz Hezkuntzak hartzen duen denbora Europar Batasuneko batez bestekora egokituko dugu. Hori lortzeko, irakasgaiak astean hiru ordu gehiago hartu beharko ditu lehen hezkuntzan eta derrigorrezko bigarren hezkuntzan. Bestalde, Gorputz Hezkuntza irakasgaia batxilergoko 2. mailako curriculumean berriz sartuko dugu, Gorputz Hezkuntzaren pisu espezifikoa bigarren hezkuntzako ziklo osoan gordetzeko.

166

Mezenasgo Legea eta Kirol Babesletza

Abenduaren 3ko 49 / 2002 Legearen erreforma sustatuko dugu: irabazi-asmorik gabeko erakundeen eta mezenasgorako zerga pizgarrien zerga araubideari buruzkoa, hain zuzen. Erreformaren helburua partikularrei eta enpresei zerga-arinketa berdintzea da (herrialde aurreratuenen mailara), laguntza filantropikoei dagokienean. Horrela, sektore pribatuaren eta publikoaren artean finantzaziorako eta kolaboraziorako mekanismoak martxan jartzea sustatuko dugu, interes orokorraren alde. Partaidetza horrek ez du kontuan hirugarren sektorea soilik izango; hezkuntza, kultura eta kirola ere barne hartuko ditu.

167

Kirol Egokituaren Plan Estrategikoa

Kirol Egokituaren Plan Estrategiko horrek funtsezko hiru zutabe izango ditu:

  • Kirol Kontseilu Gorenean berariazko sail bat sortzea Kirol Egokituarentzat. Hauek izango dira sailaren ardurak:

--Sustapena, pertsona talentudunak hautematea, teknifikazioa eta errendimendu handia, Kirol Egokituan.

--Kirol egokituaren sustapenerako jarduerak bultzatzea, eskola-adineko kirolariekin.

--Batzorde Paralinpikoaren koordinazioa, bai eta Osasun Ministerioaren menpeko beste zentro batzuena ere, ahalmen-urritasuna duten kirolariak atzematen dituztenak.

--Ahalmen-urritasunari egokitutako tekniken inguruko prestakuntza-planak sustatzea, kirol-tekniko eta -ofizialentzat.

--Kirolari paralinpikoen entrenamendu-instalazioak ebaluatzea, horiek hobetzeko eta handitzeko bidean.

Hainbat gairen inguruko azterketak eta ikerketak sustatzea; hala nola kirolarien sailkapen funtzionala, kirol-protesietarako material berriak, gurpil-aulkiak, bizikletak eta itsasontzi egokituak.

  • Kirolari olinpikoek jasotzen dituzten laguntzak berdintzea kirolari paralinpikoek, Federazioek eta Batzorde Paralinpikoak jasotzen dituztenekin.

  • Kirol egokitua kudeatzeko egitura bat sortzea, lau alor hauetako ekimen transbertsalak oinarri: kirola eta lehia; aisia; osasuna eta terapeutika; hezkuntza. Horretarako, hainbat koordinazio-mahai sortuko ditugu Osasun, Gizarte zerbitzu eta Berdintasun Ministerioaren eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren artean. Mahaion helburua hauek biltzea izango da: erakunde publikoak eta pribatuak, kirol-klubak, fundazioak, lurralde-federazioak eta enpresak.

168

Iruzurraren Aurkako Kiroleko Zuzentasunaren Behatokia, kirol-partidak eta -emaitzak faltsutzearen kontra

Iruzurraren Aurkako Kiroleko Zuzentasunaren Behatokia sortuko dugu Barne Ministerioaren eta Ogasun Publikoaren laguntzarekin. Hauek izango dira behatokiaren helburuak:

  • Kirol-emaitzetan fair play-a(joko garbia) sustatzea eta ezartzea.

  • Izan litezkeen kiroleko iruzurrak sistematikoki miatzea.

  • Emaitzetan gerta litezkeen aldaketak edo faltsutzeak hautematea.

Izan litezkeen iruzurrez edo lehiaketetan izan litezkeen amarruez ohartaraztea proba horien arduradun diren erakundeak, bai eta kirol horretako agintaritza eskuduna eta justizia arrunta ere.

  • Kirol-organo eskudunei gaztigatzea ekintza zuzentzaileak ezar ditzaten, beren estatutuen arabera, eta izan daitezkeen zigorrak kudea ditzaten, iruzurra gertatzen denetan. Halaber, zehapen-arauak etengabe eguneratzeko eskatuko zaie erakunde horiei.
169

Bermatutako Gizarte Zerbitzuen Estatu Zorroa

Estatu mailako lege baten bidez, gizarte-zerbitzuen gutxieneko katalogo komuna bermatuko dugu; herritar guztiek eskura izango dutena, bizi diren autonomia-erkidegoa edozein izanik ere. Gizarte-zerbitzu horiek Konstituzioan sartuko ditugu, bermatuak egon daitezen.

Bermatutako Gizarte Zerbitzuen Estatu Zorroak berekin ekarriko du, baita ere, sektore arteko koordinazio-politika aktiboak martxan jartzea, sektore hauetan: osasuna, etxebizitza, enplegua, hezkuntza eta justizia. Politika horiek Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak egituratuko ditu, tartean dauden arduradunekin batera, autonomikoak eta munizipalak.

170

Gizarte Zerbitzuen Zentro bat, hogei mila biztanleko

Hurbileko gizarte-zerbitzu publikoak bermatuko ditugu herritar guztientzat. Gizarte-zerbitzuen zentroek arreta unibertsala eta doakoa emango diete herritar guztiei eta gizarte-langile batez, gizarte-hezitzaile batez eta psikologo batez osatuta egongo dira. Gizarte-zerbitzuetako taldeek kudeaketa munizipala izatea sustatuko dugu.

171

85 milioi euroko estatu-zuzkidura, Udaletako Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Prestazioen Plan Itunduarentzat.

asd2011eko gastu-zenbatekoak oinarri hartuta, lehenagoko mailara itzuliko dugu Udalen finantzaziorako Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Prestazioen Plan Itunduak Estatutik jasotzen zuen dirua. Horrela zuzenduko ditugu 2011tik 2015era arte egin diren murrizketa etengabeak.

«Txertatze soziolaborala» aktibatuko dugu Gizarte Zerbitzuen Oinarrizko Prestazioen Plan Itunduak finantzatzen dituen proiektuetan, Gizarte-egoera Ahuleko Pertsonei Laguntzeko Europako Funtsaren (FEAD) programa eragileak dioenaren ildoan (2014-2020, Europar Batasuna).

172

Benetako eskaerari egokitzea, gizarte-zerbitzu publikoetako giza baliabideak eta baliabide materialak

Administrazio publikoek urtero eman beharko dute entitate pribatuen esku utzi dituzten gizarte-zerbitzuen berri; pixkanaka eta etengabe, kanpora ateratzen diren gizarte-zerbitzuen kopurua murrizteko eta ezkutuko pribatizazioekin amaitzeko. Administrazio publikoek gizarte-zerbitzuen kalitatea eta eskuragarritasuna bermatzerik ez dutenean baino ez dira zerbitzuak kanpora aterako. Hala gertatuz gero, itun eta hitzarmen horiek egiteko lehentasuna lankidetzazko ekonomiaren, gizarte-ekonomiaren eta guztien onerako ekonomiaren esparruan ari diren erakundeek izango dute.

173

Gizarte Zerbitzuen Ikerketa eta Berrikuntza Institutua sortzea

Gizarte Zerbitzuen Ikerketa eta Berrikuntza Institutua sortuko dugu: helburu izango ditu bai gizarte-zerbitzuen alorreko politika publikoen ebaluazioa, bai berrikuntzarako eta hobekuntzarako proposamenak egitea. Institutuaren jarduna hauekin koordinatuko da, hobekuntzarako eta berrikuntzarako proposamenak egiteko (berariazkoak edo lankidetzakoak): herrialde osoko gizarte-zerbitzuetako sailekin, zuzendaritza nagusiekin eta zinegotziekin.

174

Irisgarritasun Unibertsalerako Estatu Funtsa sortzea

Irisgarritasun Unibertsalerako Estatu Funtsa sortuko dugu. Funtsaren diru-iturria Estatuko Aurrekontu Orokorrak izango dira; herri-lanetarako eta azpiegituretarako, teknologia berrietarako eta informazioaren gizarterako urtero gordetzen den inbertsioaren %1a izango da bere hornidura. Funtsak finantzatuko ditu irisgarritasun unibertsalerako programak eta jarduerak, estatu osoan. Arlo hauek hartuko dituzte programa eta jarduera horiek: prozesuak, ondasunak, produktuak, zerbitzuak, garraioa, informazioa eta komunikazioa eta gizarte-komunikabideak. Helburua dibertsitate funtzionala duten pertsonek, menpekotasun egoeran daudenek eta edonolako muga komunikatiboa edo kognitiboa dutenek (adineko pertsonek, analfabeto funtzionalek, atzerritarrek eta abarrek) bizitza independenteak edukitzea da, eta bizitza horretako alderdi guztietan osoki parte hartu ahal izatea.

175

Arreta / Esku-hartze Goiztiarra, publikoa, unibertsala eta kalitate onekoa

Garapenaren nahasmenduak jasatea edo horiek jasateko arriskua izatea osasun-arazoak dira. Beraz, Arreta / Esku-hartze Goiztiarreko (A / EG) prestazioak Estatuko Osasun Sistemaren zorroan txertatu behar dira, horien unibertsaltasuna, doakotasuna eta kalitate ona bermatzeko.

Arreta / Esku-hartze Goiztiarrak (A / EG) osasun-sareko zentro publikoen ardurapekoa izan behar du, edo zerbitzu horretan eskarmentu frogatua duten irabazi-asmorik gabeko erakundeen ardurapekoa. Ezin du, inola ere, enpresa pribatuen esku geratu.

Hori guztia gogoan, haurrentzat Arreta Goiztiarreko Estatu Lege bat idatziko eta onartuko dugu, hauek guztiak bermatzeko: elkarrizketa; familien integrazioa eta parte-hartzea; diziplinartekotasuna eta maila altuko lanbide-prestakuntza; osasun-, gizarte- eta hezkuntza-zerbitzuetako profesionalen koordinazioa (jarduera zehatz eta osagarriak izango dituzte, inoiz ez elkarren artean ordezkagarriak). Deszentralizazioa ere helburu izango du legeak, eskainitako arreta hurbilekoa izateko eta familiak hartara erraz iristeko. Deszentralizazio horri esker, etxeko laguntza ere bere gain hartu ahal izango du, bai eta hauekin guztiekin harremana ere: lehen mailako osasun-zerbitzuak eta haur-eskolak eta ikastetxeak. Azkenik, sektorizatzearen alde egingo du legeak; habitata zein eskaria eta haurren Arreta Goiztiarreko Zentroen eraginkortasuna orekatzeko.

176

Mendekotasun egoeran dauden pertsonen eta haien zaintzaile eta senideen Autonomiaren eta Duintasunaren aldeko Legea

Mendekotasunaren inguruan gaur egun indarrean dauden legeak bateratzea eta gainditzea proposatzen dugu, estatu-itun bat lortzeko adostasun soziopolitiko zabal bat oinarri hartuta. Horrela lortuko da gure gizartean dauden askotariko bizi-egoerak kontuan hartu ahal izatea. Esate baterako:

haurrak; bizi-proiektu independenteak dituzten helduak; adineko pertsonak; dibertsitate funtzional fisikoa, sentsoriala, intelektuala duten pertsonak eta abar. Lege berriak gaur egungo ereduak sortzen dituen gaitz hauek murriztu edo gabetu nahi ditu: mendekotasun egoeran dauden pertsonen giza eskubideak egunero urratzea; pertsona horiek eta beren familiek bizi duten diskriminazio ekonomikoa; genero-desparekotasun sakoneko eredua, zainketen ekonomian; ezkutuko ekonomia eta lan-esplotazioa.

Legeak Danimarkako ereduari jarraituko dio. Mugimendu Feministaren eta Bizitza Independentearen Aldeko Mugimenduaren aldarrikapenak jasoko ditu eta hirugarren sektoreak zein Administrazioko gizarte-zerbitzuetako profesionalek egiten duten lanaren balioa aitortuko du. Bestalde, sustatuko dugun laguntza pertsonala herritarren beharretara egokituko da eta, horri esker izango dira egingarriak eta eraginkorrak bizitza independenteko proiektuak. Horrez gain, pertsonak beren gizarte-ingurunean geratzea sustatzen duten bizitza-ereduen alde egingo du legeak. Eta helburu izango du mendekotasun egoeran dauden pertsonak babestea eta, aldi berean, beren emantzipazioa sustatzea; bai eta gaur egun zaintzen dituen senidearena ere. Hori guztia gauzatzeko gure proposamen irmoa egoki finantzatutako zerbitzu publikoen zorro bat da, eskubideak mamituko dituena.

177

Aurrez aurreko plana, menpekotasun egoeran dauden pertsonen eta haien senideen duintasunaren alde

Gobernura iritsi eta lehenengo egunetan, neurri hauek hartuko ditugu, gaur egungo lege-esparrua oinarri hartuta, menpekotasun egoeran dauden milaka pertsonek eta haien familiek materialki bizi duten egoera larria arintzeko bidean:

  • 20 / 2012 errege dekretua indargabetzea, eskubideak murriztu baititu, bai eta Administrazio Orokorrak autonomia-erkidegoei ematen zien finantzazioa ere.

  • Adostutako maila eta gutxieneko finantzazio mailaren %13a berrezartzea. Hori lortzeko, emandako zerbitzuen kostu erreala egongo da Mendekotasun Legearen finantzazioaren oinarrian. Kopuru hori bitan banatuko da: % 50a Estatuko Administrazio Orokorrak hartuko du bere gain eta beste % 50a autonomia-erkidegoek, koordainketa ezabatuta. Sistema maila eta gradu guztietan ezartzen denean, legearen finantzazioa Autonomia Erkidegoak Finantzatzeko Lege Organikoaren (LOFCA) bidez artikulatuko da.

  • «Mendekotasunaren linboa» ezabatzea. Izan ere, 433 000 pertsona baino gehiago dira linbo horretan bizi direnak. Bestalde, legearen prozedura osoa sei hileko epean egitea eskatuko dugu, sistemako prestazio eta zerbitzuak jasotzeko eskubidea ematen duen gradu edo mailaren bat onartuta duten pertsonei Arreta eskaintzeko Banan-banako Programa (ABP) onar diezaieten, eta prestazio eta zerbitzuak benetan jaso ditzaten.

  • ABPen baitan, behar adinako laguntza pertsonala eta heldu guztientzat zenbait eskubide bermatzea, bizitza independentea izateko planen bidez eta autonomia-erkidego guztietan.

178

Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioko printzipioak eta balioak

Administrazioa baliabidez hornituko dugu, lege organiko bat onartzeko eta zabaltzeko; lege horren bidez, Estatuko ordenamendu juridikoa egokituko da Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioko (2006) balio, printzipio eta mandatuetara.

Artean eguneratu gabe dauden alderdi hauek egokituko dira: gaitasun juridikoa, justiziara sarbidea, babes judiziala, justizia inklusiboa eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen askatasuna. Horrela, edozein pertsonaren giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak sustatuko, babestuko eta onartuko dira, pertsona horien izaera eta egoera dena izanik ere.

179

Boto-eskubidea zabaltzea, dibertsitate funtzionala duten pertsonei

Dibertsitate funtzionala duten pertsona guztiek bizitza politikoan eta publikoan parte hartu ahal izatea bermatuko dugu, boto-eskubidearen bidez: osoki, benetan eta gainerako pertsonen baldintza beretan parte hartu ahal izatea. Pauso hauek emango ditugu, hori lortzeko:

  • Hauteskunde Batzorde Zentraleko datuen bidez jakingo dugu, dibertsitate funtzionala duen zenbat pertsonari kendu dioten boto-eskubidea, autonomia-erkidegoka.

  • Ekintzak burutuko ditugu, dibertsitate funtzionala duten pertsonek boto-eskubidea berreskura dezaten.

  • Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoak (LOREG) aldatuko ditugu, honetarako: batetik, botoa emateko oinarrizko eskubidea etorkizunean berriro inoiz eten ez diezaioten, dibertsitate funtzionala duen inori; bestetik, orain boto-eskubidea ez dutenei, hura itzultzeko.

  • Araudiaren egokitzapen bat egingo dugu, dibertsitate funtzionala duten pertsonen gaitasun juridikoaren inguruan. Dibertsitate funtzionala duten pertsonak ordezkatzen dituzten erakundeekin lankidetzan egingo dugu, haiekiko baldintza berdinetan.

180

Dibertsitate funtzionala duten Pertsonak Laneratzeko Legea

Dibertsitate funtzionala duten Pertsonak Laneratzeko Legea sustatuko dugu, beren jarduera-tasa % 50 handitu dadin, legealdiak irauten dituen lau urteetan. Horretarako, dibertsitate funtzionala duten pertsonak lan-munduan sartzeko lege-esparru berria proposatuko dugu, gaur egungoa gaindituko duena. Hauek izango ditu ardatz: laneratze-prozesuan banan-banako arreta; prestakuntzaren sustapena; banan-banako laguntza; lan-munduan sartzeko modu berri eta berritzaileak martxan jartzea; diskriminazio positiboa, laguntza-premia larria duten edo gizarte-bazterketa egoeran dauden dibertsitate funtzionala duten pertsonen alde. Genero ikuspegia puntu guztietan izango da kontuan.

181

Mendekotasunari buruzko eta Dibertsitate funtzionalari buruzko Herritarren Foro Iraunkorra

Mendekotasunari buruzko eta Dibertsitate funtzionalari buruzko Herritarren Foro Iraunkorra antolatuko dugu. Aldian-aldian bilduko da eta Estatuaren finantzazio egonkorra izango duen arren, bere funtzionamendua independentea, irekia, gardena eta demokratikoa izango da. Foroan parte hartzea nahi dugu mendekotasunarekin eta dibertsitate funtzionalarekin zerikusia duten hirugarren sektoreko enpresek, fundazioek edo elkarteek: hala nola gizarte-mugimenduek, herritarrek eta talde formaletakoak izan gabe, arazoa jasaten duten familiek. Foroaren helburua, mendekotasuna eta dibertsitate funtzionala oinarri, eztabaidatzea, azterketak egitea eta informatzea izango da; bai eta legeak eta politika publikoak proposatzea ere.

Inplikatuta dagoen gizarte zibilak proposamen horien berri izan behar du, bai eta horien inguruan adostasuna ere. Prozesu lotesleak egiteko aukera ere izango da, garrantzi handieneko gaien inguruan.

182

Dibertsitate funtzionala duten edo mendekotasun egoeran dauden pertsonen arretaz arduratzen diren hirugarren sektoreko elkarteen finantzazioa

Hirugarren sektorearekin gizarte-itun bat egingo dugu, dibertsitate funtzionala duten edo mendekotasun egoeran dauden pertsonek beren eskubideak osoki erabili ahal izango dituztela bermatzeko. Itunaren bidez, Estatuak baliabideak emango ditu mendekotasunaren eta dibertsitate funtzionalaren esparruan lan egiten duten irabazi-asmorik gabeko erakundeek funtziona dezaten eta erakunde horiek konpromiso etiko hauek beren egin ditzaten: etengabeko hobekuntza; gardentasun-irizpideak eta kalitate ona, programen eta zerbitzuen kudeaketan; gobernantzarako eta partaidetza demokratikorako mekanismoak jartzea. Mekanismo horiei esker eskubideak dituzten pertsona gisa hartuak izango dira Dibertsitate funtzionala edo mendekotasuna duten pertsonak, beren bizitzetako edozein etapari eragiten dioten esparru guztietan parte hartzeko aukera dutenak.

183

Errehabilitazio eta fisioterapia etengabekoa eta doakoa, mendekotasun egoeran dauden eta dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat

Mendekotasun egoeran dauden eta dibertsitate funtzionala duten pertsonetako askok behar dituzte errehabilitazio- eta fisioterapia-saio etengabekoak, baina ezin dituzte ordaindu. Maiz, ez dute haietarako eskubiderik ere, Osasun Sistema Nazionalaren baitan.

Saio horiek duten garrantzi terapeutikoa dela eta, Estatuko Osasun Sistemak ematen dituen zerbitzuen zorroaren barruan egotea proposatzen dugu (medikuaren errezetarekin jasotzekoak). Horrela bermatuko da errehabilitazioa eta fisioterapia unibertsalak, doakoak eta kalitatekoak izatea.

184

Prestazioak gehitzea eta arintzea, produktu ortoprotesikoentzako

Mendekotasun egoeran dauden eta dibertsitate funtzionala duten pertsonetako askok produktu ortoprotesiko garestiak behar dituzte, funtzionaltasun handiagoa eta bizitza osoagoa izateko; hala nola gurpil-aulkiak, kortseak eta kokleako inplanteak. Diru-laguntzen sistema aldatzea proposatzen dugu, neurri hauetatik abiatuta:

  • Diru-laguntzak handitzea, baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsonek gama oso baxuetako materialetara jo behar ez izateko, gaur egun egin behar duten eran.

  • Autonomia-erkidego guztietako prestazioak homogeneizatzea.

  • Administrazioak dirua aurreratu ahal izatea, pro-forma faktura bat (edo parekoren bat) onartu eta aurkeztu ondoren. Horrela, baliabide urriko pertsonek ez dute dirua jarri, eta itzul diezaieten itxaron beharrik izango.

  • Laguntzak jasotzeko prozesua bizkortzea eta, bereziki, mediku espezialistekin hitzorduak presakoak izatea, haien osasun-txosten bat behar denean.

  • Sistemaren barruan pilatu diren atzerapenak lehenbailehen ordaintzea.

185

Konstituzioan, keinu-hizkuntzei hizkuntza koofizialaren maila ematea

Konstituzioko 3. artikulua aldatu nahi dugu, keinu-hizkuntzei Estatuko hizkuntza ofizialen maila esplizituki emateko.

186

Estatuko Administrazio Orokorreko erakundeetan genero ikuspegia txertatzea, diskriminazioa alde batera uzteko eta gizonen eta emakumeen berdintasuna lortzeko

Administrazioaren funtzionamenduan eta politika publikoetan berdintasun-printzipioa zeharka txertatzea indartzeko ekintzak abiatzea proposatzen dugu. Horretarako, honako hau egingo dugu:

  • Lehendakaritza Ministerioaren mendeko Berdintasuneko Estatu Idazkaritza sortzea, organo erreferente izan dadin politika publikoetan berdintasun-printzipioa zeharka txertatzeko eta gai hori koordinatzeko, erakundeen barnean nahiz horietatik kanpo.

  • Martxoaren 22ko 3 / 2007 Berdintasunerako Legearen 77. artikuluan aipatutako Ministerioetako Genero Berdintasunerako Unitateen funtzionamendua, eskumenak eta osaera arautzea.

  • Administrazio nagusiko eta autonomia-administrazioko berdintasunerako erakundeen arteko aliantza administratiboetarako sarea osatzea.

  • Genero txosten lotesleak egitea. Estatuko Aurrekontu Orokorrekin ordainduko dira.

187

Emakumeak Indar Armatuetan eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetan

  • Plan espezifikoa gauzatuko dugu emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta genero-identitateagatiko eta sexu-orientazioagatiko diskriminaziorik ez egoteko.

  • Zigor Kode Militarrean sexu-jazarpen gaietan dauden lege-hutsuneak aztertuko ditugu, horrelako gertaerak arlo militarrean noraino iristen diren ezagutzeko.

  • Indarkeria matxistei buruzko protokoloak sortuko ditugu emakume langileentzat, salatzekotan haien karrerak kalte gehigarririk ez pairatzeko.

  • Indar Armatuetako eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako lan-arloan gertatzen diren generoagatiko botere-abusuak eta diskriminazioak juridikoki arautuko ditugu.

  • Sexu-jazarpenari buruzko kontzientziazio-kanpainak egingo ditugu talde horietan.

  • Lan-tresnak eta segurtasunerako materiala emakume langileen beharretara egokituko ditugu.

  • Lan-bizitza eta familia bateragarri egiteari eta familia-erantzunkidetasunari buruzko neurri eraginkorrak hartuko ditugu, bai nazio-lurraldean zerbitzu egiten duten lanpostuetan bai atzerriko misioetan.

  • Zerrenda militarrean mailaz igotzeko irizpideak berraztertuko ditugu, goi-aginteetan emakume gehiago egon daitezen bermatzeko.

188

Indarkeria matxisten aurrean, emakumeen independentzia

Emakumeen independentzia segurtatuko dugu. Norbait indarkeria-egoera bati amaiera emateko gai izango bada, independentea izan beharko du, hautabideak izan beharko ditu, alegia.

Genero Indarkeriari buruzko Legea aldatuko dugu, emakumeak subjektu aktibotzat har ditzan, eta ez biktimatzat. Gainera, indarkeria matxista mota guztiak bilduko ditugu bertan, Istanbulgo Hitzarmenak ezarritakoaren arabera: derrigorrezko ezkontza, «ohorezko» krimenak, emakumeen eta nesken salerosketa, emakumeen genitalen mutilazioa, eta abar. Horrez gain, esku-hartze psikosozialeko planak egingo ditugu indarkeria matxista dela eta kondenatutako gizonentzat, eta indarkeria matxistak prebenitzeko neurriak indartuko ditugu, nerabeen indarkeriazko jokaerak saihesteko kanpainen bitartez, eta (batik bat, gizonak) sentsibilizatzeko eta gizartean parte hartzera bultzatzeko kanpainen bitartez. Bestalde, indarkeria matxista pairatzeko arriskuan dauden adingabeei babesa eta laguntza emateko zerbitzuak sortuko ditugu, haien segurtasuna bermatzeko.

Indarkeria matxistaren biktimei berehalako ordezko bizitokia bermatuko diegu, eta diru-laguntzak jasotzeko lehentasuna izango dute. Horretarako, ez da ezinbestekoa izango aurrez salaketarik jarri izana.

Berrogeita bost urtetik gorako emakumeentzako eta gizartetik baztertzeko arriskuan daudenentzako enplegu-plana sortuko dugu.

189

Genero-identitateagatiko eta sexu-orientazioagatiko diskriminazioaren aurkako legea

  • LGTBIfobiaren aurkako Estatu Behatokia sortuko dugu. Behatoki horrek legea betetzen dela zainduko du, salaketak jaso eta kudeatuko ditu, eta ofizioz jardungo du. Autonomia-mailan ere behatokiak sortu daitezen suspertuko dugu.

  • LGTBI Pertsonen Berdintasunerako Estatu Kontseilua abiatuko dugu. Kontseilu hori txostenak idazteaz, ikerketak burutzeaz, lege-proposamenak egiteaz, eta usteko erasotzaileen eta diskriminatzaileen aurkako akzio penalak aurkezteaz arduratuko da.

  • Emakumearen Erakundearen eta Gazteriaren Erakundearen maila berean egongo den LGTBI Erakunde Nazionala sortuko dugu.

  • Konstituzioaren 14. artikulua erreformatuko dugu, sexu-orientazioagatiko eta genero-identitateagatiko diskriminazioak berariaz jaso ditzan.

  • Sexu-orientazioagatiko eta genero-identitateagatiko Eskola Jazarpenaren Aurkako Plan Nazionala egingo dugu. Plan horrek prestakuntza, sentsibilizazio-kanpainak eta biktimentzako laguntza barne hartuko ditu.

190

Gizakien Salerosketaren aurkako Lege Integrala

Biktimek eskubide-subjektu gisa duten eginkizun garrantzitsua berretsiko dugu, eta (Estatuko, erkidegoetako eta tokian tokiko agintaritzok) modu koordinatuan jokatuko dugu, salerosketaren biktimak nor diren jakin eta babesteko.

  • Gehiago babestea, sendatzeko eta gogoeta egiteko denboraldia bermatzea, eta deportatzea edota Atzerritarrak Barneratzeko Zentroetan (CIE) sartzea debekatzea. Gizakien salerosketaren biktimak irregulartasun egoeran egotekotan agintaritzei laguntza ez emateagatiko erantzukizun penala ezabatzea.

  • Bisatuak eta asilo-eskaerak izapidetzen lan egiten duten arlo juridikoko profesionalei, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako kideei eta lan-ikuskatzaileei ikuspegi psikosoziala barne hartzen duen prestakuntza eman.

  • Salaketarik egotekotan, baita epaiketaren ondoren ere, biktimei arreta osoa emateko mekanismoak sortu, ikuspegi integratzaile eta transkulturaletik, babesa modu eraginkorrean emate aldera. Edozein salerosketa mota pairatu dutenentzako asilo-eskubidea bermatzea, baita aldi baterako bizileku-baimena ere.

191

Genero-identitateari buruzko Lege berria egitea

Genero-identitateari buruzko Lege berria egingo dugu. Lege horrek pertsona intersexualen eskubideak babesten direla bermatzeko neurriak jasoko ditu. Halaber, agirietan izena eta sexua aldatu nahi duten pertsona guztiei eskubide hori bermatuko diegu. Neska-mutil transexualei eta etorkinei arreta berezia emango diegu, eta helburu horietara bideratutako protokoloak sinatzeko eskatuko diogu Administrazio Publiko osoari.

Hala nahi duten pertsona transexualei irizpide ez-patologizatzaileetan oinarritutako osasun-laguntza profesionala bermatuko diegu. Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu orokorren zerrendan pertsona transexualentzako gertuko osasun-laguntza sartuko dugu (beharrezko kirurgiak eta adingabe transexualentzako arreta barne hartuko ditu), Estatuko edozein lekutatik arreta ez-patologizatzailea eta berdintasunezkoa jaso dezaten. Horretarako, profesionalen esku jarriko dugu behar duten prestakuntza klinikoa eta psikosoziala.

Pertsona transexualentzako enplegu-planak sortuko ditugu, bai eta enplegu publikoko kuotak ere.

Pertsona transexualen ugalketa-eskubideak aitortzea bermatuko dugu.

192

Lan-bizitza eta Familia Bateragarri Egiteko Plan Estrategikoa

Ukitutako alderdi guztiak kontuan hartzen dituen Lan-bizitza eta Familia Bateragarri Egiteko Plan Estrategikoa egingo dugu. Plan horrek azken hamar urteotan arlo horretan abiatutako politika publikoak ebaluatuko ditu. Plan estrategiko horren helburu nagusia honako hau izango da: haurrek , nerabeek eta mendeko helduek hazkuntza eta arreta familia-eremuan jaso dezaten suspertzea.

  • Zaintzaileen lan-ordutegiak egokitzeko neurriak sustatuko ditugu, hala nola ordutegi malguagoak, telelana, edota haurrak, nerabeak eta mendeko pertsonak zaintzeko baimenak.

  • Haurrek zero urte dituztenetik haur-hezkuntza unibertsal publiko eta doakorako eskubidea aitortuko diegu, eta hezkuntza hori pixkanaka ezartzeko plana egingo dugu.

  • Lanaldi osoko lan-jardunaldi laburrak sustatzen dituzten eta lan-ordutegiak eskola-ordutegietara egokitzen dituzten kontratu moten alde egingo dugu.

  • Jaiotzagatiko edo adopzioagatiko baimenen sistema erreformatuko dugu: aitatasun-baimena luzatuko dugu eta amatasun-baimenarekin parekatuko dugu. Eskubide-berdintasuna bermatzeko, bi gurasoen baimenek berdinak eta besterenezinak izan behar dute, biei soldataren % 100 ordainduko zaie, eta bien lanpostuak berdin-berdin babestuko dira aitatasun-amatasun eskubideak erabiltzen dituzten bitartean.

  • Familiak atseden hartzeko planetan haurren, nerabeen eta mendeko pertsonen zaintzaileak ere sartuko ditugu, eta familia gurasobakarrak bereziki hartuko ditugu kontuan.

193

Familia gurasobakarrak babestea

Familia gurasobakarrak babesteko neurri zehatzak hartuko ditugu, bereziki zaurgarriak izatea orekatzeko.

  • Familia gurasobakar kontzeptua zehaztasunez definitzea, familia horiei haien estatusa irizpide berberen arabera aitor diezaieten Administrazioko maila guztietan. Familia gurasobakar izaera egiaztatzeko txartela sortzea.

  • Ordaindutakoaren araberakoa ez den amatasun-prestazioa sortzea bitartekorik ez duten guraso bakarrentzat, baldin eta jardunean badaude enplegu-eskatzaile gisa.

  • «Familia gurasobakarra» kategoria talde berezitzat hartzea, jantokirako bekak eta hezkuntza-arloko materialak erosteko bekak jaso ditzaten errazteko.

  • Familia gurasobakarrak bereziki kontuan hartzea alokatzeko laguntzen onuradun gisa, eta etxebizitza babestuak eskuratzeko lehentasuna ematea.

  • 0 eta 3 urte bitarteko haur-hezkuntzako plazak esleitzean familia gurasobakarren seme-alabei lehentasuna ematea.

194

Aita eta ama gazteei laguntzeko plana

Aia eta ama gazteei bereziki behatuko diegu, haien seme-alaben zaintza bateragarria izan dadin haien lanbide-karrerarekin edota ikasketak hasi eta jarraitzearekin.

  • Aita eta ama gazteak kontratatzea sustatzeko laguntzak ezartzea.

  • Aita eta ama gazteek lanean eta ikastetxeetan ordutegi malgutasuna izatea suspertzea, eta ordutegiak aukeratzerakoan lehentasuna ematea.

  • Ama gazte bakarrei diru-laguntzak ematea.

  • Unibertsitateetan eta lanbide heziketako ikastetxeetan sare publikoaren mendeko haur-eskolak jartzea, bai goi-mailako heziketa ikasi nahi duten aita eta amentzat bai ikastetxe horietako langileentzat ere. Modu horretan, espazioen eta langileen aprobetxamendua sustatuko dugu.

  • Etxebizitza babestuak alokatzeko lehentasuna ematea.

195

Familia mota guztiak aitortzea

  • LGTBI familiek adoptatzea babestuko dugu.

  • Legeak, agiri ofizialak eta administrazio publikoetako inprimakiak aldatuko ditugu, inongo familia motarik kanpoan ez uzteko.

  • Emakume lesbianen bikoteek ama izateko aitatasun-espedienterik egin behar ez izatea segurtatuko dugu.

  • Emakume lesbianen bikoteei seme-alabatasuna aitortzen zaiela bermatuko dugu, bikote heterosexualen baldintza berberetan ama izan ahal izateko. Beraz, horrelako kasuetan jaiotza berriak erregistratzeko gaur egun eskatzen diren baldintza gehigarriak ezabatuko ditugu.

196

Amatasun libre eta erabakirako eskubidea

Honako neurri hauek hartuko ditugu emakumeek ama izan nahi duten ala ez askatasunez erabaki dezaten bermatzeko:

  • Emakume guztiei Osasun Sistema Publikoan laguntza bidezko ugalketa jasotzeko eskubidea bermatuko diegu.

  • Hala eskatzen duten emakume guztiek metodo antikontzeptibo guztiei (hormona bidezkoak, barrerakoak, kirurgikoak, punta-puntako metodoak) buruzko informazioa eta metodoak berak eskuragarri dituztela segurtatuko dugu. Horiek guztiak Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzuen zerrendan sartuko ditugu.

Horrez gain, urgentziazko antikontzeptiboak (hurrengo eguneko pilula) lehen mailako arretako zentro eta larrialdietako zerbitzu guztietan ematen dela bermatuko dugu.

  • Edozein emakumeren, emakume gazteak barne, haurdunaldiaren borondatezko etenduraren kostuak Osasun Sistema Publikoak ordaintzea segurtatuko dugu.
197

Nork bere haurdunaldiari, erditzeari eta erditze-osteari buruz hartutako erabakiak errespetatzea

Osasun sisteman amatasun-gaietan emakumeen beharrak eta erabakiak onartzea eta errespetatzea sustatuko dugu, neurri hauen bitartez:

  • Emakume guztiek haurdunaldi- eta erditze-prozesu osoan zehar informazio argi eta osoa jaso dezaten erraztea.

  • Emakumeek haurdunaldian eta erditzean hartutako tratamenduaren inguruan askatasunez erabaki dezaten suspertzea, eta haurdunaldian eta erdiberriaroan emakumeak protagonista egiten dituzten eta erabaki arduratsuak hartzeko gaitasuna aitortzen dieten praktikak indartzea. Erditzeko prestakuntzan eta erditzean emaginen eginkizun garrantzitsua sustatzea.

  • Zesarea eta eragindako erditzeen kopurua Osasunaren Mundu Erakundeko protokoloetan gomendatutako ehunekora murriztea (% 15) eta erditzeko prestakuntza emakume langileen ordutegietara egokitzea.

  • Luzaroko edoskitzea nahi duten emakumeei erraztasunak

eman.

  • Edoskitzea eta beste zaintza lan batzuk erraztea eta bermatzea lau hilabeteko baimena amaitu ondoren. Lehen mailako langile soziosanitarioek edoskitze-gaietan prestakuntza jaso dezaten suspertzea.
198

GIBaren aurka borrokatzeko plana: informazioa, prebentzioa eta arreta

  • STI / GIB programak sustatuko ditugu, eta horietan genero-desberdintasunak landuko dira.

  • GIBaren test lasterra eskuragarriago egingo dugu eremu klinikotik kanpo, baheketa-testak egiten dituzten gizarte-erakundeei laguntza emango diegu, eta test horiek osasun-zentroetan ere ezarriko ditugu.

  • Ikastetxeetan genero ikuspegia kontuan hartzen duten GIBari buruzko hezkuntza-programa integralak abiatuko ditugu.

  • Osasun-zerbitzu publikoan arreta-zerbitzu unibertsala bermatuko diegu pertsona guztiei, haien lan-egoera edo administrazio-egoera gorabehera.

  • GIBaren aurkako tratamenduari laguntzeko etxebizitzen eta GIBarekin bizi diren gaixoei laguntzeko etxebizitzen iraupena bermatuko dugu, ezinbesteko tresnak baitira gizarte-larrialdian dauden gaixoen tratamendu integralerako. Horrez gain, laguntza psikosozialeko programak ere indartuko ditugu.

  • Ospitaleen protokoloak bateratuko ditugu, irizpide desberdinak erabiltzea saihesteko.

  • STI zentroetako arretaren kalitatea homogeneizatuko eta hobetuko dugu genero ikuspegitik.

  • GIBarekin bizi diren eta askatasunaz gabetuta dauden pertsonek tratamendua jasotzen dutela bermatzeko neurriak abiatuko ditugu.

199

Indarkeria matxistaren biktimei ordezko etxebizitza bermatzea

Indarkeria matxistaren biktima diren emakume eta adingabeei berehalako ordezko etxebizitza bermatuko diegu hogeita hamar eguneko epean. Horrez gain, Herritarren Larrialdietarako Prozeduran zehaztutako prestazioak jasotzeko lehentasuna izango dute. Prestazio horiek egokiak eta nahikoak izango dira, eta beroriek jasotzeko ez da ezinbestekoa izango aurretiaz salaketarik jarri izana; nahikoa izango da indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko kualifikatutako profesionalen txostena.

200

Emakume guztien erabakitzeko eskubidea defendatzea

Haurdunaldiaren Borondatezko Etenduraren Legearen erreforma indargabetuko dugu, sexu-abusuak pairatzen dituzten eta familia-eremuan zaurgarritasun egoeran dauden adingabeek gurasoen baimenik gabe haurdunaldia eteteko aukera izan dezaten.

201

Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189 Hitzarmena lehenbailehen berrestea

Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LNE) 189 Hitzarmenak xedatutakoaren arabera etxeko langile guztien giza eskubideak babesten eta sustatzen direla bermatzeko neurriak hartuko ditugu.

202

Familia gurasobakar amadunak: amatasun independente eta seguruaren alde

Haien ardurapeko seme-alabak dituzten ama ezkongabeen familiak babesteko neurriak abiatuko ditugu:

  • Ardurapeko seme-alabarengatiko Gizarte Segurantzako prestazioaren onuradun direnek jasotako prestazioaren zenbatekoa handituko dugu. Familia gurasobakarrek gehienez ere 150 euro jasoko dituzte hilean.

  • Ordaindutakoaren araberakoa ez den amatasun-prestazioa sortuko dugu bitartekorik ez duten amentzat, baldin eta jardunean badaude enplegu-eskatzaile gisa.

  • Etxegabetzeetan eta utzarazteetan haurrak babestea bermatuko dugu.

-Familia-unitate gurasobakar batek gutxienez seme-alaba bat izatea zaurgarritasun bereziko familia-egoeratzat hartuko dugu. Hori dela eta, gehiago babestuko ditugu etxegabetzeen aurrean; hipoteka zorra lehentasunez berrantolatzeko aukera emango diegu, eta zaurgarritasun egoeran dauden neska-mutilak gehiago babestuko ditugu ordezko bizitokia emateari dagokionez, hau da, utzaraztea gauzatu aurretik ordezko etxebizitza duina emango diegu.

203

Kultura eta Komunikazio Ministerioa

Kultura oinarrizko eskubidea da, guztion ondasuna, eta, sektore produktibo estrategiko gisa, bere espezifikotasunak aintzat hartuko dituen ministerio bat behar du. Horregatik, Kultura eta Komunikazio Ministerioa sortuko dugu, eta kultura-arloko berezitasunetara egokituko da. Komunikazioaren eta kulturaren arteko egungo integrazio konplexuak (aro digitalak baldintzatuta) eskatzen du bi sistema horiek politika publiko berean aztertzen dituen planteamendu bat egitea. Harreman hori artikulatuko duen ministerio bat sortuz gero, politika koordinatuak ezar daitezke; politika koordinatu horiek gai izango dira zentzuen zirkulazioa, ekoizpena, transmisioa eta sorkuntza sustatzeko. Esparru berri horretan, Kultura eta Komunikazio Ministerioak honako ekintza hauek garatuko ditu:

Egungo plan orokor edo plan estrategikoak (mugatuak eta eragin gabekoak) alde batera utzita, politika kulturalak artikulatuko dituzten plan operatiboak garatu; horiek ezartzeko, bitartekoak ziurtatuko dituzte, eta gainbegiratzeko, berrikusteko, ebaluatzeko eta kontu-emateko prozedurak ezarriko dituzte.

Kultura- eta arte-munduko egungo errealitateari erantzuteko, organigrama aldatu; besteak beste, Kultura Digitaleko Zuzendaritza Nagusia sortu; zenbait menpeko erakunderen egitura eta funtzionatzeko moduak aldatu eta erakunde horien autonomia sustatu, hala nola Zinematografiaren eta Arte Audiobisualen Institutuarenak eta Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalarenak, hala, gehiegizko burokratizazioa, immobilismoa eta egiteko modu zaharkituak gainditzeko, kanpo-proposamenei harrera hobea egiteko eta egungo eta etorkizuneko beharretara egokitzeko.

204

Kulturaren aldeko ituna eta kultura sektorearen berariazko legeak

Eragile guztien eta talde parlamentario guztien adostasunarekin, Kulturaren Aldeko Ituna garatuko dugu, honako helburu hauek lortzeko: kultura-sektorearen independentzia zaindu; kulturaren arloko ezagutza, ekoizpena, sorkuntza, aniztasuna, sarbidea, jardunbide egokiak eta kudeaketa arduratsu, demokratiko eta gardena sustatu; eta kulturaren iraunkortasuna, sustapena, zaintza eta hedapena bermatu, gertakizunen eta aldaketa politikoen eraginetik kanpo. Kulturaren aldeko Itun horren babespean, berariazko legeak landuko dira; hala nola Zinearen Legea, Arte Eszenikoen Legea, Musikaren Legea eta Irakurketaren Lege berri bat. Sektore bakoitzeko behar estruktural eta berezitasunei aurre egitea izango da lege horien xedea.

205

Goi mailako irakaskuntza artistikoen legea

Irakaskuntza Artistikoen Goi Kontseiluarekin elkarlanean eta hezkuntza-komunitatearen aldarrikapenei jarraituz, estatu-mailan jardungo dugu, Goi Mailako Irakaskuntza Artistikoen Lege bat idatzi eta onartzeko eta dagozkion hezkuntza-legeak aldatzeko. Horri esker, irakaskuntza horien esparru propioa bere osotasunean garatuko da eta egungo baliokidetza-markoa gainditu egingo da, haren idiosinkrasia errespetatuz. Hala, unibertsitate-ikasketekin, guztiz parekatuko da bere araudian, alderdi hauei dagokienez: funtzionamendu-egiturak, kategoriak, independentzia, autonomia, eskainitako tituluen tipologia eta izenak (gradu, master eta doktoregoa), ikasleen estatutua eta irakasleen maila eta ordainsariak.

Halaber, irakasleen etengabeko prestakuntzarako prozedurak ezarriko ditugu, irakaskuntza horien goi-mailara eta gaitasunen eremura egokituta; eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemari loturiko ikerketa-lerroak garatzea bultzatuko dugu. Horien bidez, ikerketa, berrikuntza eta sorkuntza integratzera bideratutako ikerketa-taldeak sortuko dira irakaskuntza teknikoen goi-mailako zentroetan. Bateraezintasunak kenduko ditugu eta goi-mailako zentroetako irakasleen jarduera artistikoak sustatzeko formulak bultzatuko ditugu. Ikasketa-planak eguneratuko ditugu, egungo eremu artistikoaren beharretara egokitzeko, orain arte esparru akademikotik kanpo egon diren eta egungo panorama artistikoa ulertzeko ezinbestekoak diren diziplinak kontuan hartuz.

Araudi berri horrek Arteen Unibertsitateak sortzea erraztuko du, eta, horietan, egungo kontserbatorioak eta goi-mailako eskolak integratu ahal izango dira. Unibertsitate horiek guztiz parekatuko dira unibertsitate-esparruarekin eta beren eremu propioa errespetatuko dute goi-mailako hezkuntzaren Europako esparruan; horretarako, prestakuntza artistikoaren berezitasunak eta beharrak izango dira kontuan.

206

Ikus-entzunezko komunikazioaren lege orokorra aldatzea

Estatuko hedabideen eremua Europako estandarretara eguneratzeko, Ikus-entzunezko komunikazioaren Lege Orokorra aldatuko dugu, lau alderdi hauetan arreta jarriz:

Hedabide publikoetan (RTVE, EFE Agentzia, etab.), gobernuaren eragina saihestu eta, hala, beren independentzia eta aniztasuna, edukien kalitatea eta sarbide-eskubidea betetzea bermatu. Horretarako, erakunde hauen eskumenak eta parte-hartzea sustatuko ditugu: Albistegien Kontseilua, Gizarte Kontseilua, Ikus-entzulearen Defendatzailea eta hedabide interaktiboen arloak. Erakunde horien lehendakaritza lehiaketa publikoen bidez hautatuko da; lehiaketa horiek proiektu bat aurkeztea eskatuko dute.

Espektro irrati-elektrikoaren kudeaketa-irizpideak berraztertu, komunikazioaren hiru sektoreen (publikoa, komertziala eta hirugarren sektorea) arteko banaketa orekatuagoa bermatzeko, eta espektro horren aprobetxamendu hobea lortzeko (estandar europarren arabera); hala, lehia librea bermatuko da eta aniztasun-adierazleak hobetu.

Irabazi asmorik gabeko hedabide sozial eta komunitarioak aitortu eta babestu (UNESCOren gomendioei jarraituz). Hori osatzeko, Lurreko Telebista Digitaleko bi Open Channels eta tokiko emanaldiak egiten dituzten irratia sortuko dira, eta irabazi-asmorik gabeko hedabide horiekin elkarlanean kudeatuko dira, Alemanian, Norvegian edo Finlandian egin ohi den bezala.

Ikus-entzunezkoaren Kontseilu bat sortu, independentea eta Europako Aginte Arautzaileen Plataforman integratua, gure inguruko hainbat herrialdetan existitzen direnen antzekoa.

207

Kulturaren Profesionalen Batzarra eta Herritarren Kultura Behatokia

Kultura eta Komunikazio Ministerioaren egitura berrian, Kulturaren Profesionalen Batzarra eta Herritarren Kultura Behatokia sortuko ditugu; horietan, sektore osoa egongo da ordezkatuta, bere aniztasun eta konplexutasuna aintzat hartuta, eta gobernantza kulturalean hartuko du parte. Injerentzia politikoak indargabetzea eta afera kulturalen kudeaketa modu alderdikoian ez erabiltzea izango da bi erakunde horien asmoa. Kulturaren Profesionalen Batzarrak afera kulturalen gobernantzan hartuko du parte, erabakitzeko gaitasunarekin, eta Administrazioaren eta sektore kulturalaren arteko harremanak ezarriko ditu. Ildo horretatik, Batzarrak harreman-bide zuzen, eraginkor eta gardenak ziurtatuko ditu, politika kulturalak diseinatzean, gainbegiratzean eta garatzean profesionalek parte har dezatela sustatzeko. Estatutu batek finkatuko ditu haren eginkizunak, helburuak, erantzukizunak, egitura, funtzionamendua eta haren kideen eskubide eta betebeharrak. Esparru bakoitzaren berezitasunei erantzuna emateko, sektore-komisio espezifikoak izango ditu: hala nola, musika, arte bisualak, arte eszenikoak, liburuak, ondarea, ikus-entzunezkoak edo komunikazioa. Herritarren Kultura Behatokiari dagokionez, itzultze sozialen adierazleen bitartez, zenbait proiekturen garapena aztertu eta gainbegiratuko du, eta horiek egoki funtzionatzen dutela eta baliabide kulturalak ongi kudeatzen direla bermatuko du; herritarrek politika kulturalen diseinuan eta ebaluazioan parte hartzeko balioko du.

208

Kulturaren herri administrazioa modu arduratsu eta eraginkorrean kudeatzeko neurriak

Kultura eta Komunikazio Ministerioaren eta haren menpeko erakunde guztien jarduera guztietan, gardentasuna aplikatuko dugu; hala, baliabideak kudeatzean eta esleitzean, argitasun informatiboa bermatuko dugu, eta Ministerioarekin berarekin zerikusia duen edo Ministerioak gainbegiratzen duen informazioa azkar eta erraz eskuratzea ere bermatuko dugu. Arlo kulturaleko erantzukizun-karguetara sartzeko prozesu garden eta demokratikoak arautuko ditu Ministerioak (proiektu bat aurkeztea eskatuko duen lehiaketa publiko baten bidez); sektore horren konplexutasunak ulertzen dituen eta konpetentziaz, elkarrizketa-gaitasunez eta eraginkortasunez jardungo duen lan talde bat osatzea izango da helburua. Ildo beretik, arrazionaltasuna, proportzioa eta kontrol-neurriak ezarriko dira goi-kargudunen ordainsariak finkatzerakoan (esate baterako, erakunde publikoen edo funts publikoekin finantzatutako erakundeen zuzendariak); eta, halaber, Ministerioak eta aholkularitzan edo jarduera artistiko eta kulturaletan jarduten diren menpeko erakundeek kontratatutako langileriaren ordainsariak finkatzerakoan. Zerbitzuak kanporatu behar izanez gero, gardentasuna bermatzeko neurriak hartuko dira, eta gaitasuna duten profesionalen kontratazioa bultzatuko da, baina irizpide ekonomiko hutsak baztertu egingo dira. Halaber, jardunbide egokien arautegiak garatu eta zabalduko dira, eta, horrelako arautegirik ez duten sektoreetan, arautegiak sortuko dira eta horiek eraginkorki ezartzen direla zainduko da, bai jardunbideak aurrera eramateko eta karguak izendatzeko, bai erakunde publikoen, erakunde mistoen eta gehienbat funts publikoez finantzatutako erakundeen funtzionamendurako.

209

Kultura digitalaren zuzendaritza nagusia eta kultura irekiaren plataforma publikoa

Kultura Digitalaren Zuzendaritza Nagusi berria Kultura eta Komunikazio Ministerioan sartuko dugu. Zuzendaritza horrek gainontzeko zuzendaritza nagusiekiko zeharkako lana egingo du, eta inguru digitalera egokitutako politika kultural publikoak garatuko ditu. Zuzendaritza Nagusi horrek, besteak beste, Kultura Irekiaren Plataforma Publikoa sortuko du. Plataforma horren helburuak hauek izango dira: eskubide askeko edukiak pertsona guztien eskura jarri; modu orokorrean, sorkuntza digitalen hedapena sustatu; funts kultural publikoak ezagutarazi, eta sorkuntza artistikoaren eta ondare kulturalaren hedapena inguru digitalean zabaldu. Besteak beste, Plataforma horren bidez, jarduera hauek garatuko dira:

Eskubide askeko eduki eta tresna digitalen erabilera eta ezagutza sustatu

Herritarren eskura jarri, dohainik eta streaming bidez, sorkuntza musikalak, literarioak, ikus-entzunezkoak edo edozein izaera digitaletakoak, beren sortzaile edo ekoizle independenteek hala eskatzen badute.

Museo publikoen funts artistikoak digitalizatu, herritarren eskura jartzeko; halaber, areagotutako errealitateko edukiak garatu, ondasun-eremuak “museo” bihurtzeko, hezkuntza- eta ikerketa-xedeekin.

Eremu digitalean, hedapena sustatu, eduki digital berriak garatu, eta dokumentazio- eta hedapen-zentro publikoen funtsak digitalizatu (hala nola, Espainiako Filmoteka, Antzerkiaren Dokumentazio Zentroa, Musikaren eta Dantzaren Dokumentazio Zentroa edo Liburutegi Nazionala). Bestalde, Kultura Digitaleko Zuzendaritza Nagusiak funts editorialaren digitalizatze-prozesua bultzatuko du, digitalizatutako tituluak erosiz, eta, biblioteka publikoekin (herri-mailakoak, erkidego-mailakoak zein estatu-mailakoak), elkarlanean arituko da liburu elektronikoen mailegua kudeatzeko.

210

BEZ kultural murriztua

Sorkuntza, ekoizpena, hedapena eta sarbidea dinamizatu eta bultzatzeko asmoz kulturaren fiskalitatea erreformatzeko neurrien artean, maila murriztuan jarriko dugu egun zerga maila normalean dauden zerbitzu eta produktu kulturalen BEZa. Aldaketa horrek BEZaren 37/1992 Legea aldatzea ekarriko du eta araudi eta jurisprudentzia komunitarioarekin harmonizatzea izango du helburu; nolanahi ere, Europako beste estatuetan bezala, produktuaren eta zerbitzuen arteko bereizketaren berezko zurruntasuna aldatu nahi da, dagokion zerga-maila ezartzerakoan.

211

Mezenasgo eta babesletza lege berria eta kulturaren funts soziala

Mezenasgo eta Babesletza Lege berri bat bultzatuko dugu; lege horrek makromezenasgoa zein mikromezenasgoa sustatuko ditu, baita kulturaren finantzazioan banakoen eta enpresen parte-hartzea ere. Lege horrek eremu publiko eta pribatuen arteko elkarlana eraberrituko du, eta Kulturaren Funts Soziala sortzearekin egongo da lotuta. Kulturaren Funts Sozialaren kudeaketan, elkarlanean arituko dira, Kultura eta Komunikazio Ministerioa, Kulturaren Profesionalen Batzarra, Herritarren Kultura Behatokia, profesionalak eta, oro har, gizartea Administrazioan inplika daitezen. Funts horrek proiektuen leiho ireki bat izango du urtean zehar, eta, kudeaketan, honako hauetan jarriko du arreta: mapeoa; finantzaketa; bitartekotza; eta proiektuak, erakundeak, ekintzak, enpresak eta banakoak sustatzea, baldin eta, oro har, artearekin eta kulturarekin lotutako proiektuetan sorkuntza-, hezkuntza-, ikerketa-, hedapen-, banaketa-, kontserbazio-, ekoizpen- garapen-lanak egiten badituzte. Hauen bitartez finantzatuko da:

Sozietateen edo banakoen arteko transmisio kulturaletatik eratorritako zergen %18a

Helburu kulturaletarako, lauki berri bat (Lauki Kulturala) egongo da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren 100 ereduan.

Ondare Historikoaren Legeak kulturarako aurreikusten duen %1,5; Lege horrek behartzen du ehuneko hori lan publikoen kontratuen aurrekontuetatik ondasunaren babes- edo kontserbazio-lanetara eta sorkuntza artistikoaren sustapenera bideratzera. Eskumen hori, orain arte, Sustapen Ministerioarekin partekatu da, baina Kultura eta Komunikazio Ministerioari soilik esleituko zaio.

Banakoen eta enpresen borondatezko ekarpenak (zerga-kenkarien eskubidea emango dute).

Administrazio zentralaren eta gainontzeko administrazioen (Europakoak, erkidegoetakoak zein tokikoak) ekarpenak, baldin eta, laguntzeko asmoz, funtsaren kudeaketan parte hartu nahi badute.

Kulturaren Funts Sozialaren bidez proiektuak finantzatzea jardunbide egokiak erabiltzeari lotuko zaio. Eta funtsak manifestazio artistiko eta kulturalen aniztasuna bermatuko du; hirugarren sektorearen garapena sustatuko du (irabazi-asmorik gabeko elkarte eta ekintzaileak); itzultze artistiko, kultural eta soziala aintzat hartu eta bermatuko du; funts publikoen kontrola eta proiektuen segimendua bermatzen duten irizpideak erabiliko ditu; modalitate-aukera zabalagoa hartuko du kontuan; gaur egungo diru-laguntzekin konparatuta, eragile, proiektu, jarduera eta ekintza gehiagori eskainiko zaio; eta artista eta ekoizle independenteak sartzea eta programatzea bultzatuko du. Kulturaren Funts Sozialari esker, jarduera kulturalen finantzazioa interes pribatutik (banakoenak zein enpresenak) bereizi ahal izango da, kultura askotarikoago eta iraunkorragoa lortzeko. Tokiko eta erkidegoko administrazioekin elkarlanean, espazio desegokiak, erabilera gutxikoak edo erabilerarik gabekoak birgaitzen, aldatzen eta berreskuratzen lan egingo du, espazio horietan jarduera kulturalak egiteko.

212

Kultur Arloko Artisten eta Profesionalen Estatutua

Jarduerari bultzada emateko eta prekarietatea desagerrarazteko neurri gisa, Kultur Arloko Artisten eta Profesionalen Estatutu bat garatuko eta ezarriko dugu. Sektorearen aldizkakotasun-ezaugarrietara egokituko da, eta beste batzuen kontura zein euren kontura lan egiten duten horiek eginiko jarduera hartuko du kontuan. Estatutu honek kultur arloko profesionalen diru-sarrera irregularrak ere aintzat hartuko ditu eta euren beharretara egokitzen den eta Ogasun Publikoarentzat zein interesdunentzat bidezkoak diren zergak ordaintzea ekarriko duten fiskalitate bat sortuko du.

Zerga-neurriei dagokienez, esaterako, hiruhilekoko zergen likidazioa emandako zerbitzua ordaintzen den egunarekin lotuko dugu autonomo guztientzat, eta ez dagokion faktura egiten den egunarekin. Aldizka lan egiten dutenen kasuan, eta haien errentak altuak baina denborari dagokionez irregularrak badira, banaketa proportzionalaren irizpide bat jarriko da dagokion zerga mota ezartzeko eta, hala, errenta horietan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Legean (PFEZL) adierazten den progresibitatea bermatzeko. Halaber, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (JEZ), epigrafeen talde espezifikoa aldatuko egingo da, euren kasa aritzen diren kultur arloko profesionalen beharretara egokitu dadin eta, hala, sektorea bateratu eta azaldutako neurriak haren ezaugarri zehatzekin lotzeko.

Gizarte Segurantzari dagokionez, kultur aldizkakotasunaren erregimen espezifiko bat txertatuko dugu Erregimen Orokorrean (beste batzuen kontura lan egiten duenentzat) zein Autonomoenean (euren kasa lan egiten dutenentzat). Horren helburua da kultur arloko artistek eta langileek izan ditzaketen lanbide-egoera guztiak aintzat hartzea. Lan-kontratazioa sustatuko dugu, eta autonomo faltsuen sistema kenduko dugu. Horretarako, aldizkakotasunaren sistema txertatuko dugu erregimen orokorrean, zerbitzuaren ezaugarri espezifikoek hala eskatzen dutenean. Langile autonomoen kasuan, aldatu egingo dugu sistema, euren lana egiteko etengabe altak eta bajak eman behar izan ez ditzaten. Aldaketa horri esker, kontuan hartuko dira prestazioen bidez aldizkako enplegu horren berezitasunak, eta bermatuko da kuotak jasotako diru-sarreren arabera eta horien proportzioan ordaintzen direla.

Gizarte Segurantzaren erregimenaren barruan, lan artistikoak eta teknikoak eragindako gaixotasunak eta lesioak kontuan hartuko dira langile horien egoeraren berezitasuna errespetatuko duen laneko bajaren erregimen bat sortzeko. Aldizkako kulturaren arloko langileei dagokienez, Auzitegi Gorenaren 97 / 10 / 29ko eta 02 / 09 / 23ko Sententziek ezarritako jurisprudentzia jasoko dugu Estatutuan. Sententzia horien arabera, ez dago Gizarte Segurantzan alta eman beharrik, betiere gauzatutako jarduera profesionala ez bada ohikoa eta jardueratik eratorritako diru-sarreren erregimena Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoa (OAEAP) baino baxuagoa bada. Halaber, aldatu egingo dugu Gizarte Segurantzako enplegu-aniztasunaren erregimena, konpentsazioan kuotak gehiago murrizten direla bermatzeko.

Kultur Arloko Artisten eta Profesionalen Estatutuak aukera emango du Langileen Estatutuan eta Sindikatu Askatasunaren Lege Organikoan aldaketak egiteko, sindikatuek behar bezala ordezkatu ditzaten aldizkako langileak lanbideari zein lurraldeari dagokionez, haien eskubidea baita.

Estatutu honen ondorioz, eta irabazi asmorik gabeko arte-jarduerak sustatzeko, Kooperatiben Legea aldatu egingo da, aldizkako langileei lotutako lan-kooperatibak sortu ahal izateko eta sektore hauek ekonomia sozialaren eta solidarioaren ohiturekin eta formekin lotzeko.

213

Informazioaren Estatutua

Sektorearen aldarrikapen historikoari erantzuteko, herritarren informaziorako eskubidea babesten duen eta komunikabideen eta kazetarien betebeharrak eta eskubideak jasotzen dituen Estatutu bat onetsiko dugu, erakunde profesionalen laguntzarekin. Estatutuaren helburua da komunikabideen eta kazetarien independentzia, segurtasuna eta adierazpen-askatasuna, lan-baldintza duinak eta lan-eskubideak babestea; esaterako, Kontzientzia Klausula edo Erredakzio Batzordeak osatzeko eskubidea, Europako Batzordeak onetsitako Kode Deontologikoarekin bat etorriz.

214

Jabetza Intelektualari buruzko lege berria

Herritarren ordezkariak, jabetza intelektualaren eskubideen titularrak, kultur industriak eta teknologia-enpresak bilduko ditugu, itun sozial berri bat lortzeko eta sustatzeko. Itun horren helburua izango da sortzaileak, bitartekariak eta herritarrak gerturatzea, euren interes sozialak orekatzea eta jabetza intelektualaren sistema zuzenago, jasangarriago eta bidezkoago bat eratzea. Beharrezkoa da zigorrean oinarrituta dagoen gaur egungo bidea alde batera uztea; izan ere, ikusi da ez dela eraginkorra herritarrek kultura eskuratzea, kultura ondasun komun gisa balioestea, kultura zabaltzeko eredu-aniztasuna sustatzea eta sektorearen iraunkortasuna bermatzea ahalbidetuko dituen egoera bat sortzeko, ez eta, Europan indarrean dagoen araudia kontuan hartuta, gure kultura- eta teknologia-errealitatera egokitzeko ere.

Egileak, interpretatzaileak eta jabetza intelektualaren eskubideen titularrak diren gainerakoak obren eta kultur edukien sortzailetzat hartuko dira, eta malgutasuna sustatuko da kultura zabaltzeko ereduetan eta sortzaileen autonomian.

Azkenik, berriro ere botere judizialak izango du soilik eskumena erabakitzeko informazioaren gizarteko zein webgunek eta zein zerbitzuk urratzen duten jabetza intelektualari eta haren ondorioei buruzko araudia, eta desegin egingo dugu Sinde-Wert izeneko legeak oraingo Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren mendeko batzorde bati eman zion eskumena.

Printzipio horiek abiapuntutzat hartuta, Jabetza Intelektualari buruzko lege bat sustatuko da helburu hauekin:

  • Irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan obra babestuak legez eta doan erabiltzeko aukera ematea, arauan ezarritako hezkuntza xedeetarako ilustrazio-muga zabalduz.

  • Aipuaren kontzeptua zabaltzea, gaur egungo testuingurura eta errealitatera egokitzeko.

  • Obra babestuetatik eratorritako obrak sortzeko legezko eta doako erabilera berriak ahalbidetzea, irabazi asmorik ez dagoenean.

  • Kopia pribatuaren kontzeptua zabaltzea; hala ere, egileentzako edo eskubideen titular diren gainerakoentzako konpentsazio-ordainketaren eredu egoki bat ezarri behar da, Europako zuzentarauek behartzen duten bezala.

  • Asociación de Editores de Diarios Españoles (AEDE) elkartearen edo «Google tasa»-ren kanona ezabatzea.

  • Diru publikoarekin finantzatutako obra berriak irabazi asmorik gabe zabaltzea eta horiek legalki eta doan eskuratzeko aukera ematea, denbora, bide eta formatu jakin batean eta lehen aldiz argitaratu zenetik denbora nahikoa igaro denean, amortizatu eta ustiatu dela ziurtatzeko, Plataforma de Cultura Abierta (PLACA) berriaren jarduerarekin bat etorriz.

  • Administrazio publikoan, lehentasuna ematea software libreari pribatuaren aldean, tresna libre baliokideak daudenean.

  • Lehendik dauden edo sortu berri diren eskubideak kudeatzeko erakundeek honako hau berma dezaten bultzada ematea: euren obrak lizentzia irekien edo libreen bitartez eskaini nahi dituzten titularrek dagozkien eskubide guztiak dituztela arauak uko egin ezinezkotzat jotzen dituen derrigorrezko kudeaketa kolektiboko eskubideei dagokienez. Halaber, eskubide horiek kudeatzen dituzten erakundeen jarduketa-eremua dinamizatzearen eta hura sortzeko legezko baldintzak malgutzearen alde egiten dugu. Horrez gain, kudeaketa arduratsua, gardentasuna eta barne-demokrazia ziurtatuko duten mekanismoak txeratzearen alde egiten dugu, baita tarifetan kontrolak ezartzearen alde ere, pixkanaka euren errepertorioak publiko bihurtzeko nahitaezkotasuna ezartzeko.

  • Egiletzat jotzea kazetariak, eszena-zuzendariak eta antzerkiko eta ikus-entzunezkoetako diseinatzaileak, besteak beste.

215

Kultura Digitala Zabaltzea eta Eskuratzea Sustatzeko Plan Eragilea

Helburua da bermatzea herritarrek kultura eskuratzeko eskubidea dutela, sortzaileak babestuta daudela eta inguru digitalean kultur zabalpenaren ereduak iraunkorrak eta anitzak direla.

  • Kultur obrak eta edukiak legez eskuratzeko plataformak babestuko eta sustatuko ditugu eta herritarrei legezko alternatiba erakargarriak eskainiko dizkieten eredu berriak sustatuko ditugu. Plataforma horiek ez ditugu maila ekonomikoan soilik sustatuko; bitartekaritza-esparru bat ezarriko dugu obren hainbat ustiaketa-leihoen gaineko eskubideen titularren eta obrak legez eskuratzeko plataformen artean.

  • Adituen batzorde bat sortuko dugu, irabazi asmorik gabeko edukiak deskargatzea debekatzen duen eredu ez-eraginkorra gainditzeko. Hala, helburua da oreka bat lortzea herritarrek kultura doan eta libre eskuratzearen eta egileen, eskubideen titularren, kultur industrien eta teknologia-enpresen iraunkortasunaren artean. Adituen batzorde honetan eredu horiek ebaluatzeko eta aztertzeko konpromisoan parte hartzen duten eragile guztiak egongo dira ordezkatuta. Horiek, halaber, alternatibak bilatuko dituzte sortzaileek eta eskubideen gainerako titularrek euren ordainketa edo konpentsazioa jaso dezaten Interneten euren obrak erabiltzeko modu berriengatik.

216

Kultura Eskura izateko eta Gozatzeko Plan Eragilea

Jarduketa multzo bat zabalduko dugu, herritarrek kultur bizitzan parte hartzeko duen eskubidea (Konstituzioaren 9.2 eta 44.1 artikuluak) sustatzeko. Horretarako, zenbait tresna bultzatuko ditugu kultur ekintzak ezagutarazteko, zabaltzeko, herritarrek horiek eskura izateko eta horietan parte hartzeko. Kultura herritarren eskura jartzean, kultura benetan gozatu eta kritikatu daitekeen zerbait bilakatuko da. Ondareari dagokionez, hura kontserbatzea, ikertzea eta zabaltzea dira ezagutza horrek bizirik irauteko bermea. Publiko eta irakurle berriak sortu behar dira, ohikoak indartu behar dira eta parte-hartzea areagotu behar da kultur proposamenetan, gizarte demokratikoa eta aktiboa lortzeko. Kultura-sare egonkor eta iraunkor bat finkatzeko, ezinbestekoa da, halaber, publiko zabalago, inplikatuago eta leialago bat izatea. Beste neurri batzuen artean, eta Herritarrak Irakurleak izateko Plan Eragilearekin eta Ikus-entzuleen Eskolarekin elkarlanean, plan honek helburu hauek izango ditu.

  • Liburutegiak ikuspegi sozial (publikoak eta eskoletakoak) eta zientifiko batetik (unibertsitate- eta ondare-liburutegiak) babestea. Horretarako, funts berriak erostea sustatuko da, liburu elektronikoak maileguan hartzeko plataforma publiko bat sortuko da eta ekipamenduak modernizatuko dira.

  • Kultur edukien presentzia areagotzea RTVEren kate guztietan, lurralde guztien kultura- eta hizkuntza-aberastasuna ezagutzea sustatuko duen ikuspuntu anitz batekin.

RTVEren La 2 kateari izaera erabat kulturala emango zaio, arte-sorkuntzaren ezagutza dinamiza dezan eta eduki espezifikoak eta lurraldeetara egokitutakoak eman ditzan. Ildo horretatik, elkarlana sustatuko dugu Arte Europako kultur katearekin, bai eta nazioarteko beste zabalpen- eta ekoizpen-talde batzuekin ere.

  • Eszena-ekoizpen anitzak zabaltzea, gure lurraldeko sareak eta erakusketa-eremuak dinamizatuz, egokituz eta eguneratuz.

  • Besteak beste, Musikaren Hedapenerako Zentro Nazionalaren eta Antzerkiaren Dokumentazio Zentroaren baliabideak eta egitasmoak eguneratzea eta hobetzea.

  • Hezkuntza-komunitateari dagokionez, kulturarekin, arte-jarduerekin eta sormenarekin lotutako materiala areagotzea eta irudiekin, ikus-entzunezkoekin, musikarekin eta antzerkiarekin lotutako ezagutza eta gaitasunak sustatuko dituzten materiala sortzea, prestakuntza arautuan txertatzeko (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa).

  • Hainbat arte-diziplinatan aritzen diren elkarteak eta taldeak sustatzen dituzten egitasmoak gauzatzea.

217

Herritarrak Irakurleak izateko Plan Eragilea

Herritarrak Irakurleak izateko Plan Eragilearen helburua da irakurketa-indizeak areagotzea adin guztietan eta, bereziki, haurrengan eta gazteengan. Plan eragile honek lehendik dauden egitasmoak koordinatuko ditu eta beste egitasmo batzuekin elkartuko ditu, eredu espezifiko batean. Proiektu-sare batek osatuko du eredu hori. Parte-hartze, balorazio- eta azterketa-proiektuak izango dira, eta tokiko eta autonomia-erkidegoetako administrazioekin elkarlanean egingo dira, hala eskoletan, institutuetan, ikastetxeetan, unibertsitateetan eta goi mailako arte-zentroetan nola, oro har, herritarren artean. Tresnak sortuko ditu honako hauetarako: eskola-liburutegiak sustatzeko eta profesionalizatzeko; bitartekariak sortzeko irakasleak prestatzeko zentroen bitartez eta Irakasle eta Pedagogia Graduaren bitartez; egileek, ilustratzaileek eta editoreek irakaskuntza-zentroetako jardueretan parte hartzeko; telebista eta irrati publikoetan irakurketarekin sentsibilizatzeko komunikazio politikak ateratzeko eta liburuen sarea berreskuratzeko eta modernizatzeko gailuak sortzeko.

218

Ikus-entzuleentzako Eskola

Ikus-entzuleentzako Eskola kultura-bitartekaritzarako sistema espezifiko bat izango da, eta edozein arte eta kultur adierazpenen inguruko prestakuntza emango die herritarrei.

Ikus-entzuleentzako Eskola proiektu publikoa izango da, eta erakunde publiko eta pribatuek, fundazioek, elkarte publikoek, komunitate-sareek eta herritar partikularrek hartuko dute bertan parte. Eskola horrek garatu eta koordinatuko ditu antzerki-, dantza-, zinema- eta musika-aretoetan, museoetan, kultur zentroetan, fundazioetan eta beste edozein kultur erakunde edo espaziotan hezkuntza-zerbitzu eta -sail espezifiko zein diziplinartekoak sustatzeko eta martxan jartzeko pentsatuta egiten diren irabazi asmorik gabeko egitasmo publiko eta pribatu guztiak. Era berean, bertako adituen bitartez, artea estimatzeko edukiak zabalduko ditu ikuskizunen sailean, erakustaldietan eta jaialdietan eskaintzen diren kultur proposamen jakinetan zentratutako analisi- eta balorazio-saioak gauzatuz.

219

Ikus-entzule aktiboak sortzeko kanpaina

Errealitate mediatikoa ezagutzeko kanpainak sustatuko ditugu, herritarrek jakin dezaten zenbaterainoko garrantzia duten komunikabideek gizartearen funtzionamendu demokratikoan.

Herritarrek irabazi asmorik gabeko komunikabide publikoetan parte-hartze zuzena izan dezaten sustatuko dugu, edukiak kudeatzen zein prestatzen, honako hauen bitartez: plataforma digital interaktiboak, Kulturaren Behatokia, Gizarte Kontseilua, Erabiltzailearen Defendatzaile, hezkuntza-proiektuak eta abar. Alde horretatik, gizarte zibilarekin lan egiteko ildoak irekiko dira ikus-entzule pasiboen ideia gainditzeko eta ikus-entzuleek jarrera aktibo bat har dezaten, eztabaida anitza eta kalitatezko informazioa sortu dadin.

220

Kultur Aniztasuna Sustatzeko Plan Eragilea

Zenbait egitasmo jarriko ditugu martxan, arte adierazpenen aniztasuna, gure hizkuntzen eta kulturen aberastasuna, galtzeko bidean dauden adierazpenen kontserbazioa eta esplorazio- eta ikerketa-proiektuen garapena sustatzeko. Horien helburua izango da gizarteari gaur egun dagoen kultur aniztasuna eskaintzea eta, era berean, gure sortzaileak babestea, aniztasuna defendatuz.

221

Berdintasunaren aldeko Kultur Plan Eragilea

Koordinazio-unitate bat sortuko dugu Berdintasuneko Estatu Idazkaritzaren eta Kultura Ministerioaren artean, kulturaren sektorerako. Eginkizun hauek izango ditu:

  • Genero-berdintasuna sustatzea, kulturaren kudeaketan eta kultur jardueretan emakumeak egon daitezen bermatuz, jendaurrean zein atzean.

  • Saihestea administrazio publikoek emakumeak objektu gisa erabiltzen dituzten eta estereotipo sexualak zein irudi sexistak nahiz diskriminatzaileak indartzen dituzten proiektuak finantzatzea.

  • Emakume etorkinek, ijitoek eta dibertsitate funtzionala dutenek parte hartzen duten kultur jarduerak sustatzea, emakume horiek bizitza publikoan parte hartzeko aukera izan dezaten.

  • Genero-ikuspegia duten eta emakumeek sortutako kultur jarduerak sustatzea. Horrez gain, emakumeek egindako arteari garrantzia eta ikusgarritasuna ematea , eta artelan horiek museoetan eta antzeko zentroetan erakustea.

  • Komunikabideetan emakumeak eta gizonak berdintasunez eta modu ez sexista batean irudikatzea, bai eta emakume gehiago eta emakume desberdinak irudikatzea ere, komunikabideetan agertu ohi diren estereotipoez harago.

222

Kulturaren Arloko Gizarteratze Plan Eragilea

Kultura-forma eta jarduera guztiak ikusgarri egiteko eta denei balioa emateko, migrazioaren kultur egoera desberdinak, haurren, gazteen eta hirugarren adinekoen arte-adierazpenak eta ezintasunen bat duten pertsonek kulturaz gozatzea eta kultura sortzea sustatuko ditugu.

223

Espainian Ekoitzitako Kultura Nazioartekotzeko Plan Eragilea

Kultura nazioartekotzea ardatz garrantzitsua izango da, kultura gizarte-kohesiorako eta nazioarteko lankidetzarako tresna bihurtzeko eta motor ekonomiko izateko. Hala, leku geografikoak merkatu-nitxo ez ezik interes sozial handiko kulturgune gisa erabiliko dira. Estatu espainiarrean ekoitzitako kultura atzerrian ezagutarazten badugu, hainbat helburu lortuko ditugu:

  • Espainia kultura sortzeko gune garrantzitsu bat dela helaraztea.

  • Kultur eragileen arteko ezagutza- eta esperientzia-trukea areagotzea.

  • Gure kulturak atzerrian duen eragina eta ikusgarritasuna areagotzea eta haren eskuragarritasuna eta kontsumoa sustatzea.

  • Atzerriko inbertsioak Estatu espainiarrean sortzen eta egiten diren kultur proiektuetara erakartzea.

Kulturaren profesionalei, elkarteei, kooperatibei eta enpresei kulturgunearen errealitatea nazioartekotzen eta zabaltzen laguntzeko, bitartekaritza-bulego bat jarriko dugu martxan; «EsCultura» zigiluarekin egingo du lan. Zigilu horren abaroan, bulegoak ekintza koordinatu eta bateratu bat ezarriko du arte-adierazpen guztien kultur eragile guztiei laguntzeko eta atzerriko funts eta diru-laguntzak eskuratzeko erraztasunak emateko; horren bidez, asmoa da etengabeko presentzia bermatzea nazioarteko kultur foroetan.

Bertako kultura-sare aberats eta pluralaren erakusgarri diren proiektu txiki, ertain eta handiak atzerrian zabaltzen ahaleginduko gara, trukeen, diru-laguntzen, biren, ekitaldien, jaialdien, erakusketen, topaketen, pitching-en (aurkezpenak), eta teknologia-klusterren bitartez.

Bitartekaritza-bulego gisa, EsCulturak gaur egun erakunde oso desberdinek gauzatzen dituzten kultur ekintzak koordinatuko ditu; hauek dira erakundeak: Instituto Cervantes, Agencia Española de Cooperación Internacional para el Desarrollo (AECID), Acción Cultural Española, Institut Ramón Llull, Institut d’Estudis Baleàrics, Industria Ministerioa, Instituto Español de Comercio Exterior, Estatuko kultur zentroak, atzerriko enbaxada espainiarrak eta Fundación Carolina.

224

Ondare Helmugen Sarea

Kulturaren eta ondarearen (materiala eta ez-materiala) balioak sustatuko ditugu, Ondare Helmugen Sare bat sortuz. Unescoren Munduko Ondarearen Zerrendan dauden Estatuko baliabide guztiak bilduko ditu sare horrek.

Halaber, ondare-ondasunak, kulturalak eta ingurunearenak, aktiboki eta pasiboki babesteko neurriak hartuko ditugu. Horretarako, ondasun horiek erabiltzeko eta kudeatzeko planak ezarriko ditugu, horiek zaintzeko exijentziekin bat etorriz.

225

Hauteskunde-programak ez betetzeagatik baliogabetzea

Hauteskunde-programak herritarrekin egiten diren kontratuak dira. Hori dela eta, Podemos-Ahal Duguk gutxieneko kontratu-konpromiso batzuk ezartzen ditu, eta, betetzen ez badira, hauteskundeak deituko ditu.

Hala, agintea hartzen denetik bi urtera, behin-behineko batzorde bat jarriko da martxan Diputatuen Kongresuan, eta bertan hauteskunde-programa zenbateraino bete den aztertuko da. Batzorde horrek sei hilabetez jardungo du gehienez ere, eta egindako lanaren ondorioak Ganberaren Osoko Bilkurari aurkeztuko dizkio.

Hauteskunde-programan adierazitako funtsezko zerbait betetzen ez bada, baliogabetze-prozesu bat abiatu ahalko da. Horretarako, ekimenak 158 diputaturen babesa eta estatuko hautesle-erroldaren % 15en sinadura (behar bezala ikuskatutakoak) izan behar ditu.

Bi baldintza horiek betetzen badira, erreferendum bat egingo da, eta herritarrei galdetuko zaie ea hauteskundeak egitea nahi duten alderdiak programa bete ez duelako.

Erreferendumaren emaitza “bai” bada, Gobernuko presidenteak hauteskundeak deituko du gehienez ere 30 eguneko epean.

226

Kargu publikoak baliogabetzea, Herri Ekimen Legegilea, Herriak Betoa Jartzeko Ekimena eta Erabakitzeko Prozesu Herrikoien Ekimena: guztion demokrazia.

Araudi-esparru bat garatuko dugu, herritarren ahotsak erakundeetan sartzeko egitasmoak errazte aldera, eta herriaren jakinduria eta iritziak txertatuko ditugu parlamentuko eztabaidetan, partaidetza-tresna inklusiboen bitartez.

  • Herri Ekimen Legegilea (HEL). Ezabatu egingo ditugu egungo oztopoak: esaterako, ekimena aurkezteko ezartzen diren baldintza zorrotzak eta parlamentuko eztabaida falta.

  • Erabakitzeko Prozesu Herrikoien Ekimena. Herri-ekimen batek eskatuta, herritarrek erabakitzeko prozesu bat (aurrekontu parte-hartzaileak, eremu publikoen erabilera, etab.) irekitzeko balio du.

  • Herriak Betoa Jartzeko Ekimena. Demokrazia zuzenerako tresna bat da, eta herritarrak arau batzuen aurka daudela adierazteko balio du, arau horiek zuzenean eragiten dienean.

  • Herri Galdeketaren Ekimena. Jendeari aukera ematen dio dagokion eskumenaren arloan galdeketa bat abiatzeko.

  • Herriak Eskatuta Kargutik Kentzeko Ekimena. Ordezkatzen gaituzten pertsonek zilegitasuna galtzen dutenean jartzen da martxan.

227

Eztabaida demokratikorako parlamentuaren araudiak

Estatuko ganbera orokorretako parlamentuaren araudiak gardentasunerako, herritarren parte-hartzerako eta erakunde horiei kontuak emateko tresna bihurtuko ditugu. Araudien aldaketak oinarrizko hiru alderdi hauetan egingo dira:

  • Indar handiagoa herritarrentzat: gizarte zibilak legegintza-prozesuan parte hartzea. Erabakitzeko espazio mistoak sortuko ditugu legegintza-izapideak irauten duen bitartean, eta ordezkari politikoek, teknikariek eta herritarrek hartuko dute parte bertan. Herritarren aulkia txertatuko dugu.

  • Parlamentuko jarduera guztiak gardentasunaren eta kontrol politikoaren printzipioei jarraikiz egingo dira.

Web tresnak sortuko ditugu, ganberetan egiten den lana gardenagoa izan dadin.

  • Ganberetako organoetan, parlamentuko talde guztiek jarduteko ahalmen bera eta oinarrizko eskubide berak izango dituzte. Aniztasun politikoa da gizartearen aniztasun eta pluraltasunaren erakusle garbia.
228

Berdintasun politikoa: hauteskunde-sistemaren erreforma

Aldatu egingo dugu Diputatuen Kongresurako hauteskunde-sistema. Horretarako, autonomia-erkidegoetako barrutia ezarriko dugu diputatuak izendatzeko lurraldeko gune bakartzat, eta batez besteko altuenaren formulak erabiliko ditugu herritar guztien botoek pisu bera izango dutela bermatzeko. Autonomia-erkidego bakoitzeko diputatuak autonomia-erkidego bakoitzaren pisu demografikoaren arabera banatuko dira.

Herritarren eztabaida zabal bat irekiko dugu hauteskunde-sistemaren gainerako elementuei buruz.

229

Lurralde-eredu berria, bost kontzeptu-ardatzetan oinarrituta

Lurralde-eredu berri bat ezarriko dugu, kontzeptu-ardatz hauetan oinarrituta:

  • Gobernantza demokratiko eta inklusibo berri bat eraikitzea.

  • Autonomia-, subsidiariotasun-, eraginkortasun- eta erantzukizun-printzipioak eta kontrol demokratikoaren printzipioa.

  • Esparru lokala, ongizate-estatura hurbiltzeko gakoa.

  • Eraginkorrak ez diren maila instituzionalak murriztea.

  • Finantzaketa-sistema bidezkoa eta nahikoa, oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzeko.

Probintzietako diputazioetan (eta baliokideetan):

  • Probintzietako diputazioen eskumenak eta baliabideak pixkanaka geure gain hartzea, konstituziotik guztiz kendu arte.

  • Autonomia-erkidegoek koordinatzea probintzietako diputazioek gaur egun dituzten funtzioak.

Udalerrietan:

  • Udalerriei itzultzea gizarte-ongizatearen arloko eskumenak.

  • Finantzaketa-sistema berrikustea.

  • Tokiko herri-galdeketak egiteko Ministroen Kontseiluak emandako baimena kentzea.

Metropoli-eremuetan eta eskualdeetan:

  • Metropolia aintzat hartzea eta antolatzea, gertutasun-harremanetatik eratorritako zerbitzu bateratuak elkarrekin kudeatzeko eta kudeaketa demokratikoki kontrolatzeko.

  • Baliabideak udalerrika esleitzea, estatuak nahikoa ekarpen egingo duelako bermearekin.

230

Alderdi politikoetako exekuzio-organoen buru izateko hautagai guztiak hauteskunde primarioetara aurkezteko legezko betebeharra

Alderdi politikoak legez behartuta egongo dira euren exekuzio-organoen buru izateko hautagai guztiak primarioetara aurkezteko.

Hauteskunde-batzorde zentralak parte hartzeko sistema telematiko bat eta aurrez aurreko bat antolatuko du, epe jakin batean jendeak nahi duen alderdiko aurre-hautagaia bozkatu ahal izan dezan.

231

Erregututako botoa baliogabetzea eta bertakoek atzerrian bozkatzeko eskubidea izatea erraztuko duen hauteskunde-lege bat sortzea

Hauteskunde-prozesua bi astetik lau astera luzatuko dugu; beraz, denbora gehiago egongo da boto-txartelak bidaltzeko. Kendu egingo dugu erregututako botoa, baita Atzerrian bizi diren Egoiliarren Hauteskunde Errolda (AEHE) bost urtean behin automatikoki eta aldizka eguneratzea ere. Kanpoko barruti bat sortuko dugu, emigranteei ahotsa emateko eta haien eskaerak bideratzeko. Posta bidezko botoaren prozedura bakarra aldatu eta prozedura misto bat sortuko dugu. Atzerrian dauden egoiliarrei aukera emango diegu Aldi baterako Atzerrian bizi diren Egoiliar Hautesleen (AAEH) erregistroan izena emateko. Udal-botoa emateko eskubidea luzatuko diegu udalerritik kanpo bost urte baino gutxiago daramaten egoiliarrei. Izapide kontsularrak bitarteko telematikoen bidez egiteko aukera emango dugu, eta ordutegi kontsularrak aldatuko dugu, izapideak egiteko erraztasunak emate aldera. Estatuak hauteskundeei buruz ematen duen informazioa hobetuko dugu. Atzerriko kanpainak arautuko ditugu.

232

Konstituzio Auzitegia despolitizatzea

Despolitizatu egingo dugu Konstituzio Auzitegia, bi erreforma hauen bitartez:

  • Izendapenak egiteko sistema berri bat ezarriko dugu, «baztertze-kuota» izenekoaren bitartez: izendapenak negoziatzeko, lehenik eta behin Konstituzio Auzitegia osatzeko teknikoki kalifikatuta dauden pertsona guztien zerrenda zabal bat egingo da. Proposamen hori egin ondoren, alderdi bakoitza joan ahal izango da, betiere zerrenda horretatik euren parlamentu-erakundearen arabera dagokion kuotaren proportzioari dagokion pertsona kopurua baztertzen badu. Hainbat baztertze-prozesuren ondoren, arbuio gutxien sortzen dutenak geldituko dira soilik. Ez ditu inork izendatuko, eta ez dute inorekin zorrik izango.

  • Indargabetu egingo dugu Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoa aldarazten duen Lege Organikoaren Proposameneko “espres erreforma”. Horren ondorioz, Konstituzio Auzitegiak ezingo du bere gain hartu agintaritza bati haren funtzioak kentzeko eskumena.

233

Hautetsitako kargudunei pribilegioak kentzea

Kendu egingo ditugu hautetsitako kargudunen (diputatuak, senatariak) pribilegioak, hala euren funtzioak dituzten bitartean dituzten pribilegioak nola euren agintea amaitzean ematen zaizkienak.

  • Jaitsi egingo ditugu Gorteetako hautetsien ordainsariak; inoiz ez dira Estatuko funtzionarioenak baino altuagoak izango.

  • Berrikusi egingo ditugu osagarri ekonomikoak: ordezkaritza-gastuak, eskuragarritasuna, kalte-ordainak, eta abar.

  • Beharrezko dietak eta joan-etorriak kontrolatzeko mekanismoak ezarriko ditugu.

  • Kendu egingo ditugu kargua amaitzeagatiko kalte-ordainak, indargabetu egingo ditugu parlamentari ohien «urrezko pentsio» esaten zaienak eta euren lan-eskubideak eta -betebeharrak gainerako langileek dituztenekin parekatuko ditugu.

234

Administrazio Publikoa Profesionalizatzeko Legea

Administrazio publikoak profesionalizatzea xede, honako alderdi hauek arautuko dituen lege bat onetsiko dugu:

  • Administrazio publikoetan lan egiten duten pertsonen independentzia bermatuko dugu. Horretarako, Konstituzioak biltzen dituen berdintasun-, meritu- eta gaitasun-irizpideak hartuko ditugu kontuan, lanpostuetarako sarbidea, promozioa eta hornikuntza bidezkoagoak izan daitezen.

  • Amaiera emango diogu kargudun politikoek zuzenean esleitzen dituzten lanpostuak (izendapen askeko postu esaten zaie) neurrigabeki puzteari.

  • Promozio profesional bertikala eta horizontala sustatuko ditugu; horri esker, langileek lanpostuz aldatu ahal izango dute askatasun osoz eta, aldi berean, talde egonkorren aberastasun teknikoa bermatuko dugu. Taldeetako kideek lanerako prestakuntza eta esperientzia profesional zabala izango dute; gainera, ez dute postua utzi beharrik izango mailaz igotzeko.

  • Barneko promozio horizontala sustatuko dugu. Era horretan, kategoria bereko eta sail desberdinetako funtzionarioek aukera izango dute euren ibilbide profesionalean aldaketa hori egiteko.

235

Goi-kargudunen kopurua murriztea

Nabarmen murriztuko dugu goi-kargudunen kopurua, hala erakundeetan nola enpresa publikoetan. Gure helburua da honako hauek baino ez izatea goi-kargudunak: ministerioetako buruak edo antzekoak eta ministerio-ordeetako buruak edo antzekoak. Talde teknikoek zuzenduko dituzte zuzendaritza orokor edo idazkaritza orokor maila duten administrazio-unitateak; horretarako, zuzendaritzari loturiko lanpostuen zerrenda zehaztuko da. Erantzukizun maila altuena duten lanpostuak betetzeko pertsonarik egokienak aukeratu behar dira, eta, horretarako, ezinbestekoa da independentzia bermatuko duen eta berdintasuna, meritua eta gaitasuna kontuan hartuko dituen hornikuntza-sistema bat izatea.

236

Sektore publikoko langileen eskubideak berreskuratzea

  • Sektore publiko langileei bermatuko diegu azken urteetan austeritatearen izenean lapurtu dizkieten eroste-ahalmena eta eskubideak berreskuratuko dituztela.

  • Laneko eta familiako bizitza uztartzearekin, baimenen erregimenarekin, oporrekin eta erretiro-eskubideekin loturiko lan-eskubide guztiak berreskuratuko ditugu.

  • Azken lau urteetako sektore publikoko pentsioak berraztertuko ditugu, kotizazio-oinarri urriagoak izan baitituzte.

237

Gardentasun Legea hobetzea

Une honetan indarrean dagoen legeaz harago joango gara, nazioarteko estandarretara egokitu dadin. Hori lortzeko, aldaketa hauek egingo ditugu:

  • Informazioa izateko eskubidea oinarrizko eskubidea dela aitortzea.

  • Gardentasunaren Atariaren irisgarritasuna hobetzea eta informazio eskaeren izapidetzea azkartzea.

  • Kontsultak NAN elektronikorik gabe ere egin ahal izateko aukera ematea.

  • Eskaerei erantzunak emateko mugak gutxitzea, arautu gabeko esparrurik utzi gabe, eta erantzun-marjinak ez betetzeagatiko zehapen-erregimena ezartzea.

  • Informazio publikoa bermatzeak lehentasuna izatea. Gardentasun aktiboa eta formatu irekiak izango dira gobernuaren jarduna zuzenduko duten printzipioak.

  • Gardentasun Kontseiluaren independentzia bermatzea.

  • Titulartasun publikoa duten edo diru publikoa jasotzen duten erakunde guztiak legez behartzea kontuak ematera eta kontuen emaitzak webgunean argitaratzera: Errege Etxea, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, alderdi politikoak, sindikatuak eta enpresa-elkarteak.

238

Kargu publikoen bateraezintasunak arautzea

  • Honako hauek dituzten bateraezintasunak hedatzea eta argitzea, betetzen zuten postuari loturiko lanak bukatzean: kargudun politikoak, administrazio publiko zentral eta autonomikoko goi-kargudunak, eta enpresa publikoetako zuzendariak.

  • Ezartzea gutxienez hamar urte igaro behar direla goi-kargudun batek aukera izan arte kargu publikoa zuen garaian berak hartutako erabakiek eragin zuzena zuten arloetan esku hartzeko.

  • Debekatzea hauteskundeen bitartez aukeratutako edozein kargudun ohiri Estatuko sektore estrategikoetan aritzen diren enpresetako administrazio-kontseiluetako kide izatea.

  • Debekatzea lobbyek diputatuak edo haien laguntzaileak kontratatzea.

  • Lobbyek Gobernuko kide ohiak kontratatzen badituzte, lobbyak behartzea honako hauek azaltzera eta justifikatzera: haien bezeroak nor diren, zer ordezkari politikorekin jarri diren harremanetan, zer gai jorratzen dituzten eta lana egin bitartean zer-nolako gastuak dituzten.

  • Estatu mailan eta autonomia-erkidego bakoitzean bulego bat sortzea interes-gatazkak eta bateraezintasunak erregistratzeko; bulego horrek bermatuko du arau hauek betetzen direla eta ikuskapenak egiteko gaitasuna eta independentzia duela.

239

Kristalezko hormen legea

Lege integral bat onetsiko dugu gure erakunde publikoetan demokrazia bere onera ekartzeko; hala, parlamentuek herritarrei ateak irekiko dizkiete. Hori lortzeko, honako neurri hauek hartuko ditugu:

  • Parlamentuen webguneetan erakundeari, bertako langileei eta aurrekontuari buruzko informazioa argitaratzea.

  • Abian dauden edo bukatu diren legegintza-prozesuei buruzko informazioa herritarren esku jartzea, behaketa zuzenaren bitartez, prentsa idatziaren bidez edo telebista zein irrati bidezko zuzeneko emanaldien bitartez.

  • Bermatzea komunikabideek, behatzaileek eta, oro har, herritarrek, Parlamentuko batzordeen saioetara zein osoko bilkuretara sarbidea dutela, administrazio-trabarik gabe eta inolako bereizkeriarik gabe.

  • Parlamentuan herritarrentzako aulki bat gordetzea; bertatik eskaerak aurkez ditzaten, hala banaka nola taldean.

240

Sektore Publikoko Kontratuen Legea berridaztea

Sektore Publikoko Kontratuen Legea berridatziko dugu, helburu hauekin:

  • Erosketa-bulego zentralen sarea ezartzea, kontratazio-mahai guztien prozedurak bateratzeko.

  • Kontratazio publikoari buruzko informazio guztia bilduko duen plataforma bakarra ezartzea.

  • Auzitegi Administratibo Zentralak sortzea. Auzitegi horiek izango dute, era zentralizatuan, kontratazioen arloko errekurtsoak ebazteko eskumena.

  • Publizitaterik gabe negoziatutako prozedurak ezabatzea, eta kontratu txikiak erabiltzeko zenbatekoa mugatzea.

  • Merkataritza-erregistroaren webgunea egokitzea, sozietateei buruzko oinarrizko informazioa erraz eta doan kontsultatu ahal izateko.

  • Baldintzen pleguetan gizarte-, ingurumen, eta tokiko ekonomiaren sustapen-irizpideak txertatzea, bai eta herritarren parte-hartzea ere.

241

Aurrekontua betearazteari jarraipena egitea

Administrazio Publikoak sortzen duen informazioa ez da erakundeena, baizik eta herritarrena. Hori dela eta, erakundeei kristalezko hormak eta poltsikoak jarriko dizkiegu; izan ere, ez litzateke ezer ezkutuan gelditu beharko. Hori lortzeko, kudeaketa publikoaren arloan gardentasun neurriak ezarriko ditugu, eta informazio egiazkoa eta eguneratua eskainiko dugu urteko aurrekontu, gastu eta balantzeei zein protokolo eta txostenei buruz.

Aurrekontuak gobernuaren lanarekin egon behar du lotuta. Hartutako konpromisoak behar bezala bete diren, desbideratzerik egon den eta desbideratze horien arrazoia bidezkoa eta justifikagarria den ala ez ebaluatzeko, ezinbestekoa da aurrekontua betearazteari buruzko datuak ahalik eta xehetasun handienarekin argitaratzea. Horretarako, Gardentasun Atariak eta herritarren bulego-sareak herritarren esku jarriko dute, era erraz eta zuzenean, diru publikoaren erabilerari buruzko oinarrizko informazioa.

242

Politika Publikoak eta Kontuak Ematea Ebaluatzeko Herritarren Behatokia

Politika Publikoak eta Kontuak Ematea Ebaluatzeko Herritarren Behatokia ezarriko dugu. Bi helburu nagusi hauek izango ditu:

  • Behar bezalako ebaluazioa egitea, gehiengoaren interesen zerbitzura.

  • Ebaluazioa aurrekontu-zikloari lotzea; hala, ebaluazioaren eta kontuak ematearen kultura hedatzeko tresna bilakatuko da.

Edozein herritarri edo herritarren kolektibori aukera emango diogu Politika Publikoak eta Kontuak Ematea Ebaluatzeko Herritarren Behatokian parte hartzeko edo behatokiko kide izateko, legeren batek edo kudeaketa publikoren batek zuzenean eragiten badio.

Urteroko aurrekontuari buruzko eztabaidaren aurretik, sektore-politika bakoitzeko arduradun politikoek behatokiari txosten bat igorri beharko diote haien ardurapeko politikaren ezarpenaren eta exekuzioaren 169 graduari buruz.

Aurrekontuei buruzko eztabaidak aberasteko, behatokiaren baitan sorturiko ezagutzak erabiliko dira, eta Parlamentuko kide gehienei informazioa eta irizpideak emango zaizkie, gaur egunean dauden baino maila nabarmenki handiagoan.

243

Administrazio-kontratu irekiak eta eskuragarriak

Kontratazio publikoen prozesuekin zerikusia duen informazio publikoa herritarren eskura dagoela bermatuko dugu, gardentasuna eta kontuak ematea errazteko. Horretarako, neurri hauek hartuko ditugu:

  • Kontratazioen eta lizitazioen datu-base bat sortuko dugu. Enpresa guztiek bidali beharko dute kontratazioari buruzko informazioa formatu irekietan, sarean argitaratzea errazagoa izan dadin.

  • Gutxienez azken bost urteotan sinatutako kontratuei buruzko informazioa eskuragarri dagoela bermatuko dugu. Bertan, informazio hau agertuko da: xedea, lizitazioaren eta esleipenaren zenbatekoa, kontratatzeko erabilitako prozedura, esleipendunaren nortasuna, iraupena, lizitatzaile kopurua, esleipena egiteko irizpideak, eskaintzen alderaketa-koadroa eta bakoitzak jasotako puntuak, kontratazio-prozedurari buruzko erabakiak eta txosten teknikoak, kontratuetan egindako aldaketak, kontratuen luzapenak, baliogabetutako lizitazioak, aurrez emandako ebazpenak, kontratuen erregistro publikoko datuak, lizitatzaileen eta sailkatutako enpresen erregistro publikoko datuak eta kontrataziorako organo aholku emaileen interpretazio-irizpideak eta erabakiak.

244

Ustelkeriaren Aurkako eta Erakundeen Gardentasunaren Aldeko Plan Nazionala

Ustelkeriaren Aurkako eta Erakundeen Gardentasunaren Aldeko Plan Nazional bat gauzatuko dugu; plan hori gobernu-boterearekiko independentea den erakunde batek koordinatuko du. Hauek osatuko dute erakundea: Administrazioak, gobernuz kanpoko erakundeek (GKE) eta gizarte zibileko eragileek. Erakundearen jardute-esparrua Estatuko lurralde-administrazioak izango dira. Helburu hauek izango ditu:

  • Gizarte zibilaren eta adituen inplikazio handiagoa lortzea, ustelkeriaren aurkako egiteko.

  • Delituen errealitate dinamikora egokitzen diren prebentzio-mekanismoak ezartzea eta hobetzea.

  • Delituak eraginkorki eta modu iraunkorrean jazartzeko baliabideak jartzea eta teknikak egokitzea.

  • Eragile espezializatuek etengabeko prestakuntza jasotzen dutela bermatzea eta haien arteko koordinazioa hobetzea.

  • Funtzionarioen prestakuntza hobetzea, era horretako jarrerak hauteman eta salatu ditzaten.

  • Delituak salatu dituzten pertsonak babesteko mekanismo errealak ezartzea.

245

Polizia judiziala eta perituak epaitegietara atxikitzea, era funtzionalean

Ahaleginak egingo ditugu funtzionario hauek, polizia judiziala eta perituak, funtzionalki epaitegien eta Fiskaltzaren mende egon daitezen eta zuzentzen dituzten instrukzio edo zigor-arloko prozedura guztietan egiten diren polizia-ikerketen gaineko kontrola izan dezaten. Era horretan, prozedurak ez dira behar baino gehiago luzatuko eta «oztopo» gisa ikusten diren agenteak ezin izango dituzte kargugabetu.

Polizia-unitate horiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Funtzioari eta denborari dagokionez, epaitegietara edo auzitegietara atxikita egotea.

  • Egitura independentea izatea eta izendapen askeko oso postu gutxi edukitzea.

  • Polizia judizial gisa esperientzia frogatua duten agentez osatuta egotea eta, lanpostu horiek esleitzeko, merituen lehiaketa espezifikoa baino ez erabiltzea.

  • Dagoeneko epaitegietan dauden ikerketak sustatzea eta zuzentzea:

-- Kidego judizialaren baitan, epailearen edo fiskalaren ordezkari gisa jokatuko dute.

-- Polizia-agintariei eskatu ahal izango dizkiete ikerketa behar bezala egiteko ezinbestekoak diren giza baliabide eta baliabide material guztiak.

-- Ez dira derrigortuta egongo ikerketen bilakaerari edo lortutako emaitzei buruzko informazioa ematera.

246

Aberaste bidegabea edo ez-zilegia izeneko delitu-figura ezartzea

Aberaste bidegabeagatiko delituak honi egiten dio erreferentzia: goi-kargudun batek, jardun politikoan dabilela, zuzenean ustelkeria deliturik egiten ez badu ere, beste batzuen ustelkeria delitu batzuen eraginez onurak jasotzea.

Horrez gain, eta neurri osagarri gisa, kontratazio publikoetan administrazio-prebarikazioaren delitu larriagotua ere ezarriko dugu, bai eta eroskeria, influentzia-trafikoa eta talde politikoen bitartez Administrazioari egindako iruzurra delitu larriagotuak ere.

Zigor-arloko neurri hori nazioartean ezartzen da, eta egiaztatu da oso eraginkorra dela erakunde kriminalak zuzentzen dituzten baina zuzenean deliturik egiten ez duten horien aberastearen kontra, bai eta Administrazioko goi-kargudunek, jardun politikoaren baitan, egiten dituzten ustelkeria delituen kontra ere.

247

Alderdi politikoak finantzatzeko lege berria

Alderdi politikoetan delituak prebenitzeko plan espezifiko bat sortuko dugu. Plan horrek honako proposamen hauek ekarriko ditu, finantzaketa kontrolatzeari dagokionez:

  • Fundazio politikoen eta alderdi politikoen fiskalizazioa parekatzea.

  • Ondasun higiezinen dohaintzak debekatzea, ondasun horien balioak diruzkoak ez diren dohaintzentzat ezarritako muga gainditzen badu.

  • Alderdi politikoei debekatzea bankuekin zorrak izatea, edo zor horri muga zorrotzak jartzea.

  • Urtean 5000 euro baino gehiago ematen dituzten emaile guztien nortasuna argitaratzea.

  • Behin baino gehiagotan erabil daitezkeen formatuak erabiltzen dituzten tratamendu eta argitalpen sistemak ezartzea; horri esker, alderdi politikoei emandako dohaintzen eta kontratu publikoen arteko loturak, edo alderdien eta zerga-paradisuen arteko loturak identifikatu ahal izango dira.

  • Plan estrategiko bat egitea Estatuko alderdi politikoen finantzaketari buruz, eta hauteskundeak zein alderdiak, oro har, finantzatzeko sistemak egokitzea, irizpide demokratikoagoei eta inklusiboagoei jarraituz.

Hau da tratamendu penalaren inguruan proposatzen duguna:

  • Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko Lege Organikoan ezarritako zehapenen preskribatze-epea luzatzea, eta zehapen bikoitza duten kasuak argitzea.

  • Zigor Kodearen 31 bis artikuluan adierazitako araua era espezifikoan garatzea eta alderdi politikoetara egokitzea. Arau horrek edozein pertsona juridikoren zigor-erantzukizuna arautzen du.

248

Aktiboak Berreskuratzeko Saila sortzea

Administrazio publikoaren baitan sail espezifiko bat sortuko dugu, ustelkeria kasuetan nahastutako aktiboak berreskuratzeko.

Sail hori funtzionario adituek osatuko dute; hala, sailak gaur egun informazioaren, laguntza judizialaren eta aktiboen berreskuratzearen arloan existitzen diren eta Europako legediaren parte diren nazioarteko lankidetza tresnak indartuko ditu.

249

Zerga-delitua zer den berriro definitzea

Ez dago inolako justifikazio juridikorik zerga-delituei tipo penal desberdinak aplikatzeko, ez eta Europar Batasunak emandako diru-laguntzekin egindako iruzurrei ere, batez ere kontuan hartuz delitu bat «zerga-delitu» gisa epaitzeko kuota altuegia dela: 120.000 euro.

Hori dela eta, zerga-delituetarako muga bakarra jarriko dugu: 50.000 euro, hau da, Europatik jasotako diru-laguntzentzat ezarritako zenbateko bera.

250

Ustelkeriaren eta politika kriminalaren arloan legeak ebaluatzeko sistemak indartzea

Ustelkeriaren eta politika kriminalaren arloan legeak ebaluatzeko sistemak indartze aldera, honako neurri hauek ezarriko ditugu:

  • Delituak prebenitzeko nazio mailako zentro bat sortuko dugu; zentro horren zeregina hala indarrean dauden legeek nola proposatu diren erreformek duten eragina ebaluatzea izango da.

  • Zenbait programa jarriko ditugu abian, herritarrek zigor-arloko informazioa eta kontzientziazioa izan dezaten.

  • Estatistika-sistemak hobetuko ditugu.

  • Informazio publikorako bulego bat sortuko dugu; bulego horrek politika kriminalarekin loturikoak landuko ditu. Gainera, aipatu delituak prebenitzeko nazio mailako zentroaren funtzioetako bat izan liteke.

251

Herritarren parte-hartzea kudeaketa publikoan

Herritarren administrazioaren jardunean parte hartzeko mekanismoak ezartzea, arlo publikoan parte-hartzean oinarrituriko kudeaketa erak integratzeko. Kudeaketa era horien oinarrian gehiengoaren balioa eta ongia daude, eta herritarrei aukera ematen die zerbitzu publikoak hobetzeko. Honako zeharkako neurri hauek sustatuko ditugu administrazio publikoetan:

  • Inklusibitatearen behatoki bat sortuko dugu kudeaketa publikoan. Behatoki horrek, inklusibitate-adierazleak ikertzeaz gain, gizarte plural batek administrazio publikoetara heltzeko dituen beharrei erantzuteko erakundeen ekintzak ebaluatu eta diseinatu ahal izango ditu.

  • Parte-hartzeri buruzko Prestakuntza Plan bat garatuko dugu; plan hori Administrazio Publikoko langileentzat eta gizarte-eragileentzat izango da.

  • Herritarren erakundeak sortuko ditugu, politikariekin eta teknikariekin harremanetan egon daitezen; topagune horiek erabakiak hartzeko gaitasuna izango dute eta, gainera, parte-hartze birtualaren bidez osatuko dira.

252

Benetako doako justizia

Arau-testu bat sortzea proposatzen dugu, kide anitzeko organo guztien eta ofiziozko txandako abokatuen elkarte guztien adostasunarekin, haiek ematen baitute zerbitzu hori, errendimendu estandar altuekin eta Europako zein nazioarteko aitorpenarekin. Testu horrek doako laguntza juridikoren zerbitzu publikoa hobetzea eta ofiziozko txandaren duintasuna bermatzea izango du helburu, eta arlo horretan autonomia-erkidegoei eskuordetu zaizkien eskumenei buruzko hausnarketa bat egongo da.

253

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia zuzenean hautatzea

Gure ustez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN) egungo eskumen orokorrak mantendu behar baditu ere, zuzenean onartu behar du bere betebehar nagusia: Botere Judizialaren independentzia bermatzea, zerbitzu publiko bat den heinean.

Horretarako, neurri hauek proposatzen ditugu:

  • Herritarrek zuzenean hautatzea BJKN osatuko duten hamabost kideak. Kide horiek epaileak eta magistratuak, fiskalak, idazkari judizialak edota legelariak izango dira, itzal handiko ibilbidea izango dute eta gutxienez hamar urteko esperientzia profesionala izango dute; gainera, elkarteen, sindikatuen edo herri-plataformen babesa izan beharko dute.

  • Hauteskunde horiek instituzionalki arautzea eta sustatzea; horretarako, Kongresuak kide anitzeko organo bat sortuko du.

  • Mugak jartzea hauteskunde hauetarako egingo diren kanpainetan gastatu ahal den zenbatekoari.

254

Sistema judizialaren ikuskaritza publikoa

Sistema judizialaren ikuskaritza publikoa egitea proposatzen dugu, kanpoko ikuskatzaileen bitartez. Ikuskatze horren irizpideak eta parametroak eraginkortasunean, efikazian eta iraunkortasunean oinarrituko dira, argazki eraikitzaile bat eskuratu ahal izateko, eta ebaluatzeko zenbateko berregituraketa den beharrezkoa indartu beharra duten arloetan eta, horren bidez, baliabideak optimizatzeko irizpideak ezartzeko.

Halaber, bulego judizial bat ere sortuko dugu. Bulego horrek beharrezko bitarteko guztiak izango ditu eraginkorragoa izateko eta herritarrengandik gertuago egoteko; hala, herritarrek benetako zerbitzua jasoko dute. Bulego hori Estatuak finantzatuko du zuzenean (Gobernu zentralak hartuko ditu bere gain arlo horretako eskumen periferikoak), Justizia Ministerioaren eskumenekoa izango da, eta jabetza publikoko eraikinak uzteko ahalmena izango du. Bertatik, espediente elektronikoa sustatuko da eta prozedura judizial osoa informatizatuko da.

255

Fiskaltza goitik behera eraberritzea

Fiskaltza goitik behera eraberritzeko plan bat abiatuko dugu. Hauek dira gure proposamenak:

  • Estatuko Fiskal Nagusia izendatzeko sistema berrikustea.

  • Fiskaltzaren Estatutu Organikoa berritzea eta fiskaltzari autonomia (organikoa zein funtzionala) emango dioten mekanismoak ezartzea, botere betearazleari dagokionez.

  • Erakunde horri gardentasuna bermatzeko mekanismoak ematea; hala, honako hauen berri izango dugu, besteak beste: egiten dituen jarduketak, erabakiak hartzeko erabilitako irizpideak, Estatuko Fiskal Nagusiaren agenda eta zuzendaritza-organoko gainerako kideena, ordainsariak eta jardunaren adierazleak.

  • Fiskaltzak aurrekontuari dagokionez autonomia duela bermatzea; horretarako, Estatuko Aurrekontu Orokorretan partida espezifiko bat izango du.

  • Era integralean ekitea eraberritzeari eta organo zentralen (Ikuskapen Fiskala, Laguntza Unitatea eta Idazkaritza Teknikoa) funtzioen diseinu berriari.

  • Kartera fiskaleko izendapenak demokratizatzea, meritua eta gaitasunak hartuz irizpide gisa.

256

Prozesuko pribilegioak ezabatzea

Egia da beharrezkoa dela parlamentarien lana babestea, bai eta epaileen eta magistratuen lana babestea ere; izan ere, bestela mugak izango lituzkete haien lana gauzatzeko. Alabaina, babes hori kargu horien jardun publikoaren esparruan baino ez da mantenduko; izan ere, gure ustez, prozesuko pribilegioak jardun publiko horretara baino ez dira mugatzen; hala, beste edozein jardun prozedura arruntaren mende egongo da, nahiz eta pertsona hori karguan zegoela egindakoa izan.

257

Prozedura Kriminalaren Legea aldatzen duen Lege Organikoa indargabetzea

Urriaren 5eko 13/2015 Legea, Prozedura Kriminalaren Legea aldatzen duena, indargabetuko dugu. Horren helburua da prozeduren bermeak indartzea eta ikerketa teknologikoaren arloko neurriak arautzea; hala, bertan behera geldituko da legea indarrean sartu aurretik hasitako prozedurak berraztertzeari buruzko xedapen iragankor bakarra, bai eta prozedura penalen gehienezko iraupenaren epeak ere.

258

Pertsona bakoitzaren errentarekiko proportzionalak diren isunak eta administrazio-zehapenak

Administrazio-zehapenak eta isun ekonomikoak ordaintzeko sistema bat sortuko dugu, zigorra jaso duen pertsonaren errenta kontuan hartuko duena; hala, egungo sistemaren ordez, bidezkoagoa, proportzionalagoa eta funtzionalagoa den bat izango dugu. Horretarako, printzipio hauek izango ditugu oinarri:

  • Araua hautsi duen pertsonak kontuak ematea.

  • Disuasio funtzioa betetzea. Isunek horretarako balio dezaten, diru-sarrera baxuagoak dituzten pertsonek ere ordaintzeko gai izan behar dute, baina haiengan isunak duen eraginak errenta altuagoa dutenengan izango duenaren parekoa izan beharko du.

  • Banaketak bidezkoa izan behar du. Isun proportzionalak sortzez dira bidezkoagoak; izan ere, zenbatekoak ez dira baxuegiak diru asko duten isunduentzat, ez eta altuegiak ere, diru-sarrera baxuagoak dituztenek ere ordaindu ahal izan ditzaten.

  • Kalkuluak egiteko sistema azkarra eta mugatua ezarriko da. Horretarako, oinarrizko tipo bat erabakiko da eta hainbat atalase jarriko dira, PFEZ ordaintzeko ezartzen direnen antzekoak, isuna jaso duen pertsonaren diru-sarreren arabera.

259

Mozal legea indargabetzea

Berehala indargabetuko dugu martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoa, herritarren segurtasuna babestekoa (mozal legea izenez ere ezaguna da). Horren ordez, herritarren segurtasuna babesteko beste lege bat ezarriko dugu, adierazteko, biltzeko eta manifestatzeko oinarrizko eskubideak bermatuko dituena. Ezabatu egingo ditugu administrazio-zehapenak; salbuespen bakarra izango dira haien larritasuna dela-eta Zigor Kodearen arabera zehatu beharrekoak diren ekintza ez-zilegiak.

260

Gobernuaren giza eskubideen bulegoa sortzea

Gobernuaren giza eskubideen bulegoa sortuko dugu. Bulego horrek ezaugarri eta funtzio hauek izango ditu:

  • Gobernuko presidentearen mende egongo da.

  • Haren arduradunak estatu-idazkari maila izango du.

  • Gobernuaren lana koordinatuko du giza eskubideak garatzeari eta babesteari dagokionez.

  • Funtzio betearazleak beteko ditu Estatu espainiarrak giza eskubideen arloan hartutako nazioarteko konpromisoak betetzen dituela bermatzeko, hala eskubide zibil eta politikoei dagokienez nola eskubide ekonomiko eta sozialei dagokienez, haurtzaroari buruzko eskubideei dagokienez edo genero-berdintasunari dagokionez.

  • Ministerio guztien lana koordinatuko du, ministerio arteko batzorde baten bitartez.

  • Arartekoarekin elkarlanean jardungo du.

  • Hilero-hilero egindako lanaren eta kudeaketaren berri emango du Gorteen aurrean.

  • Bere baitan, Giza Eskubideen Estatu Batzorde bat izango du; bertako kide izango dira GKEetako ordezkariak, giza eskubideak defendatzen dituzten erakunde zibil eta sozialetako ordezkariak eta erakunde profesionaletako ordezkariak (esaterako, Legelarien Kontseilu Nagusia). Kide horiek, aholkuak eman eta erabakiak hartzen laguntzeaz gain, ebaluaketaz eta kontuak emateaz ere arduratuko dira.

  • Giza Eskubideen eta Genero Berdintasunaren Plan Nazionalaren garapena eta ezarpena koordinatuko du.

Era berean, Kanpo Politika eta Lankidetza Ministerioan (MAEC) genero-unitate bat sortuko dugu. Unitate horrek generoari buruzko ebaluazio bat egingo du Estatu espainiarrak kanpo politikaren arloan egiten dituen lanetan eta ekimenetan.

261

Memoria, egia eta justizia: giza eskubideen kulturaren zutabeak

Premisa bikoitz hau dugu abiapuntu: memoria herritarren eskubidea da, baina Estatu espainiarrean oraindik ez dago memoriaren inguruko benetako politika publikorik. Hortik abiatuta, memoria demokratikoaren eta giza eskubideen arloko gure proiektuaren oinarrian, nazioarteko zuzenbidearen oinarrian bezalaxe, hiru elementu hauek daude: memoria, egia eta justizia. Hiru elementu horiek aukeratu ditugu, Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluko errelatore bereziak 2014ko uztailean Estatu espainiarrari egindako gomendioak oinarri hartuta.

Hori aintzat hartuta, hiru politika mota ezarriko ditugu:

  • Memoria eskubidea bermatzeko eta historia errepikatzen ez dela ziurtatzeko politikak:

-- Altxamendu militarra edo frankismoa goraipatzen dituzten sinboloei edo oroitzapenezko monumentuei esanahi berria ematea edo sinbolo eta monumentu horiek ezabatzea.

-- Memoria-espazioak pedagogia-espazio gisa ulertzea, ikuspuntu kritiko batetik abiatuz.

-- Giza eskubideen kultura eraikitzeko eta gure memoria anitz, kolektibo eta demokratikoa berreskuratzeko ekimenak garatzea hezkuntza-sistemetan, funtzionario publikoek jasotzen duten prestakuntzan, komunikabideetan (baita haien bitartez ere) eta kulturaren beste arlo batzuetan.

  • Egia jakiteko eskubidea sustatzeko politikak:

-- Erakundeetan mekanismoak ezartzea egia argitzeko eta ezagutzera emateko.

-- Artxiboak (publikoak zein pribatuak) eskuragarri jartzea, bai eta ikerketa publiko zein judizialak ere.

-- Memoria landuko duten erakundeen sorrera sustatzea.

-- Hobi komunen mapa osoa egitea; mapa horren bitartez, gorpuzkinak hobitik ateratzeko plan integrala diseinatu ahalko da etorkizunean.

  • Frankismoaren biktimek justiziara jo dezaketela bermatzeko politikak:

-- Presidentetzaren Ministerioan estatu-idazkaritza bat eta ministerio arteko agentzia bat sortzea, koordinazio-organo gisa joka dezan.

-- Bertan behera uztea gerra zibilean eta diktaduran zehar sortutako auzitegiek emandako epaiak.

-- Gizateriaren aurkako delituen biktimek justiziara jotzeko bideak erraztea.

-- Gure ordenamendu juridikoan bildutako nazioarteko jurisdikzioa aplikatzea giza eskubideen esparruan.

262

Kontsumitzaileak babesteko estatu mailako agentzia bat sortzea

Kontsumitzaileak babesteko estatu mailako agentzia bat sortuko dugu; agentzia horrek izaera autonomo eta neutrala izango du, erakunde arautzailea izango da eta zehapenak jartzeko eskumena izango du.

Agentzia horrek ikuskatzaile talde bat izango du, eta horien lana izango da ofiziozko ikerketak egitea eta agintari autonomikoengandik zein kontsumitzaileen elkarteetatik iristen diren salaketak ebaluatzea. Gainera, merkatuan hautematen dituen irregulartasunei buruzko informazioa partekatuko du Gobernuko gainerako erakundeekin.

Kontsumitzaileen defentsaren arloko erakundeak alde interesduna izango dira haiek jarritako salaketen harira abiatutako prozeduretan edo kaltetuen ordezkari gisa jarduten duten prozeduretan.

Halaber, kontsumitzaileak babestea xede duen legerian zehaztutako zehapenak berrikusiko ditugu, isunak benetan proportzionalak izan daitezen egindako abusuen larritasunari dagokionez. Horrela, enpresek iruzurrezko praktiken bidez irabazitako zenbatekoa baino (gehienez ere) hamar aldiz handiagoa den konfiskatze bat bilduko du legeriak.

263

Gehiegikeria baten biktima izan diren kontsumitzaileek kalte-ordainak jasotzeko duten eskubidea

Legez onetsiko dugu kontsumitzaileek eskubidea dutela kalte-ordainak jasotzeko kontratazioan, fakturazioan edo produktu zein zerbitzu batean irregulartasunen baten biktima badira.

264

Kalamua despenalizatzea

Norbanakoaren mailan zein maila kolektiboan kalamua haztea eta gordetzea despenalizatuko dugu, eta kalamu klub sozialen jarduera arautuko dugu. Horretarako, sektoreko lan-mahai batera deitzea proposatzen dugu; mahai horrek aurkeztuko du kontsumitzaileen askatasunak eta oinarrizko eskubideak bermatzen dituen eta kalamuaren ekoizpena, banaketa eta kontsumoa araupetzen dituen proposamen.

265

Software librea, Administrazio ireki, seguru eta irisgarria izateko

Migrazio Plan Estrategiko bat ezartzea, software librea eta datu irekiak erabiltzen dituzten tresnen erabilera hedatzeko; horren helburua da posible den kasu guztietan jabetza duten tresnak ordezkatzea eta Administrazioan datuak kudeatzeko erabiltzen den teknologiaren benetako kontrola eskuratzea. Horretarako:

  • Administrazio publikoetan software libreko tresnak ezarriko ditugu eta programa bat abiatuko dugu langile publikoei horiek erabiltzen irakasteko.
  • Kudeaketa publikoan, formatu irekien erabilera orokortuko dugu.
  • Sektorearen ehundura soziala eta produktiboa indartuko dugu, aberatsa baita berrikuntzan eta enplegua sortzeko balio baitu.
  • Informatikaren arloko segurtasunaren eta pribatutasunaren aldeko apustua egingo dugu, XXI. mendeko eskubide integrala baita, eta eskubide hori urratzen zaien pertsonei babes legala eskainiko diegu.
266

Administrazio-prozedurak sinplifikatzea

Administrazioa eta zerbitzu publikoak hobetzeko, plan estrategiko bat jarriko dugu martxan. Jarraian azaldutako ekintza eta baliabideen bitartez, administazio-tramiteak sinplifikatu, karga burokratikoak murriztu eta prozesuak homogeneizatuko ditugu:

Administrazio-kargak sinplifikatu eta murriztu, eta prozeduren homogeneotasuna ezarri.

Benetako administrazio digital bat finkatu, herritarrek edozein tramite modu arin eta bizkor batean egin dezaten, edonon eta edonoiz, leihatila birtual bati esker. Horri esker, digitalizatua dagoen dokumentazioa berriro aurkeztu behar ez izatea saihestuko dugu.

Administrazio-tramiteetan teknologia berriak txertatu.

Belaunaldien arteko arrakala digitala gainditzeko bidean aurrera egin.

Aholkularitza-puntu iraunkorrak bermatu, bai online erakoak, bai presentzialak, ziurtagiri digitalen tramitazioa errazte aldera.

267

Administrazio publikoa zuzenean kudeatzea eta profesionalen jarduera optimizatzea

Zerbitzu publikoak zuzenean kudeatzearen printzipioa bermatuko dugu, bai eta eskuduntza eta ahalmen publikoen erabilera Estatuaren Administrazioaren esku egotea ere.

Pribatizatu edo esternalizatu diren eskuduntzak berreskuratuko ditugu, eta guztion ongiaren eta interes orokorren printzipioetan oinarriturik bideratuko ditugu gure erabakiak.

Profesionalek zerbitzu publikoen kudeaketan dituzten ahalmenak sustatzeko, egiten duten lanaren arabera egokituko da haien profila, beren zereginaren balioa optimizatzeko. Horri esker, lanpostuetatik beretatik sustatuko da profesionalen lana.

Motibazioa zuzeneko kudeaketaren motorra da, eta funtsezko hiru elementutatik abiatuta berreskuratuko dugu:

Talde-lana, profesionalki legitimatutako buruzagitzek gidatua.

Prestakuntza egokia eta kalitatezkoa.

Baldintzak malgutzea, prestakuntzaren eta atzerriko praktika profesionalen ondoriozko lan-utzialdien mesedetan.

268

Aldizka erakunde publikoen kontuak ikuskatzea

Erakunde eta instituzio publiko guztien kontuak aldizka ikuskatzeko saioak jarriko ditugu martxan, helburu hauek betetze aldera:

Erakundeen estatutuak berrikusi, zerbitzu publikorik ematen ez duten erakundeak eta erakunde bikoiztuak desagerrarazteko.

Sektore publikoa alderdi politikoen interesetik eta aparatuetatik aske egotea ziurtatu.

Ahalmen eta botere publiko pribatizatuak eta esternalizatuak berreskuratu.

Zerbitzu azpikontratatuak leheneratzeko, erakunde instrumentalen aginduak berrikusi, lanpostuen hornidura eta baliabide egokiak izan daitezen sektore publikoaren egituran.

269

Indar armatuen lanaldia administrazio publikoko gainerako lanaldiekin homologatzea

Proposatzen dugu indar armatuetako kideen lanaldi eta ordutegiak arautzea, Estatuko Administrazio Orokorrekoen parekoak izan daitezen. Horretarako, kontuan izango ditugu berariazko beharretatik eratorritako misioak, maniobrak, zaintzak eta zerbitzuak, arlo horietan bidezko ordainsariak bermatzeko.

270

Militar profesional guztien ikasketa militarrak birdefinitzea

Azaroaren 19ko 39/2007 Legea, karrera militarra arautzen duena, oso-osorik aldatuko dugu, eta tropetako langileak, itsas armadako marinelak eta behin-behineko ofizialak ere sartuko ditugu. Era berean, gaur egungo behin-behineko konpromisoak ezabatuko ditugu.

Promozio-sistemari dagokionez, lehentasuna emango diegu irizpide objektiboei eta berdintasunean, merezimenuetan eta gaitasunetan oinarriturikoei. Gainera, merezimendutzat hartuko da esperientzia profesionala ere; gaur egungo balioespen-irizpide subjektiboak bertan behera utzi (kalifikazio-txosten pertsonalak, esate baterako), eta adin-mugak desagerraraziko dira.

Irakaskuntza militarraren sistema berriaren ondorioz, lehen promozioa sortua da jada. Esperientzia horretan oinarrituta, azterketa bat egingo dugu, ikasketa horiek irakaskuntza-sistema orokorrera egokitzeko.

Ekintza sozialerako plan integral bat abiaraziko dugu, berdintasunean oinarrituta, bereziki familiei arreta emateko eta pribilegioak bertan behera uzteko.

271

Militarrak: herritarrak eta langileak

Uztailaren 27ko 9/2011 Lege Organikoa aldatuko dugu, indar armatuetako kideen eskubide eta betebeharrei buruzkoa, oinarrizko eskubide hauen inguruan araudi berri bat sortzeko: biltzea, manifestatzea, elkartzea, adierazpen-askatasuna, sindikatzea eta alderdi politikoetako kide egitea. Era berean, babes judizial eraginkorrik gabe askatasuna kentzea deuseztatu, eta eremu profesional, sozial eta ekonomikoetako prozesu arauemaileetarako parte-hartze erakundea berrituko dugu, irizpide demokratiko eta lotesleak goiburu harturik.

272

Defentsa arloaren gardentasuna eta kontrol demokratikoa

Defentsa Ministerioaren eta defentsa-industriaren arteko harremanak arautuko ditugu, “ate birakariak” saihesteko eta haiek guztiz garden agertzeko, eta, Defentsa Ministerioaren aurrekontua bideragarria izan dadin, kontratistekin egindako erosketak ikuskatu, berrikusi eta berradostuko ditugu. Halaber, aurrekoarekin batera, adituen talde bat osatuko dugu (non gizarte sozialak ere parte har dezakeen), Estatu espainiarraren beharrekin bat datozen indar armatuak diseinatzeko proposamenak egin ditzaten.

273

Indar armatuen lan administratiboa langile zibilen eskuetan

Langileen zereginak berrantolatuko ditugu, langile zibil administratiboek beren gain har ditzaten indar armatuetako zerbitzu burokratikoak. Indar armatuetako kideentzat berezkoak ez diren zerbitzuak desagerraraziko ditugu: arotzak, igeltseroak, lorezainak, mekanikariak, etab.

274

Sindikatzeko askatasuna Guardia Zibileko kideentzat

Guardia Zibilaren barruan sindikatzeko askatasuna onartuko dugu, eta defendatuko dugu talde horretako kideei Zigor Kode Militarrik ez ezartzea, beren funtsezko eskubideak eta askatasun publikoak bermatzeko.

275

Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren arteko koordinazioa hobetzea

Proposatzen dugu Guardia Zibilaren eta Polizia Nazionalaren datu-baseak bateratzea, koordinazio-arloan aurrera egiteko.

276

Estatuko segurtasun-indarretan mailaz igotzeko sistema berria

Estatuko segurtasun-indarretan mailaz igotzeko prozesuak aldatuko ditugu, proba neurgarri eta objektiboetan soilik oinarritu daitezen.

277

Erabakitzeko eskubidea

Konstituzioaren aldaketari buruzko eztabaidaren arloan, erabakitzeko eskubidearen onarpenaren eta eskubide hori erabiltzeko moduen eztabaida zabala irekiko dugu herritarren artean. Konstituzionalki onartuko dugu Estatu espainiarraren izaera plurinazionala, eta gobernu autonomikoei ahalmena emango diegu herritarrei galdeketak egiteko, lurralde bakoitza Estatuan nola kokatuko den erabaki dezaten. Hau da, Katalunian egiazko erreferendum bateko deialdia egitea sustatuko dugu, herritarrek erabaki dezaten zer lurralde-harreman mota izan nahi duten Estatu espainiarrarekin. Errespetua berreskuratuko dugu, Estatuko lurralde-maila guztietako gobernu eta parlamentuen arteko funtsezko oinarria den heinean. Konstituzioaren aldaketari ekiteko prozesu bat irekiko dugu; besteren artean, Estatuko lurralde-egituraketaren arloko arazoak konpontzeko. Bestalde, Erresuma Batuko eta Kanadako esperientziak ebaluatu eta eztabaidatuko ditugu.

278

Senatuaren erreforma

Senatua lurraldeen eskubide eta interesen ordezkaritza-ganbera bihurtuko dugu, eta senatarien ordainsarien zati handi bat deuseztatuko dugu:

Gobernu autonomikoen ordezkariekin osatuko dugu Senatua. Ordezkari trukagarriak izango dira, eta blokean emango dute botoa. Gainera, ordezkari kopurua murriztuko dugu.

Senatuaren eginkizunak hauek izango dira:

Legegintza: lurralde-interesei eragiten dieten legeak onartzea.

Estatuaren aurrekontu orokorretan parte hartzea, finantzaketa-sistemarekin batera lurraldeei dagozkien aurrekontu-sailak finkatzeko.

Estatuko nahiz erakunde zentraletako organoetako kideak izendatzea, bai eta Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak ere.

Boterearen lurralde-banaketari loturiko harreman bertikal eta horizontalen gakoei begira, zeregin garrantzitsua izango du Presidenteen Konferentzian.

279

Finantzaketa-eredua berrikustea

Berdintasunean, lurralde-justizian eta lurraldeen arteko solidaritatean oinarrituriko finantzaketa-eredu bat bultzatuko dugu. Alde horretatik, finantzaketa-eredu bat inplementatuko dugu, autonomia-erkidegoen eskuduntzen eremuaren nahikotasuna bermatzeko. Horretarako, autonomia-erkidegoei utzitako zergak jaso eta Estatuak jasotako zergetan parte hartuko da; era horretan, finantzaketa-eredua ezin izango da oztopo izan eskuduntzen marko propioa garatzeko.

280

Montoro legea geldiaraztea

Montoro legea berehala indargabetuko dugu (27/2013 Legea, abenduaren 27koa, toki-administrazioaren arrazionalizazioari eta iraunkortasunari buruzkoa), arriskuan jartzen baititu erakunde txikiak eta onura eta zerbitzu komunalak. Lege-esparru berri bat bultzatuko dugu, Gobernuaren hiru mailak bateratuko dituena (udal-mailakoa, autonomikoa eta Estatukoa) eta bere eskuduntzak eta aurrekontuak zabaldu eta eguneratuko dituena. Premiazko eztabaida bat sustatuko dugu, tokiko boterea indartzeko, herritarren eta herritarrentzako gertuko gobernu bat den heinean.

281

Lurraren Erabilera Sozialaren Plana

Lurraren Gobernantza Arduratsu eta Iraunkorrerako Agentzia Publiko eta Autonomoa sortuko dugu, nekazari-lurrak arautzeko eta lurrak demokratikoki eta bidezkotasunez lortzea bermatzeko. Lurraren Erabilera Sozialaren Plan Berezia garatuko dugu, Ogasun Ministerioak jabegoei buruz egindako inbentarioari eta Gobernuak ondasun horiek besterentzeari buruz egindako planari erantzunez. Lurraren Gobernantza Arduratsu eta Iraunkorraren Agentziaren eta gaur egungo lur-bankuen arteko koordinazioa sustatuko dugu, nekazaritzan, abeltzaintzan eta basogintzan sartu nahi duten gazte eta emakumeei lehentasuna emateko; betiere, lursailak kudeatzea eta erabiltzea bermatuko zaie lur-jabeei.

282

Uraren Lege berria

Ura ondare komuna dela deritzogu; beraz, beharrezkoa da denok parte hartzea uraren kudeaketaren eta banaketaren arloan erabakiak hartzeko orduan.

Uraren lege berri bat bultzatuko dugu, Uraren Esparru Zuzentarauarekin bat eginez. Kalitatezko ura eskuratzea eskubide bat izatea bermatuko dugu, eta, era berean, ibaien emari ekologikoak, akuiferoak eta beste ur-masak kontserbatuko.

Ibai-arroetako erakundeak demokratizatuko ditugu, orain arte erabakitze-eta kudeaketa-erakundeetatik baztertuta egon diren sektoreak gehituz, hala nola ura iraunkortasunez erabiltzea eta ibaiak kontserbatzea defendatzen duten erakundeak. Plan hidrologikoak berrikusiko ditugu, Uraren Esparru Zuzentarauarekiko koherentzia absolutua bermatze aldera, egoera ekologiko ona mantendu eta planak eraginkorragoak izan daitezen. Uholdeak saihesteko lan egin, eta bermatuko dugu behar bezala kudeatuko direla ibai-lurraldeak eta urpean gera daitezkeen eremuak, uholde-arriskuak kudeatzeko Europako zuzentarauarekin bat eginez.

283

“Kutsatzen duenak ordaindu dezala”

Berehala indargabetuko ditugu, batetik, 11/2014 Legea, eta, bestetik, 183/2015 Errege Dekretua, Ingurumen Erantzukizuneko 26/2007 Legea aldatzen duena. Azken lege horren oinarriak hauek dira: zuhurtasuna, prebentzioa eta “kutsatzen duenak ordaindu dezala” printzipioa.

Ingurumen-inpaktu guztiak biltzen dituen ingurune-baimen bakar baten bitartez, administrazio-tramiteak sinplifikatuko ditugu, eta, horri esker, operadoreek erakunde administratibo bakar batekin izango dute komunikazioa.

Derrigorrezko kontrol-parametroen barruan, herritarren babesa goiburu harturik, leku egokiagoetara eramango ditugu industria-kutsadura kontrolatzeko eta neurtzeko estazioak.

I+G+Bren garapena sustatuko dugu, kutsadurari aurrea hartzeko teknologietan eta batez ere lurren deskontaminazioan, bai eta desastre ekologiko baten aurrean ingurumena berreskuratzeko ere.

Ezagutza berriak bultzatuko ditugu, kutsadurak pertsonen osasunean dituen ondorioei buruzkoak batez ere.

Ingurumen-arriskuetako teknikarientzako prestakuntza-plan bat bultzatuko dugu, industria-jardueraren eta administrazio zentralaren (zeina kontrol-erakunde nagusia izango baita) euskarri gisa.

Lehentasuna emango diogu “kutsatzen duenak ordaindu dezala” printzipioari; ildo horretan, ingurumen-erantzukizun erreal bat bultzatuko dugu natura-baliabideak ustiatzen dituzten erakundeen artean, natura-ingurumena berme finantzario baten bitartez konpontzeko, eragindako kalteen arabera.

284

Itsasgunea eta haren ingurua babestea

Kosta Legearen aldaketak deuseztatu, eta itsasbazterra babesteko eredu berri bat bultzatuko dugu, irizpide geomorfologikoak eta paisaia-irizpideak kontuan hartuz.

Estatu osorako itsas planifikazio estrategiko bat garatuko dugu, itsas inguruneko giza aktibitateen oinarriak finkatzeko, energia berriztatzaileen garapenari eta gure ekosistemen babesari lehentasuna emanez.

Baliabide ekonomikoak jarriko ditugu Itsas Estrategien Europako Zuzentaraua eraginkortasunez gauzatu dadin.

Itsasgunea ikertzeko azpiprograma bat txertatuko dugu Ikerketa Zientifikoaren Programa Nazionalean, itsas energia berriztagarriak garatzea eta ingurumena babestea sustatzeko.

Estatuko itsas eremu babestuak eta haien natura-balioa ezagutarazi eta kontuan hartuko ditugu Estatuko eta autonomia-erkidegoetako turismoaren eta ingurumen-hezkuntzaren sustapenean.

Itsasguneen inpaktu positiboa areagotuko dugu gertuko kostaldeko herrietan. Alde horretatik, etiketa berezi bat sortuko dugu itsas erreserbetan era ez-suntsitzaile batean ateratako arrain nahiz itsaskientzat. Zenbait eragilerekin lan egingo dugu, itsasora botatzen den zaborraren kopurua murrizteko.

285

Hiri iraunkorrak

Herritarrentzat iraunkorragoak eta bizitzeko egokiagoak diren hiri-ekosistemak transformatzeko politika aktiboak bultzatuko ditugu. Etxebizitza gehiegi eraikitzean oinarrituriko produkzio-eredu espekulatiboa deuseztatu, eta apustu egingo dugu dagoeneko eginda dauden eraikinen birgaitzearen eta eraginkortasun energetikoaren alde. Neurri horrek, beste alde batetik, enplegua sortuko du, kalitatezkoa. Administrazioen eskuetan dauden hirigintza-legediaren tresnak bultzatuko ditugu, etxebizitza eskuragarriaren, eta hornidura eta espazio libreen eskaera asetzeko, eta espekulazioa saihestuko dugu, lurraren ondare publikoa gehitzeko.

Guztion eskubide bat da hiria. Horregatik, irisgarritasun unibertsala sustatu eta eraikuntza-oztopoak ezabatuko ditugu. Gainera, hiriak diseinatzean, kontuan hartuko dugu genero eta zahar nahiz haurren beharren ikuspegia ere. Teknologia berriek aukera ematen digute hiri-ekosistemak era eraginkor batean kudeatzeko; tresna horiek baliatu, eta hiri eta komunitate bizkorren garapenaren alde egingo dugu apustu. Hirigintzako plangintzen eta hitzarmenen prozeduren gardentasuna bermatuko dugu, herritar guztiek eskuragarri izan dezaten informazioa, txosten tekniko eta juridikoak barne. Ingurumen-balioa duten eremuak urbanizatzea saihestuko dugu, batez ere kostaldekoak, bai eta natura-arriskuak eta uholdeak jasan ditzaketen eremuak urbanizatzea ere.

286

Ekonomia zirkularra bultzatzea. Helburua: ZERO zabor

Hondakinei buruzko esparru-zuzentaraua bete, eta zuzentarau hori Estatuko antolamendu juridikora lekualdatzea berraztertuko dugu, zuhurtasun- eta prebentzio-oinarrietatik hasita. Ekoizleen erantzukizuna handiagotuko dugu; azterlan zorrotz eta independenteetan oinarrituz, ekoizleek beren gain hartuko dituzte hondakinen gestioaren kostu errealak eta hondakinei buruzko esparru-zuzentarauan ezartzen diren helburuak betetzeko neurriak garatzea.

Ekonomia zirkular bat garatuko dugu, gure ekonomian natura-baliabideen erabilera murriztea bermatzeko.

Abian jarriko ditugu hondakinak kudeatzeko eta murrizten laguntzeko politikak, hala nola obsoleszentziaren aurkakoak, ekodiseinuaz baliatuz hondakin gutxiago sortzearen aldekoak, konpostatzeko materia organikoa bereiztearen aldekoak, eta abar.

Puntu Garbien eta Puntu Garbi Mugikorren funtzioa zehaztuko dugu, jasotzen diren produktuen kantitatea eta, batez ere, kalitatea hobetzeko, eta abian jarriko ditugu birziklatzea bultzatzeko hainbat operazio, hamar urtean birziklatze-tasa bikoiztea helburu hartuta.

Bigarren eskuko merkatua bultzatuko dugu, baita tresneria bereiztea ere, hala nola altzariak, etxetresna elektrikoak eta elektronikoak.

287

Erreskate ekologikoa: gure biodibertsitatea salbatzea

Erreskate ekologikorako plan bat diseinatu eta inplementatuko dugu, hogei urtekoa, gune andeatuak berreskuratzeko eta ingurumena leheneratzeko. Horrek enplegu iraunkorra sortzea ekarriko du berekin.

Bertako biodibertsitatea kontserbatzeko plan bat sortuko dugu. Horretarako, baliabide ekonomikoak emango dizkiogu Biodibertsitatea Kontserbatzeko Funtsari; natura-sistemen inbentarioa egin, eta informazio-sistemak bultzatuko ditugu (esate baterako, natura-bankuak).

Bestalde, kontuan hartuko ditugu Parke Nazionalen Sarean ez dauden baina naturaren babesa behar duten ekosistemak ere.

Karniboro handiak (hartza, katamotza, otsoa) beren natura-ekosistemetan bizitzeko sistemak diseinatuko ditugu, gizakien jarduera ekonomikoekin (garraioa, ekoturismoa, abeltzaintza) bateragarri eginez.

Espezie exotiko inbaditzaileen aurreko prebentzioa bultzatuko dugu, haien hedapena gelditzeko.

Korridore ekologikoak eta azpiegitura berdeak sortuko ditugu, hezetasunaren zikloa leheneratzeko eta klima-aldaketaren ondorioak leuntzeko.

288

Klima-aldaketaren aurkako borroka

Klima-aldaketari buruzko lege bat bultzatuko dugu. Lege horrek, besteak beste, gutxieneko eduki hauek izango ditu:

Baso-politikari buruzko erkidego-mailako jarduketak bultzatzea, basoak tokian tokiko espezieekin aberasteko eta hustuleku-efektua garatzeko.

Proposamen bat egitea CO2 isurketen gestioari buruz: prezio finko bat jarriko dugu isurtzen den karbono tona bakoitzeko, Europar Batasuneko aurreikuspenekin bat etorriz.

Trantsizio energetikoari buruzko plan bat inplementatzea, 2050ean kontsumitutakoaren % 100en iturria energia berriztagarriak izan daitezen.

“Zerga-sistema berdea” bultzatzea eta balio-katean zehar hondakinak sortzea zigortzea.

Klima-aldaketara egokitzeko plan bat gauzatzea hirietan, administrazio publikoetan eta sektore estrategikoetan.

Hirien eta ekosistemen erresilientzia areagotzeko jarduketak bultzatzea (adibidez, uraren hornidura, hirien kasuan, eta hondakinen gestio egokia).

289

Parte-hartzeari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko Estrategia Integrala

Parte-hartzeari eta ingurumen-hezkuntzari buruzko estrategia integral bat sortu eta inplementatuko dugu, herritarrek ongizatearekin zerikusia duten ingurumen-alderdietan parte har dezaten. Horretarako, herritarrek parte hartzeko eta laguntzeko hainbat modu bultzatuko ditugu, eta, haiei esker, parte-hartzearen kultura sustatu eta herritarren nortasun kolektiboa indartuko da. Horrela, herritarrek era aktiboan parte hartuko dute ingurumenarekin arduratsua den gizaki- eta gizarte-garapen eredu baten eraikuntza kooperatiboan. Estrategia horretan, hauek aurreikusten dira:

Gobernuaren aktibitateetan informazioaren, gardentasunaren eta parte hartzearen oinarriak aplikatzen direla bermatzea.

Ingurumen-hezkuntza bultzatzea hezkuntzaren etapa guztietan eta bizitzaren ziklo guztietan, populazioa ingurumenaren arazoekin sentsibilizatzeko eta tartean sartzeko.

290

Iraunkortasuneko presidenteordetza

Iraunkortasuneko presidenteordetza bat sortuko dugu, iraunkortasunarekin lotutako gobernu-politikak ekonomia- eta enplegu-politikekin lotzeko. Horren bitartez, planetaren mugak kontuan hartzen dituen garapen-eredu bat sustatuko dugu, eta ziurtatuko dugu beti iraunkortasun-irizpideak baliatzen direla gure garapen ekonomiko eta sozialerako politiketan.

291

Ura: giza eskubide bat

Pobrezia hidrikoa hautemateko eta errotik ezabatzeko neurriak ezarriko ditugu, eta ura giza eskubide gisa aitortuko dugu. Ura eskubide bihurtuz, biztanle bakoitzarentzako gutxieneko hornidura bermatuko dugu, oinarrizko beharrak asetzen direla ziurtatzeko.

Azpiegitura hidrauliko handien eraikuntza-proiektuak (presak eta isuraldatzeak) berrikusi, eta bestelako hornidura-sistema batzuk garatuko ditugu urritasun-garaietarako. Isuraldatzeen inguruko arroetan, ezinbestekoa da, helburu iraunkorragoetarako bidean, nekazaritzako, hiriguneetako eta industriako ur-eskaria kudeatzea eta ezohiko baliabideak optimizatzea (hondakin-urak berrerabiltzea eta itsas ura gezatzea).

Inbertsio publikoko programa handinahi bat jarriko dugu abian, herri guztiak hondakin-uren tratamendu-sistemez hornitzeko. Era horretan, Hondakin Urei buruzko 91/271 Zuzentarauko betebeharrak bete, eta aurreko gobernuen funtzio-utzikeriaren ondorioz Europar Batasunak jarritako zigorrak saihestuko ditugu.

292

Ingurumen segurua, funtsezko eskubide gisa

Aintzat hartuko dugu ingurumen egokia izateko eskubidea (gaur egun, Konstituzioan biltzen da, politika sozioekonomikoko oinarrietan; hain zuzen ere, 45. artikuluan), herritarren funtsezko eskubide gisa (lehen tituluaren bigarren kapitulua). Era berean, ura izateko giza eskubidea eskubide subjektibo gisa bildu nahi dugu, eta energia-baliabideak izateko eskubidea, berriz, oinarrizko bizigarritasun-eskubide gisa.

293

Konkordatua baliogabetzea

a1953ko Konkordatua eta Estatu espainiarrak Egoitza Santuarekin 1976. eta 1979. urteetan sinaturiko bost konkordatu-hitzarmenak baliogabetuko ditugu, baita beste erlijioetako ordezkariekin sinatutakoak ere. Eta beste neurri batzuk sustatu edo gauzatuko ditugu; adibidez:

Kalitatezko hezkuntza laiko eta publiko baten aldeko apustua egitea. Erlijioaren irakasgaia curriculumetik, eskola-ordutegitik eta ikastetxeetatik kentzea.

Kapilautzak eta erlijio-zerbitzuak ezabatzea erakunde publikoetan (ospitaleak, unibertsitateak, espetxeak, enbaxadak, etab.).

Apezpikuei fede-emaile publikoko kategoria ematen dien Hipoteka Legearen 206. artikuluaren eta haren 304. artikuluaren babespean Erromatar Eliza Katoliko Apostolikoak (EEKA) immatrikulatutako ondasunen inbentarioa egitea eta ondasunok berreskuratzea, legeok indargabetuta.

Erlijio-sentimenduen ustezko laidoa delitu gisa sailkatzen duten Zigor Kodeko artikuluak indargabetzea.

Eliza katolikoaren eta beste erlijio batzuen zerga-pribilegioak ezabatzea, hala nola Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) ordaintzera behartzea eta Estatuaren finantzaketa kentzea (PFEZaren laukiaren bitartez eta zerga-salbuespenen bitartez).

Erlijio-ospakizunak eta erlijio-ikurrak ezabatzea ekitaldi ofizialetan, santuen irudi edo izenen ohorez edo omenez egindako ekitaldiak ezabatzea, baita ekitaldi konfesionaletan agintarien presentzia publikoa ezabatzea ere.

294

Kontzientzia Askatasuneko Lege berria

Indarrean dagoen 1980ko uztailaren 5eko Erlijio Askatasuneko Legea kendu, eta Kontzientzia Askatasuneko Legea jarriko dugu haren ordez, Estatuaren laikotasuna eta erlijio-sineste guztiekiko neutraltasuna bermatzeko.

295

Landako mundu bizia eta jasangarria

a2007ko abenduaren 13ko Landa Ingurunearen Garapen Jasangarriari buruzko egungo Legearen eta 752/2010 Errege Dekretuaren aplikazioa bermatuko dugu, landa-ingurunea despopulatzeko eta uzteko joera iraultzeko eta administrazioen artean kontzertua sustatzeko.

Eskualdeka Parte Hartzeko Plan Integrala garatuko dugu (orain arte Gobernuak geldiarazi duena) gizarte- eta ingurumen-jasangarritasunaren parametroekin.

Toki Administrazioa demokratizatu, bere autonomia aitortu eta bere eskumenak hobetuko dituen erakunde-esparru berri bat sortuko dugu, egungo hiru gobernu-mailen arteko erakunde-leialtasun eskasa berrorekatzeko xedez.

296

Gure mendiak zaintzea

Indarreko araudia egokituko dugu landa-eremuan enplegua sortzen lagunduko duten ekoizpen-jarduera jasangarri berriak sustatzeko esparru berri batean.

Mendiei buruzko Legea aldatuko dugu, erretako mendiak birkalifikatzea eta horietan eraikitzea debekatzen duen babes-araudia berreskuratzeko eta baso-baliabideak gure natura-ondareko eta klima-aldaketaren aurkako borrokako funtsezko elementu gisa ulertzeko.

Herritarren eta baso-agenteen parte-hartzea zabalduko dugu Basoko Baliabideak Antolatzeko Planen lanketan.

Tokiko garapena sustatuko dugu baso-baliabideen kudeaketa publikotik eta basoko lanen azpikontratazioa ezabatuko dugu tokiko enpresen lana sustatzeko.

297

Garraio publikorako sarbidearen bermea

Garraio publikorako sarbidea ziurtatu eta pertsona guztien mugikortasunerako eskubidea bermatuko dugu pobrezia-arriskuan eta gizarte-bazterketako arriskuan dauden herritarrentzako eta iraupen luzeko langabetuentzako tarifa berezi edo doanekoaren bitartez.

298

Lurraldea antolatzea eta ekonomia sustatzea trenbidean oinarrituta

Trenbidearen irisgarritasuna hobetuko dugu herritarrentzat, garraio kolektibo guztien artean seguruena eta jasangarriena delako. Horrela, distantzia ertain eta luzeko bidaiarien garraio gisa sustatuko dugu, eta ibilbideak, irisgarritasuna, maiztasunak eta material higikorra hobetuko ditugu.

Salgaien trenbideko garraioa sustatuko dugu errepideko garraioaren ordez laurehun kilometrotik gorako distantzietan. Modu horretan, ingurumenaren gaineko inpaktua murriztea lortuko dugu.

Egin beharreko analisi eta azterketa teknikoak egin ondoren, AHTren sarea eraldatuko dugu, eta zati batzuk abiadura txikiagoko linea bihurtuko ditugu, maiztasun handiagoarekin eta tarteko geraleku gehiagorekin. Halaber, erradiala soilik izango ez den zabaltzea bermatuko dugu, trenbidera herritar gehiago iristeko eta lurraldearen barruan mugikortasun bidezkoagoa eta orekatuagoa antolatzeko helburuarekin.

299

ZERO helburua trafiko-istripuetan

Istripu-arriskuak minimizatuko ditugu bide-sarean, seinaleak eta informazioa egokituta, eta bideen baldintzak eta egoera hobetuta. Dena den, orokorrean aztertuko ditugu istripuetan eragina duten hiru faktoreak: bidearen arriskugarritasuna, automobilaren ezaugarriak eta gidaria, istripua izateko arriskuak murrizteko jarduketak diseinatzeko xedez.

Halaber, «puntu beltzak» edo «bide-zati beltzak» deiturikoak ezabatuko ditugu pixkanaka-pixkanaka. Hasiera batean, seinaleztatu egingo ditugu eta, aurrerago, ezabatu egingo ditugu pixkanaka-pixkanaka.

300

Lurzoruaren Erabilerei buruzko Lege Berria

Lurzoruari buruzko egungo Legea berrikusiko dugu, lurraldearen ikuspegi integrala bermatuko duen, ondasun erkide eta publikoak babestuko dituen, lotura sektoriala egituratuko duen eta administrazio-maila desberdinak planifikatzeko unitate bereziak definituko dituen lege-esparru berri bat sortzeko.

Lurzoru urbanizagarriak urbanizaezin bihurtzeko aukera aztertuko dugu, ingurumen-kostuak urbanizazio-kostuetan sartuko ditugu, ekintza estrategikoak lehenetsiko ditugu eta arloko eta udaleko planak Lege berriko zehaztapenetara egokitzea programatuko dugu.

301

Paisaia Babesteko Lege Berria

Paisaiak Babesteko Legea sortuko dugu, paisaia zuhurtasun-printzipioan oinarrituta balioestea eta erabiltzea sustatuko duena eta haren gainean inpaktu konponezinen bat duten jarduketak edo esku-hartzeak galarazten dituena.

Paisaia-politikak bateratuko ditugu eta paisaiaren plangintza eta babesa txertatuko ditugu lurralde-antolamenduan. Zentzu horretan, plangintza parte-hartzailea sustatuko dugu Paisaiari buruzko Europako Hitzarmenean erabakitakoaren arabera, herritarrek beraiek definitu ditzaten bizi diren paisaiaren kalitate-helburuak.

302

Itsasertzaren Babes Eraginkorrerako Plana

  • Itsasertzeko eremu babestu gehiago aitortuko ditugu.

  • Itsasertzean jardunbide onenak dituzten udalerrien inbentarioa egingo dugu, ezagutzera emateko eta jasangarritasunaren alde duten balioa eta egiten duten apustua aitortzeko. Horrela, eredugarriak izango dira gainerakoentzat.

  • Itsasertza, Hezeguneak, Padurak, Hondartzak eta Eremu Narriatuak Ekologia Ikuspegitik Lehengoratzeko Plan bat garatuko dugu.

  • Araztegi berriak eraiki eta lehengoak hobetuko ditugu, itsasertzean isurketa gutxiago egiteko eta haren kalitatea hobetzeko helburuarekin. Isurien inbentarioak ere egingo ditugu, itsasontzien isurien gaineko zaintza areagotuko dugu eta horrelakoak izateko aukera murrizteko protokolo hobeak garatuko ditugu, batez ere itsasertzean, itsas trafiko handia baitago.

303

Animalien Ongizateari buruzko Legea

Animalien Ongizateari buruzko Legea egingo dugu, honako jarduketa hauek barne hartuko dituena:

  • Albaitaritza-zerbitzuei BEZa murriztuko diegu, luxuzko zerbitzu izateari utzi eta premia biziko zerbitzu bihurtuko direlako. Kontuan hartuz, gainera, osasun publikoari eragiten dion alderdia dela.

  • Animalien Hiri Lagunak Saria sortzea, hondartzetako bandera urdinen antzeko sistema baten bitartez, animalien ongizatea bermatzeko behar diren neurriak eta zerbitzuak aktibatzen dituzten udalerriak ofizialki saritzeko.

  • Zoologikoak eta akuarioak animalien ongizatea aintzat hartuta berrikustea eta arautzea, eta ez entretenimenduko negozio gisa soilik ikustea.

  • Animaliak giltzapetuta edukitzen dituzten edo tratu txarrak ematen dizkieten ikuskizun guztiak aztertzea.

  • Diru-laguntzarik ez animaliekin egiten diren eta horien ongizatea bermatzen ez duten ikuskizunetarako. Halaber, tauromakia kultura-ondare gisa arautzeko azaroaren 12ko 18 / 2013 Legea aldatuko dugu.

304

Estaldura sanitario unibertsala

Bazterketa sanitarioko talde guztiak kenduko ditugu eta estaldura sanitario unibertsala berrezarriko dugu itzulitakoei berehala aplikatzeko eta migratzaileak herrialde hartzaileko osasun-sisteman sartzeko honako neurri hauen bitartez:

  • Europako Osasun Txartela (EOT) egingo zaie Europar Batasuneko, Islandiako, Liechtensteingo, Norvegiako eta Suitzako emigranteei, eskatzailearen lan-egoerari lotutako murrizketarik gabe.

  • Herrialdetik alde egin behar izan duten eta beste herrialde batean laurogeita hamar egun baino gehiagoz bizi behar izan duten luzaroko langabeei ez zaie EOT kenduko.

  • EOT berrituko zaie atzerrian egiten ari diren ikasketak luzatzen dituzten ikasleei.

  • Europar Batasunetik kanpoko aldebiko hitzarmenen sustapena, migratzaileen estaldura sanitarioa bermatzeko harrerako herrialdeko osasun-sisteman txertatzea lortzen duten arte.

  • Berehalako arreta sanitarioaren bermea itzulitako migratzaileei.

305

Emigrazioaren bulegoa

Emigrazioaren Bulegoa sortuko dugu, honako helburu hauekin:

  • Entitate bakarrean dauden erakundeak eta baliabideak zentralizatzea, emigratu duten edo emigratu nahi duten pertsonentzako lotura-, itzulera- eta laguntza-programen koordinazioa egon dadin.

  • Estatuko eta atzerriko agenteak inplikatzen dituen jardunbidea ezartzea.

Emigrazioaren Bulegoak Estatuko probintzia guztietan izango du egoitza. Bulego horiek babesa, orientazioa eta herrialdeari buruzko informazioa eskainiko diete migratzaileei, dagozkien lan- eta gizarte-eskubideak erabili ahal izateko eta gizarteratze hobea izaten laguntzeko.

306

Hizkuntza eta kultura espainiarra atzerrian irakasteko araudia

Hizkuntza eta kultura espainiarra atzerrian irakasteko araudia egingo dugu, emigratutakoen ondorengoen lotura sozial eta kulturalak sendotuko dituena. Araudia honako ekintza-plan honen bidez jarriko litzateke abian:

  • Haur-emigrazioaren azterketa, bere errealitate sozial eta demografikoa ezagutzeko xedez.

  • Kontinenteen araberako azterketa Nazioarteko Atalei buruz, Hizkuntza eta Kultura espainiarraren Gelei buruz edo lehendik dauden espainiar titulartasuneko edo titulartasun mistoko zentroei buruz, gutxienez hamabi eskaera dauden tokietan gelak mantentzeko eta indartzeko eta berriak irekitzeko aukera emango duena.

  • Astean gutxienez hiru orduko zuzeneko irakaskuntza bermatzea, hizkuntza eta kultura espainiarraren irakaskuntza integrala barne hartuko duena.

  • Urrutiko arreta-sistemen garapena, ikasleei arreta egokia eskaintzea galarazten duten arrazoi demografiko, geografiko edo politikoengatik gela bat ireki ezin den tokietan edo irakasleentzako lan-baldintza duinak bermatu ezin diren tokietan.

307

Estatuko migratzaileentzako eta itzulitakoentzako pentsio duinak bermatzeko neurriak

Plan bat egingo dugu migratzaileentzako pentsioak egokitzeko helburuarekin, migratzaileek prestazioak jasotzeko aukera emango duena, ekarpen-urteak aitortzeko arazoei arreta berezia eskainiz eta zerga-ordainketa bikoitza saihestuz.

308

Emigranteak itzultzeko aukera ematen duten mekanismoak eta erakundeak ezartzea

Estatuko emigranteak itzultzeko aukera emango duten hainbat mekanismo eta erakunde jarriko ditugu martxan, emigrazioaren kausak eta ezaugarri soziologikoak ezagutzeko aukera emango digun haren errealitateari buruzko azterketa batean oinarrituta. Modu horretan, fenomeno plural horretara egokitzen diren itzulera-politikak egin ahal izango ditugu.

Horretarako, nahitaezkoa izango da toki-administrazioa eta Emigrazioaren Bulegoa inplikatzea, itzulera-prozesua errazteko informazio- eta laguntza-trukerako bitarteko gisa. Gainera, atzerriko lan-esperientziaren kontratazio publikorako sarbidea aitortu beharko da, eta baita atzerriko erakunde ofizialek emandako hizkuntza-tituluak ere.

Halaber, ekarpenen sistema hobetuko dugu Europar Batasuneko herrialdeetan kotizatutako urteak aitortzeko eta atzerrira joandako pertsonen eskubideak Estatuko gainerako pertsonenekin parekatuko ditugu gizarte-zerbitzuei dagokienez (adibidez, babes ofizialeko etxebizitza).

309

Estatu espainiarrean bizi diren atzerritarren eskubidea botoa emateko eta politikan parte hartzeko

  • Hautesle-erroldan udal-erroldaren bidez sartuko dira, eskakizun gehigarririk gabe.

  • Sufragio-eskubidea Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoaren erreformaren bidez arautuko dugu eta ez aldebiko nazioarteko itunen bidez. Sufragio pasiboa aitortuko diegu atzerriko egoiliar egonkor guztiei, ez Europar Batasuneko herritarrei soilik.

  • Asko murriztuko ditugu eskubide horiek lortzeko eskatzen diren bizileku-epeak.

  • Atzerritarrek alderdi politikoak sortzeko debekua ezabatuko dugu, alderdi politikoei buruzko ekainaren 27ko 6/2002 Lege Organikoan jasota dagoen bezala.

  • Atzerritarrek hauteskunde autonomikoetan eta erreferendumetan parte hartzeko aukera indarreko esparru konstituzionalean txertatzeko bideragarritasuna aztertuko dugu.

310

Nazionalitate-testa ezabatzea eta nazionalitatea lortzeko epeak murriztea

  • Gaur egun nazionalitate espainiarra lortzeko eskatzen den nazionalitate-testa ezabatuko dugu.

  • Bizilekuagatik nazionalitatea lortzeko eskatzen diren epeak laburtuko ditugu: bost urteko epe orokorra, hiru urte errefuxiatuentzat eta urte bat Estatu espainiarrarekin harreman ona duten herrialdeetatik etorritako pertsonentzat.

  • Oztopo burokratikoak eta eskakizun diskrezionalak ezabatuko ditugu prozeduran. Nazionalitate bikoitzeko itunen premiarik gabe espainiar nazionalitatea lortu ahal izateko jatorrizko nazionalitateari uko egiteko eskakizun orokorra kenduko dugu, zenbait kasutan behintzat (esaterako, iheslarien kasuan).

  • Garrantzi handiagoa emango diogu ius soli (leku-eskubidea) irizpideari jatorrizko nazionalitatea ematerakoan.

311

Migrazio Politiketarako Estatuko Idazkaritza sortzea

Migrazio Politiketarako Estatuko Idazkaritza bat sortuko dugu migrazioaren ikuspegi-eredu berri bat ezartzeko, migrazioekin eta aniztasunarekin zerikusia duten ministerioen arteko lanaren koordinazioan oinarritutakoa, eta baita migrazioei buruzko eskumenak bateratzeko ere, gaur egun Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioan, Barne Ministerioan eta Kanpo Gaietarako eta Lankidetzako Ministerioan sakabanatuta daudenak.

Immigrazio eta Emigrazioko egungo Idazkaritza Nagusiak Estatuko Idazkaritza izaera berreskuratuko du eta Migrazio Politiketarako Estatuko Idazkaritza izena hartuko du.

Diruz lagundutako proiektuak balioesteko, horien baremoa ezartzeko eta jarraipena egiteko lanak egingo ditu, eta barne-lanaren aldeko apustua egingo du kanporatu beharrean.

312

Estatu espainiarrean sartzeko legezko bide seguruak eta familia berriz biltzeko prozesuak malgutzea

Estatu espainiarrean sartzeko legezko bide seguruak antolatuko ditugu, eta familia berriz biltzeko prozesuak malgutzearen aldeko apustua egingo dugu.

Tipologia desberdineko bisa-politika berria ezarriko dugu, esaterako, enplegu-bilaketarena, esaterako, Estatu espainiarrean aldi batez egoteko eta lanik aurkitu ez bada jatorriko herrialdera itzultzeko aukera ematen duena, berriro sartzea galarazi gabe.

Bizileku-baimenak berritzea ez da lotuko indarreko kontratu bat edo enplegu-eskaintza bat izatearekin soilik, eta errotze-prozesuak ere malgutu egingo dira.

313

«14 Legea», tratu-berdintasunerako eta bizikidetza sustatzeko

Tratu-berdintasunerako eta bizikidetza sustatzeko lege integral bat onartuko dugu, «14 Legea», Arrazismoaren eta Xenofobiaren Behatokiaren independentzia bermatuko duena eta irisgarriago egingo duena. Datuak diagnostikatu eta biltzeko funtzioez gain, behatoki honek edozein diskriminazio-motaren biktimei zaintza integrala eta babesa emateko proposamenak eta prebentzio-funtzioak egingo ditu.

Bizikidetzako estatu-plan integral bat prestatu eta martxan jarriko dugu, arrazismoa, xenofobia eta edozein diskriminazio-mota prebenitzeko neurri komunitarioei, hezkuntzakoei eta sozialei lehentasun handiena emango diena. Halaber, enpleguaren arloko eta funtzionario eta enplegatu publikoen arloko neurriak ere jasoko ditu (batez ere Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak), eta baita komunikabideetan zabaldu eta babesa ematekoak ere. Plan horrekin memoria berreskuratzea, mugetako biktimei ordaintzea eta deskolonizazio sinbolikoaren prozesuan aurrerapenak egitea sustatuko dugu.

314

Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak ixtea

  • ABZak itxiko ditugu, sistema demokratikoaren anomalia direlako.

  • Kontrol-mekanismo egokiak garatuko ditugu, etnia- edo jatorri-arrazoien ondoriozko diskriminazio-egoerarik gerta ez dadin eragile juridikoen aurrean.

  • Profil etnikoa eta deportazioko hegaldi kolektiboak kontuan hartzen dituzten poliziaren identitate-kontrolak ezabatuko ditugu.

315

Asilo-eskubidearen bermea: legez lortzeko bideak, asilo-sistema erkidea eta birkokatze-programa duinak

Batetik, asilo erreal eta eraginkorraren sistema erkidea sustatuko dugu Europan, iheslariek estatu kideetan duten nazioarteko babesaren homogeneotasun-ezari amaiera emango diona, eta bestetik, Europako Salbamendu Agentzia sortzea sustatuko dugu.

Sarrerako bide seguruak eta legezkoak prestatuko ditugu Estatu espainiarrak hirugarren herrialdeetan dituen enbaxada eta kontsulatuetan asilo diplomatikoa eskatzeko aukera berreskuratzean, eta bisa humanitarioak emanda, gatazkan dauden herrialdeetatik ihes egiten dutenentzat igarotzako bisa emanda eta familia berriro biltzeko prozesuak arinduta.

Gainera, birkokatze-programa duinak sortuko ditugu, soluzio iraunkorra eta populazioaren eta baliabideen araberako konpromisoa bermatuko dutenak.

Urgentziaz onartuko dugu Asilo Legearen araudia eta asilo-eskabideak aztertzeko eta haien izapidetzea onartzeko sistema berrikusiko dugu, batez ere orientazio sexualaren, genero-identitatearen edo salerosketaren ondoriozko arrazoiengatik edo generoarekin zerikusia duen beste edozein arrazoirengatik (indarkeria, ezkontza behartuak, klitoriaren ablazioa, etab.) aurkeztutakoetan.

316

Mugako pasaguneen legezkotasuna ezartzea: hegoaldeko mugan giza eskubideak errespetatzea

Berehala emango diogu amaiera mugetan pertsonak legez kanpo itzultzeari, nazioarteko legearen aurka doanari. Horretarako, herritarren segurtasuna babesteari buruzko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoko artikuluak indargabetuko ditugu.

Halaber, amaiera emango diegu hegoaldeko mugan izaten diren giza eskubideen urraketei. Horretarako, Ceuta eta Melillako muga-perimetroetan jarritako elementu kaltegarriak kenduko ditugu eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek hegoaldeko muga horretan jarduketa-protokolo bat izatea sustatuko dugu. Gainera, Marokorekin sinatutako aldebiko ituna berrikusiko dugu, ez itzultzeko printzipioa zorrotz beteko dela bermatzeko.

317

Zor subiranoa berregituratzeko nazioarteko esparru juridikoa onartzea

Epe ertainera, gobernantza ekonomiko eta finantzarioko munduko sistema bidezkoagoa, eraginkorragoa, solidarioagoa eta bizi garen mundu multipolarraren adierazgarriagoa eraikitzearen alde egingo dugu.

Helburu horrekin, Gobernu zentralak, parte hartzen duen erakunde aldeaniztunetatik, zor subiranoa berregituratzeko prozesuetarako nazioarteko esparru juridikoa sustatuko du, mailegu arduratsuaren printzipioetan oinarritutakoa, ONUko Ad Hoc Batzordearen lanen ildoan.

318

Finantza-produktu oso espekulatiboen debekua

Basileako III. Akordioetatik haratago, banku- eta finantza-ikuskapenerako benetako nazioarteko sistema bat eraikitzeko, foru eskudunetatik sustatu nahi dugu finantza-produktu oso espekulatiboen debekua eta finantzaketa alternatibo edo banku etikoko formen sustapena.

319

G-20 taldearen eta Nazioarteko Diru Funtsaren bozketa-sistemen erreforma

Foro aldeaniztunetatik eskatuko dugu G-20ren eta Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) bozketako eta kontuak emateko sistemen erreforma. Horrela, erakunde horietako gizarte zibil antolatuaren parte-hartzea indartuko da, demokratikoagoak eta gardenagoak bihurtuko dira eta mundu multipolar baten errealitatea adieraziko dute.

320

Zerga-ihesaren aurka: «Tobin tasa» eta aberastasunaren gaineko zerga globala

NBEren babespeko nazioarteko zerga-agentzia bat sortzea eskatuko dugu, zerga-saihestearen edo herrialdeen arteko zerga-lehiaren aurka borrokatzeko, zehapen-ahalmena izango duena eta enpresa multinazionalak mozkinak lortzen dituzten tokian zergak ordaintzera behartuko dituena. Honako hauek izango dira agentziaren helburuak:

  • Aberastasunaren gaineko zerga global baten sorrera aztertzea, ondare handiak pixkanaka-pixkanaka zergapetuko dituena gizarte-eskubideak bermatzeko.

  • Finantza-transakzioen gaineko zerga bat ezartzea.

  • Zerga-paradisuentzako definizio unibertsala eta araudi loteslea finkatzea.

321

Zerga-paradisuen zerrenda beltza

ELGAren esparruko zerga-paradisuen benetako zerrenda beltza egingo dugu eta horien aurka borrokatzeko estrategia integrala antolatuko dugu, araudia betetzen ez duten estatuentzako zehapen ekonomikoak jasotzen dituena.

Dirua zuritzearen aurkako ekintzak indartuko ditugu legez kanpo atzerrira eramandako kapitalak itzultzeko ekimenak babestuz, batez ere hegoaldeko herrialdeetan.

322

TTIP hitzarmenari aurka egitea

Ipar Atlantikoko Merkataritza eta Inbertsioaren Hitzarmena (TTIP, ingelesezko siglen arabera) gure subiranotasunarentzako, gure demokraziarentzako, gure ekonomiarentzako eta ongizatearen estatuarentzako mehatxua da, gizarte- eta ingurumen-erregulazioak merkataritzarentzako oztopotzat jotzen dituelako.

Horren ondorioz:

  • TTIP, TISA (Zerbitzuen Merkataritza Ituna) eta CETA (Ekonomia eta Merkataritzako Itun Integrala) merkataritza-itunak berrestearen aurka gaude eta elkarrizketak egingo ditugu Europako beste gobernu batzuekin modu berean joka dezaten.

  • Inbertitzaileen eta estatuen arteko arbitraje pribatuko mekanismo sekretuak dituzten Inbertsioak Sustatzeko eta Elkar Babesteko Akordio (APPRI) guztiak ikuskatuko ditugu eta amaiera emango diegu.

  • Gobernu eta erakunde aldeaniztunen nazioarteko sare baten sorrera ―esaterako, Nazio Batuen Merkataritza eta Garapenari buruzko Konferentzia (UNCTAD) eta LANE―, Europako Kontseiluaren merkataritza- eta inbertsio-politiketan aldaketa bat eta Europar Batasuneko herrialdeek hirugarren herrialdeei merkataritza- eta inbertsio-itun berriak sinatzeko presiorik ez egiteko disuasio-jarrera sustatuko ditugu.

  • Gizarte zibilaren parte-hartzearekin, Europar Batasunak Estatu espainiarrean eta munduan egiten duen merkataritza-politika erkideari buruzko inpaktu-azterketa integral bat egingo dugu.

323

NBEko Segurtasun Batzordean beto-eskubidea kentzeko xedea

Estatu espainiarrak NBEko Segurtasun Batzordean agintea duen bitartean (2016ko amaieran bukatuko da) NBEko Segurtasun Batzordearen erreforma integrala arintzeko proposamena planteatuko dugu, demokratikoagoa, gardenagoa eta ordezkagarriagoa egiteko, beto-eskubideari amaiera emateko eta giza eskubideak, genero-berdintasuna, zibilen babesa, elkarrizketa-dinamikak eta krisiaren kudeaketan tokiko lidergoa defendatzera orientatutako agintaldi bat lehenesteko asmoz.

Erreforma hori egiten ez den bitartean, kontu humanitarioei dagokienez betoa ez erabiltzeko konpromiso formala sustatuko dugu (genozidio-kasuak, gerrako krimenak edo gizateriaren aurkakoak), prerrogatiba horren balizko ezabatzea lortzeko lehen urrats gisa.

324

NBEko hurrengo idazkari nagusia emakumea izan dadin laguntzea

Estatu espainiarrak NBEko Segurtasun Batzordean agintea duen bitartean, NBEko hurrengo idazkari nagusi kargurako emakume bat aukeratzearen alde egingo dugu, meritokrazian oinarritutako prozesu garden batean hautatua.

Gainera, emakumeen eskubideei eta genero-berdintasunari dagokienez, Kontseilua bere agintaldian koherentea izatearen alde egingo dugu, emakumeek NBEko erakunde aldeaniztunetan lidergo-posizioetan parte hartzea sustatuz eta emakumeek politika globalean dituzten eskubideak babesteko baliabideen esleipena lehenetsiz, emakume-mugimenduekin bat eginda.

325

Indar Armatuek nazioarteko operazio militarretan parte hartu ala ez herritarrei kontsultatzea

Agenda multidimentsionala sustatuko dugu, harreman bidezkoagoak, baketsuagoak eta seguruagoak eta gerrari, kanpo-politikako tresna erasokor gisa, uko egitea eragiten dutenak eraikitzen lagunduko duena.

Ikuspegi horretatik eta gure demokrazia indartzeko asmoz, Indar Armatuek nazioarteko operazio militar garrantzitsuetan parte hartu ala ez erabakitzeko herritarrei kontsulta egitea sustatuko dugu. Parte-hartze horrek bat etorri behar du nazioarteko zuzenbidearekin eta NBEren baimena izan behar du.

326

Moróneko base militar iraunkorrari buruz Estatu espainiarrak Estatu Batuekin duen hitzarmena ikuskatzea eta berrikustea

Estatu espainiarrak izenpetuta dauzkan defentsa-hitzarmenak berrikusi eta ikuskatuko ditugu, bereziki Estatu Batuekiko defentsa-hitzarmena eta 2015eko haren hirugarren zuzenketa-protokoloa; azken horrek Estatu Batuek Morónen dituzten Afrikarako akzio azkarreko indarrak iraunkor bihurtzen ditu. Gure ustez, Estatu Batuek Estatu espainiarrean duten baseak izateak eta misilen aurkako ezkutuaren eskemetan parte hartzeak gure subiranotasunari eragiten diote eta arriskua ekartzen dute gure nazio-segurtasunerako.

327

Estatu espainiarrak eta Europak NATOn autonomia handiagoa izatea

Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen (NATO) barruan, autonomia estrategiko handiagoa eman nahi diegu bai Europari bai Estatu espainiarrari; horretarako, Segurtasun eta Defentsa Politika Erkidean eta Defentsako Europan sakonduko dugu; hala, gure ingurunearekiko erlazioei eta munduko arazoei europar ikuspegi batetik soilik aurre egiteko. Ildo horretatik, honako hauek defendatuko ditugu: Ekialdeko Europan NATOk duen eginkizun ezegonkortzailea neutralizatzea, aliantzaren gaurko mugak dauden horretan uztea eta Europako ekialdean eta Itsaso Baltikoan misilen aurkako ezkutua jartzeko prozesua gelditzea.

Epe ertainean, Errusiak parte-hartzaile duen segurtasun-arkitektura paneuroparraren eta aliantzaren bateragarritasuna sustatuko dugu, Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundearen (OSCEren) berrindartzea oinarri hartuta.

328

Espainiaren eta Latinoamerikaren arteko joan-etorriko migrazioetarako eskubideak

Latinoamerikarekiko erlazioak indartzea lehentasuntzat hartuko dugu. Latinoamerika, elkartzen gaituzten lotura historiko, ekonomiko eta soziokulturalengatik, funtsezko eskualdea da guretzat. Horretarako, honako hau proposatzen dugu:

Aldebiko akordioen bidezko intermigrazioa sustatzea, bertako eta latinoamerikar emigratzaileen eskubideak babesteko.

Latinoamerikarekiko aldebiko harremanak eta Europar Batasunak eskualde hartako erakunde berriekin (adibidez, Estatu Latinoamerikar eta Karibetarren Komunitatea, CELAC, edo Hegoamerikako Nazio Batasuna, UNASUR) dituenak aitortzea eta biziagotzea; merkataritza-integraziotik haratagoko lankidetza sustatuko dugu, eta, bereziki honako arlo hauetako trukeak sustatuko ditugu: heziketa, ikerketa, zientzia eta ekonomia kooperatibo, sozial eta solidarioa.

Giza eskubideen sustapena bultzatzea, bereziki zigorgabetasunaren eta ustelkeriaren kontra borrokatzeko gaur egun Erdialdeko Amerikan martxan diren herri-prozesuetan.

Kubarekiko harreman politiko eta komertzialak normaltzen laguntzea, bai aldebikoak bai aldeaniztunak, 1996an Europar Batasunak adostutako Jarrera Komunean atzera egiteko.

329

Mendebaldeko Saharak libreki erabakitzeko eskubidearen aldeko konpromisoa hartzea eta Estatu espainiarrean bizi diren sahararrei Espainiako nazionalitatea ematea.

Herri sahararrak libreki erabakitzeko eskubidea izatea babesten dugu.
Horregatik, NBEko Segurtasun Kontseiluan, eginkizun aktiboagoa hartuko dugu eta negoziazio-prozesuaren marko orokorra ikuskatzeko eskatuko dugu, hala NBEko bitartekotza-agintaldia indartzeko eta Segurtasun Kontseiluak prozesu politikoa eragozten dutenak zigor ditzala posible egiteko. Gainera, gogoz defendatuko dugu Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioak (MINURSO) gainbegira dezala giza eskubideak errespetatu eta defendatzen direla eta han bertan lekualdatze ofizialak antola ditzala, bai Mendebaldeko Saharan bai Tindufeko iheslari-kanpamentuetan.

Halaber, sahararren kanpamentuetarako laguntza humanitarioaren kontu-sailak handituko ditugu, prestakuntza-programak eta sahararren higikortasuna sostengatuko ditugu eta gurean bizi diren sahararrek espainiar nazionalitatea eskuratzea sustatuko dugu, egoera berean dauden gainerako pertsonen eskubide berak aitortuta.

Azkenik, Europar Batasuneko Ordezkari Berezi bat izendatzearen alde egingo dugu, Europar Batasunak aldian-aldian Mendebaldeko Saharako gatazkaren konpontze-prozesua zertan den jakin dezan.

330

Palestinar Estatua aitortzea

Palestina berehala eta era unilateralean aitortuko dugu Estatu gisa. Nahiz eta bakea bermatzeko pauso bakarra ez izan, uste dugu pauso hori ezinbestekoa dela giza eskubideak errespetatzeko eta Israelen eta Palestinaren arteko segurtasunerako (NBEko giza segurtasunari buruzko doktrina); nazio-eskubideak aitortu eta baliatzea ere ezinbestekotzat jotzen dugu.

Konpromiso historiko hori palestinarrekin hartzeaz gain, gure herritarrekin ere hartuko dugu. Konpromiso historikoa gertaera zehatzekin gauzatu beharko da, geroago beste zeregin batzuei ekiteko abiapuntu gisa, eta, beraz, proposatuko dugu NBEko Segurtasun Kontseiluak epe lotesle bat ezar dezala Israelen eta Palestinaren arteko negoziazioei berriz ekiteko nazioarteko organismo aldeaniztunek gainbegiratuta eta kontrolatuta.

Giza eskubideen urratzeak gertatuz gero, zigorrak ezartzea bultzatuko dugu, okupazio-politiken, segregazioaren, diskriminazioaren eta palestinarrei Israelgo Estatuak ezarritako zigor kolektiboen kontra.

331

Afrika Plana

Beste Afrika Plan bat landuko dugu, Afrikako gizarteei demokrazia, giza eskubideak, genero-berdintasuna eta garapen iraunkor eta inklusiboa bultzatzen laguntzeko. Plan hori politiken koherentzia-testuinguru batean egingo da, eta bai hemengo gizarte zibilak bai Afrikako eragileek hartuko dute parte.

Ihes fiskalaren kontra borrokatzeko mekanismoak indartzearen alde egingo dugu, eta bermatuko dugu modu gardenean kontrolatzen dela baliabide naturalak nola erabiltzen diren. Ildo horretan, defendatu egingo dugu Estatuko enpresek modu arduratsu eta gardenean jokatzea eta printzipio horiek errespetatzea.

Afrikako eskualdeko eta azpieskualdeko erakundeekiko lankidetzari ere lehentasuna emango diogu, horretarako foro aldeaniztunak erabiliz.

332

Estatu Batuekiko lankidetza zientifiko eta kulturala sustatzea, ongi prestatutako langileek hara joan behar ez izateko

Ongi prestatutako langileek Estatu Batuetara joan behar izan ez dezaten, herri horrekiko lankidetza indartuko dugu zientziaren, kulturaren eta heziketaren arloan. Horretarako, beken aurrekontua handituko dugu, bai ikasketak zabaltzeko bai lan-praktikak eta ikerketa zientifikoa egiteko, baldin eta bertako proiektuekin lotuta badaude; eta sustapen-neurriak bultzatuko ditugu ikertzaileak beren heziketa Estatu Batuetan sakondu ondoren itzul daitezen laguntzeko.

Gainera, Plan Unidos izeneko plana garatuko dugu, komunitate hispanoarekin lotura kulturalak, heziketakoak eta ekonomikoak handiagotzeko, herrialde hartako populazioaren herena baita. Cervantes Institutuaren zentro-sareak lagunduko du beraren konexio latinoamerikarra indartzen, Estatu espainiarreko eta Amerikako kultura eta hizkuntzaren ondasun guztia jasotzen dituzten kultura-ekintzak antolatuz.

Estatu Batuetan eta Espainian, enpresa inkubatzaile eta azeleratzaileen sare bat sortuko dugu, bi herrialdeetan enpresa-proiektu bideragarri eta berritzaileak (bereziki ekonomia sozial eta solidarioaren sektorean) sor daitezen, Estatuko enpresa txikiak eta ertainak Estatu Batuetako merkatuan sartzen laguntzeko eta, horren ondorioz, beren etekina hobetzeko.

333

Kanpo-zerbitzuaren luxuzko gastuak murriztea eta emigratzaileei arreta handiagoa ematea

Kanpo-zerbitzuaren erreforma bat egingo dugu honako printzipio hauen arabera:

Lan-metodoak eta barne-antolaketa modernizatzea, diplomazia-karrerara sartzeko lehiaketa berrikustea eta laugarren txanda bat jartzea aztertzea, eta Estatuko eta kanpoko funtzionarioen eta kontratupeko langileen lan-egoerak hobetzea.

Baliabideak hobeki erabiltzea, luxuzko gastuak gutxituta eta hortik kendutako baliabideak behar bezala esleituta. Soldata-politika berrikustea, desberdintasunak saihesteko, eta Lankidetzako eta Kanpo Arazoetako Ministerioaren egoitzetako alokairuak eta erosketa-politika arrazionalizatzea, bai Estatu espainiarrean bai atzerrian.

Kontsularen laguntza indartzea eta, oro har, herritarrarentzako arreta-zerbitzuak hobetzea, bereziki atzerrian bizi diren herritarrentzat.

334

Espainia Marka eta Cervantes Institutua eraldatzea, bertako aniztasunaren eta plurinazionalitatearen isla izan daitezen

Gure ustez, kanpo-politikak oinarrizko printzipio orokor batzuei jarraitu behar die, baina, era berean, Estatuaren aniztasunaren isla bat izan behar du; beraz, Politikarako eta Kanpo Harremanetarako Lurraldearteko Batzordea sortu dugu, uste baitugu kanpo-politikak gardena eta irekia izan behar duela, gizarte zibilak parte hartu ahal izan dezan, eta, kontrolerako eta kontuak emateko mekanismoak izan behar dituela; Batzordean, gizarte zibilak hartuko du parte eta ministerioen arteko koordinazioa indartzeko balioko du. Orobat, herri-batzorde bat sortuko dugu, kanpo-politika lantzeko eta giza eskubideak errespetatzen eta defendatzen diren gainbegiratzeko.

Aurrekoarekin bat etorriz, Cervantes Institutua berritu eta egokituko dugu, Estatuko aniztasun linguistiko eta kulturalak isla dezan, eta, perspektiba integratzailetik, Espainia Marka eraldatuko dugu, gure aniztasuna, herrialdearen nazionalitate-aniztasuna eta herritar guztien interesak irudika ditzan.

335

Nazioarteko Lankidetza eta Elkartasunerako Lege bat eta Justizia Globalaren aldeko Itun bat onestea

Nazioarteko solidaritate- eta lankidetza-politika berria artikulatzen dituen Justizia Globalaren aldeko Ituna onestea, gauzatzea eta lantzea bultzatuko dugu. Nazioarteko Elkartasun eta Lankidetzarako Lege berri bat onestea ekarriko du Itun horrek, eta, garapen iraunkorrerako politiken esparru koherente batean, lege-oinarri bat emango digu arlo horretan Estatuak egingo dituen politiketarako. Antolatuta dauden herritarrek (mugimendu sozialak, elkartasun-batzordeek eta GKEetako batzordeak) nazioarteko elkartasun eta lankidetza-politika berrian parte har dezaten, mekanismoak jasoko ditu Legeak, batez ere, Lankidetza Batzordea, hura politika hori planifikatu, ikuskatu eta ebaluatzeko egiazko espazio bihurtzeko.

Gainera, Nazioarteko Elkartasun eta Lankidetzarako Legeak finantzaketa-politika berria ezarriko du gure elkartasun- eta lankidetza-politikan herritarrek parte hartzen dutela eta protagonistak direla ziurtatzeko, eta bere finantzazio-eremu horretan erakundeek eta mugimendu sozialek dituzten funtzioetara egokitu du bere finantziazioa, horrela bere akuilu-eginkizuna indartzeko.

336

Garapenerako Laguntza Ofizialaren aurrekontua handiagotzea

Gehienez ere, bi legealditan lortuko dugu Nazio Errenta Gordinaren (RNB) % 0,7 Garapenerako Laguntza Ofizialera (AOD) bideratzea (lehen legealdirako, gutxienez, % 0,4 ezartzen dugu helburutzat). AODk Justizia Globaleko Itunean jasotako interesen alde jokatuko du, interes geoestrategikoak, merkataritzakoak edo beste edozein izaeratakoak alde batera utzita, eta nahikotasunaren, aurreikusgarritasunaren eta babes teknikoaren printzipioen arabera arituko da.

Sektore pribatuak parte hartzeko estrategia berri baten menpe geldituko dira aliantza publiko-pribatuak. Estrategia hori antolatutako herritarrekin batera eraikiko da, eta aliantza horietan eta nazioarteko lankidetza eta elkartasunean parte hartzen duten enpresek nahitaez bete beharko dute.

Gainera, ikuskapenak egingo ditugu, herritarrek parte hartuta (nazioarteko elkartasun- eta lankidetza-akzioan bazkide diren herrialdeak barne), berdintasun-inpaktua, giza eskubideak, genero-berdintasuna eta Estatu espainiarreko AODren funtsekin finantzatutako enpresen jardueren ingurumen-iraunkortasuna aztertzeko.

Azkenik, AODren funtsen % 15 honako hauetara bideratuko dugu: espezifikoki generoarenak diren esku-hartzeak, emakumeen ahalduntzea eta sexu- eta ugaltze-osasuna; lehentasuntzat hartuko da mugimendu feministei eta emakumeen aldeko mugimenduei baliabideak esleitzea, tokiko eremuan, herrialdekoan, eskualdekoan nahiz nazioartekoan.

337

Berdintasun eta Elkartasun Ministerioa sortzea

Berdintasun eta Elkartasun Ministerioa sortuko dugu. Eta nazioarteko lankidetza -eta solidaritate-politika gauzatzea haren ardura izango da.

Beste ministerioekin elkarlanean aritzeko gaitasun handia izango du eta bere gain hartuko du garapenerako nazioarteko lankidetza-akzio guztiak (elkartasun- eta lankidetza-politikak, ekintza humanitarioak, herritartasun globala lortzeko hezkuntza, justizia globalerako ikerketa, garapen iraunkorra…) planifikatzea, zuzentzea eta ezartzea; horrez gain, bere finantza-tresnak (AOD) kudeatuko ditu, itzulgarriak eta ez-itzulgarriak, bai eta ekonomia-justizia globalerako jarduera ere. Halaber, garapenerako politiken koherentzia bermatzeaz arduratuko da, politika publiko guztiak ebaluatzeko, ikuskatzeko eta analizatzeko ahalmena duen unitate baten bidez.

Gainera, ikasketa berriak abiaraziko ditugu nazioarteko lankidetza eta elkartasunean profesionalak prestatzeko, eta, diplomazia-karreratik, esplizituki, funtzionalki eta organikoki bereizita egongo da.

338

AP-4 Autobidea doakoa izatea (Sevilla-Jerez)

Duela urte batzuk kontzesioa luzatu ondoren, autobide-tarte horren kontzesioa bukatzeko zorian dago. Abiadura handiko beste biderik ez dagoela kontuan hartuta, kontzesioa luza ez dadila eta bidesariak ken daitezela proposatzen dugu. Hala, Jerezeko Campiñak eta Guadalquivirreko bokaleak errepide-konexioa hobea izango lukete Sevillarekin.

339

Eliza katolikoaren immatrikulazioak

Ondare historiko-kulturala errekuperatzea proposatzen dugu, herritarrek horretaz goza dezaten. Eliza katolikoa gure ondarearen parte garrantzitsuaz jabetu da, Estatuari inolako ordainik eman gabe eta publikoa ez den erregistro pribatu eta independente baten bitartez. Horregatik, gizarte zibilaren taldeetako aldarrikapenez arduratuko gara, besteak beste, Kordobako meskitari buruzko aferaz.

340

Genil, Fardes eta Guadiana Menor ibaietako azpiarroen ustiapen hidraulikoak erregulatzea

Honako proposamen hauek burutuko ditugu:
Castril ibaiaren ura eramateko proiektuak indargabetzea.
Genil, Fardes eta Guadiana Menor ibaietako azpiarroen ustiapen hidraulikoak erregulatzea. 
Granadaren eta Loja-ren artean, Genil ibaia zaharberritzea eta saneamendu-plan integral bat egitea.
Honako urtegi hauen mantentze-lanak: El Portillo, San Clemente, Negratín, Francisco Abellán, Canales, Quéntar, Cubillas, Colomera eta Bermejales.

341

Industriak lehen erabilitako lurrak garbitzea

Acerinox-eko errautsetatik datozen fosfoigeltsuak eta zesio-137a eta Rincón-eko eta Mendañako paduran isuritako bestelako hondarrak kentzeko, beharrezko jarduerak egingo ditugu, eta gauza bera egingo dugu Pinar-eko padura kutsatuetan isuritako beste hondakinekin.

Gainera, Francisco Montenegro etorbidean (Punta del Sebo) itxi duten industriek hartutako lurrak ahalik eta garbien uzten saiatuko gara , eta lur horiek herritarrek erabiltzeko eta gozatzeko berreskuratuko ditugu.

Tinto ibaiko paduretako hezeguneak birsortzea eta zaharberritzea ere bultzatuko dugu mundu-mailan berritzailea den proiektu baten bitartez, eta irudi berde, berri eta modernoa erakusteko baliatuko dugu.

342

Errepide-sarean hobekuntzak egitea eta tarte berriak sortzea

Olivar-eko autobia eta A-32a (Linares-Albacete) amaitzea bultzatuko dugu, bai eta El Condado-ren eskualdea zeharkatzen duen N-322 ingurabideari buruzko ikerketa egitea ere.

343

Concepción urtegiko bigarren presa sortzea

Concepción urtegiko bigarren presa eraikitzearen alde egingo dugu; izan ere, proiektua urte askoan ezinbestekotzat jo da mendebaldeko Costa del Sol-erako, gaurkoak (1971n eraikia) ahalmen txikiegia duelako populazioa hornitzeko.

344

Andaluzia egituratzeko, trenbide-sarea hobetzea

Trenbide-azpiegiturak hobeak sustatuko ditugu, bai probintzien artean bai eskualdeen artean, andaluziarren bizikidetasuna eta higikortasuna hobetzeko eta ekonomia berpizteko:

Almeria. Almeria-Murtzia Konexioa: bidaiarientzako eta salgaietako abiadura handiko trena (AHT). AHTa Granadarekin lotzea. Mendebaldeko eskualdean, aldiriko tren-sare bat sortzea.

Cadiz. Bobadilla-Algeciraseko trenbidea elektrifikatzea, portuaren eta hiriaren arteko loturak hobetzeko.

Granada. Granada (Motrilen barrena) Malagarekin eta Almeriarekin lotzen duen trenbide-proiektua.

Huelva. Extremadurarekiko trenbide-konexioa (gaurko Huelva-Zafra) hobetzea eta handitzea, bai eta Huelva-Sevilla trenbidearen zerbitzuak hobetzea ere.

Jaen. Aldiriko tren-sarea eta Linares-Baeza geltokia berrindartzea eta hobetzea.

Malaga. Malagatik Algecirasera itsasertzean barna doan trenbide-korridorea, Nerjaraino hedatuta.

Sevilla. Aldiriko tren-sarea hobetzea; bereziki, Los Palacios Cadiz-Sevilla linearekin lotzea Utreraren inguruan.

345

Olibadia eta haren industria babesteko plan integrala

Olibadien eremuan, bizi-kalitatea, eta merkaturatzeko eta esportatzeko baldintzak hobetzeko neurriak bultzatuko ditugu.

Jaenen, nekazaritza-ustiapenarekin lotutako industriaren alde egingo dugu.

Gehiegikeriekin bukatzeko, Estatuak oliba-olioaren prezioa ezartzean bitartekotza-lana egitea defendatuko dugu.

Probintzian bertan oliba-olioa banatzea eta botilaratzea sustatuko dugu, bitartekariekiko mendekotasuna txikiagoa izan dadin.

Babestutako adierazpen geografikoak eta sor-markak lortzea eta erabiltzea gidatzen dituzten arauak zorrozki betetzen direla zainduko dugu.

Oliba-industrian aritzen diren ustiategietan laborantza osagarria ezartzea bultzatuko dugu.

Publizitate-kanpainen bitartez,oliba-olioaren ezaugarri bereziak azalduko ditugu, dieta mediterraneoaren oinarri gisa, haren ezaugarrien balioa azpimarratzeko.

Unescok olibadi andaluziarra Munduko Ondare izendatzea defendatuko dugu.

346

REMESA erraustegi publikoa birdimentsionatzeko eta hobetzeko plana

Hondakinen tratamenduan aritzen den REMESA enpresaren jarduera hobetzeko plana abiaraziko dugu, birziklatutako materialen tasetan Europako batez bestekora heltzeko eta biodibertsitatea mantentzen laguntzeko, eta, aldi berean, lanpostuak sortzea sustatzeko.

347

Canfranc-Oloron trenbidea 2020rako berriro irekitzea

Pirinioetako albo bien arteko bidaiariak eta salgaiak igarotzea errazteko, Huescaren eta Frantziako hego-mendebaldearen arteko trenbidea zaharberritu eta berrirekiko dugu; horri esker, Aragoik lehia-hobekuntza bat lortu du, eta, polo logistiko gisa, indartu egingo da.

348

Esako urtegia handitzeko lanak geldiaraztea

Aragoin, Esako urtegiko handitze-lanak bertan behera utziko ditugu, hasiera batean ikusi ez ziren arazo geologikoengatik aurrekontua bost aldiz handitu delako. Gainera, presa hausteko arriskua dago, eta hasieran kontuan hartu ez ziren zenbait ingurumen-kostu izango lituzkete obrek; horrez gain, ezin dugu ahaztu lan hidrauliko hori egiteak natura- eta hiri-ondarean izango duen eragina.

349

Kantauri itsasoaren eta Mediterraneoaren arteko trenbide-korridorea hobetzea

Teruel-Zaragoza-Sagunto tarteko trenbide-inbertsioetarako planaren bitartez, Kantauri itsasoaren eta Mediterraneoaren arteko komunikazioak hobetzea bultzatuko dugu, penintsulako iparraldearen eta ekialdearen arteko merkataritza-erlazioak eta Aragoiren ahalmen logistikoa sustatzeko.

ASTURIES / ASTURIAS

350

Asturias garatzeko meatze-funtsak

Meatze-funtsetatik zor diren kantitateen ordainketagatik Administrazioen artean dagoen gatazka moldatzea bultzatuko dugu, eta funts horiek politika hedakorretan erabiliko ditugu, diru kopuru hori honako hauek indartuko dituzten proiektuei emanda: asturiar enpresa txiki eta ertainak, enplegu iraunkorra eta funtsezko zerbitzu publikoak, hala nola osasuna, heziketa, etxebizitza eta gizarte-zerbitzuak.

351

Azpiegitura-plana

Azpiegitura-politikaren aldaketa bat bultzatuko dugu Asturiar lurraldea zuzentasunez artikulatzeko eta baliabideak zentzuz erabiltzeko. Horretarako, azpiegituren planean, lau oinarrizko helburu jarri ditugu hurrengo legealdirako:

Aldiriko tren-zerbitzuan funtsezko hobekuntza egitea, maiztasun handiko zerbitzua ezarriz, Asturiasi lekualdatzeetan behar den bizkortasuna emateko.

La Espinaren autobian bukatu gabe daude tarteak amaitzea.

Huernako bidesaria kentzea, Asturiasi zuzeneko sarrera emateko asmoz, lurraldearen garapen ekonomikoa galarazten duen gainkosturik gabe.

Herritarrak babestea azpiegitura handiek (autobiak, autobideak eta trenbide-sareak)beren hiriguneetatik pasatzean sortzen duten kutsadura bisual, atmosferikoa eta akustikotik.

352

Balearretarako erregimen espezifiko bat bultzatzea Estatu espainiarreko lurraldeen arteko oreka ekonomiko eta solidarioan oinarrituta.

Balearretako ordenamendu juridikoan dagoen araudia beteko dugu, Balear Uharteetako finantzazioa esplizituki hobetzeko.

Balear Uharteek lurralde bereziko estatusa lortzea sustatuko dugu, eta, halaber, kasu horietarako Europar Batasunak duen araudi espezifikoa aplikatzea.
Estatu-inbertsioko programa bat sortuko dugu Balear Uharteetarako.

Balear Uharteetarako erregimen ekonomiko espezifiko bat diseinatuko dugu, lurraldearteko konpentsazioari erantzuteko.

Politika ekonomikorako tresna bat sortuko dugu, sektore jakin batzuei baliotasun objektibo eta konpentsatzailea emateko, eta, hala, gure lurraldearen garapen ekonomiko, laboral eta soziala bermatzeko.

353

Balear Uharteetarako eta Kanariar Uharteetarako uhartearteko konexioa eta penintsularekiko konexioa interes publikotzat jotzea

Interes publikotzat jo eta berehala, penintsulara joan-etorriak egiteko eta uharteko arteko hegaldietan, prezio murriztuak ezarriko dira uharteetan bizi direnentzat.

354

Konstituzioan Kanariak Eskualde Ultraperiferikotzat (EUP) jotzea

Kanaria uharteetako erregimen ekonomiko eta fiskala egituratzea eta irautea bermatuko dugu Konstituzioaren bidez. Gobernuak Gorte Nagusiei eta Kanarietako Parlamentuari eskatuko die Kanarietako Autonomia Estatutuko IV. titulua partzialki aldatzeko, Estatuko botere publikoen lege-, arau- eta finantza-politika eta -jardueretan modulazio-printzipioak sartzeko asmoz. Estatuko legeriak modu espezifikoan landuko ditu zenbait materia, Kanarietako urruntasuna, uharte-izaera eta egiturazko muga iraunkorrak kontuan hartuta, hala jada Europar Batasunak RUP eskualdeetarako onartzen dituen ezaugarriak bil ditzan Konstituzioak.

355

Kanarietarako inbertsio-erreserbatik datozen jarduerak sutatzea.

Kanarietarako inbertsio-erreserbak jasotako mozkin fiskalak aplikatzea bultzatuko dugu; hala, uharteetan enpresa-baliabideak inbertitzea sustatuko da, eta, horren ondorioz, lanpostu gehiago sortuko dira eta kanariarraren lanbide-prestakuntza hobetuko da.

356

Uharte-izaeragatiko eta Urruntasunagatiko Aukera Espezifikoen Programetako (POSEI) neurriak eta funtsezko objektiboak betetzea, aurrekontuko diru-hornidura bermatzeko.

Aurrekontuko diru-hornidura egokia bermatuko dugu, Kanarietako Gobernuak dagokion tartea finantzatu ezin duen kasuetarako; horretarako, Administrazio Zentralak osagarriak emango ditu, POSEIren funtsezko helburuak bete ahal izateko; hona hemen helburuok:

Garapen iraunkorra sustatzea, Kanarietan nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerari eusteko eta autohornikuntza handiagoa lortzeko. Elikadura-subiranotasunera hurbiltzeko eta nekazaritza-errenta duin bat izateko, pauso irmoak emango dira, nekazaritza-tradizioei, -erabilerei eta -pasaiari eusten lagunduko baitute; horri esker, lurzoruaren desertifikazioa saihestuko da eta biodibertsitatea babestu eta, hala, produktuen kalitatea hobetu eta merkatuan elementu bereizleak txertatuko dira.

Baldintza beretan produzitzen duten guztiei finantzazio bera ematea.

Kontsumorako eta transformaziorako produktu-hornikuntza bermatzea, eta RUP lurraldea izateak dakarren gainkostua konpentsatzeko sargaiak ere bai.

Tokiko ekoizpenarekin lehiatzen diren produktuetarako konpentsazioak debekatzea.

Iruzurra galarazten duten ikuskapen- eta kontrol-mekanismo nahikoak ezartzea.

Nekazari txikiek laguntzak eskuratzeko sistema sinplifikatu bat sortzea.

Ustiategi agroekologikoak sustatzea.

Produktu transgenikoak inportatzeko laguntzak debekatzea.

Eredu energetikoa aldatzearen alde egingo dugu, energia berriztagarri, garbi, eraginkor eta iraunkorrak erabiltzeko bidea hartuta.

357

Frackingik ez Kantabrian

Ingurumen- eta osasun-arriskuak, eta horiek nekazaritza-bizimoduan izan ditzaketen ondorioak gorabehera, bertan behera utziko ditugu Kantabrian fracking–proiektuetarako eman diren baimenak. Horrek proiektu hauei eragiten die:

  • Luena, zeinak Besaya, Pas, Pisueña, Miera eta Asón ibaien bailarei eragiten dien, bai eta Burgosko probintziaren zati bati ere.

  • Bezana-Bigüenzo, zeinak Kantabriako hegoalde osoari eragiten dion (Campoo, Valdeprado eta Valderredible), bai eta Palentzia eta Burgosko probintzien zati banari.

358

Berraktibatze ekonomikorako plana Besaya ibaiaren eta Reinosako eskualdeentzako

Besaya ibaiaren eta Reinosako eskualdeak irizpide jasangarriekin berrindustrializatzeko plana sustatuko dugu, kontuan hartuta horietan industriaren eraispenak eragin nabarmen negatiboak izan dituela jardueraren eta enpleguaren gainean. Hauek izango dira plan horren jarduera-ildo nagusiak:

  • Laguntzak ematea deskokatzeko arriskuan dauden enpresak modernizatzeko, makinaria eta patenteak erostearen, eta produktibitatea eta lehiakortasuna areagotzeko aukera eman dezaketen prozesu produktiboetan aldaketak ezartzearen bidez.

  • Aholkularitza merkatu berrien bilaketaren, enpresen internazionalizazioaren, balore-kate globalen aprobetxamenduaren, eta ondasun eta zerbitzuen esportazioaren esparruetan.

  • Pizgarriak eskaintzea energia-eraginkortasuna areagotzeko, eta ekoizpen-prozesuaren ondoriozko jaulkipen eta hondakin kopurua murrizteko.

  • Lur industrial gehiago sustatzea, eta aurretiaz dagoena berregokitzea.

  • Pizgarriak eskaintzea enpresa berriak eta inbertsio zuzenak erakartzeko, eta sozietate mistoetan parte hartzea sustatzeko.

  • Bide-azpiegiturak hobetzea, salgaien garraioaren kostua murriztearren.

  • Talentuak erakartzeko eta langileen prestakuntza jarraitua sustatzeko laguntza plana abiaraztea.

359

Villar de Cañasko aldi baterako biltegi zentralizatua behin betirako geratzea

Villar de Cañasko hondakin nuklearrak aldi batean gordetzeko biltegi zentralizatuaren ordez energia-iturri garbiei buruzko (bioerregaiak, energia fotovoltaikoa, haize-energia, e.a.) ikerketa-gunea ezartzea sustatuko dugu. Ekimen hau erreferentea izango da estatu osoan, horren bitartez eraginkortasun energetikoaren aldeko trantsizioa hasiko baita.

360

Plataforma logistiko intermodala eta salgai-trenbidea Toledon

Abian jarriko ditugu Toledoko hiriak plataforma logistiko intermodala eta salgai-trenbidea izan ditzan egin beharrekoak oro; izan ere, azpiegitura hori kentzeak eten egin ditu nabarmen garapen industriala eta enplegu sorrera.

361

Tokiko autonomia babesteko eta eskualdeak aintzatesteko lege-aurreproiektua

Erabakitzeko ahalmena itzuliko dizkiegu udalerri batu edo erkidetuei, bai eta ahalmen hori gauzatzeko baliabideak ere. Hori dela-eta, eskualdea osatzen duten udalerri edo menpeko erakundeen antolaketa-molde berariazkoen babesa bermatzearen alde egingo dugu lan, kontzientzia osoz egingo ere. Horrenbestez, lurraldearekiko dagozkien ondasun-eskubideak babestuko ditugu, eta indarrean jarriko dugu behin betiko Landa-Ingurunearen Garapen Jasangarrirako Legea, halako moldez non jende gehien galdu duten eta azpiegitura-gabezia gehien duten eskualdeen aldeko diskriminazio positiboa bermatu ahal izango den. Eskualdeko gobernu-unitateei –udalerri batu edo erkidetuei– beren lurraldeetan oinarrizko zerbitzuak autogestionatzeko, eta horietan autonomia-administrazioak eta Estatuko Administrazio Orokorrak burutzen dituzten ekimenen kontrolean parte hartzeko beharreko baliabideak eskurarazten saiatuko gara.

362

Trenbidea Gaztela eta Leonerako

Gaztela eta Leon oso autonomia erkidego zabala da hedaduraz, eta gabezia nabarmenak ditu bertako probintzien eskualdeen eta herrien komunikabideei dagokienean. Horrenbestez, egungo konexioak eta garraioak aztertuko ditugu, hobetzeko bai erkidego honen eta beste batzuen arteko mugikortasuna eta garraio-erraztasuna, bai eta Gaztela eta Leongo probintzien arteko joan-etorriak.

Helburu hauek lortzeko asmoz ekingo diegu abiaraziko ditugun neurriei:

  • Trenbide konbentzional eta aldietakoak sustatzea.

  • Trenbidea sustatzea salgaien garraiorako. Espainia da Europan garraio mota horretan ehuneko baxuenetakoa duen herrialdeetako bat.

  • Madril-Aranda de Duero eta Burgos arteko zatia berrirekitzea.

  • Zilar Bidearen trenbide-tartea (Zamora-Salamanca-Plasencia) eta Benaventetik barna Asturiaserako luzapena berrirekitzea; Benaventetik Leóneraino beste zati zuzen bat irekitzea baloratuko dugu.

  • Madril-Plasencia linearen proiektuari («Gerezien trena» izenez ezaguna) ekitea berriro.

363

Bartzelonako metropoli-eremuko aldirietako trenen sistema handitzea eta hobetzea

Areagotu egingo ditugu maiztasunak, hobetu zerbitzuaren kalitatea eta tren erdi-zuzenen inplementazioa sustatuko dugu.

364

Kataluniako Autonomia Estatutua betetzea azpiegitura-inbertsioei dagokienean

Nahitaezko deritzogu atzeraeraginez betetzeari Estatutuaren hirugarren xedapen gehigarria, Estatu Kataluniako azpiegituretan egiten duen inbertsioari buruzkoa baita.

365

Mendi-eskualdeetako trenbide-sarea hobetzea

Kataluniako funtsezko gune batzuetan hiriguneak eta nekazaritza-guneak lotzen dituzten trenbideen sarea handitu eta hobetuko dugu, hartara merkataritza-loturak eta mugikortasuna ere hobetzeko.

366

Lleida-Pirinioak autobia

Kataluniako funtsezko gune batzuetan hiriguneak eta nekazaritza-guneak lotzen dituzten errepideen sarea handitu eta hobetuko dugu, esaterako Lleida-Pirinioak autobia.

367

Mugaz gaineko lankidetza

Portugalekin batera, jarduera- eta inbertsio-plan bat biaraziko dugu, hartara komunikazio eta inbertsio bateratuak sustatzeko.

Extremadurak eta Portugaleko Alentejok muga konpartitzen dute, baina baita ezaugarri sozioekonomiko antzekoak ere (esaterako biztanle-dentsitate eskasa, komunikazio- eta garraio-gabezia, eta nekazaritza eta abeltzaintzarekiko menpekotasuna). Horren aurrean, eredu produktiboaren aldaketa sustatuko dugu eskualde bientzako; izan ere, zerbitzuak eta azpiegiturak konpartitzearen helburu komunak aldian behineko lankidetza-ekimenak baino elkarrekin diseinatutako proiektuak eta inbertsiorako konpromiso sendoa eskatzen ditu.

368

A-57 autobiaren gelditzea Galiziako mendiak salbatzeko

A-57 autobiaren proiektua bertan behera geratzea proposatzen dugu, ingurumen-, ondare- eta gizarte-eragin handia duelako, eta ez dagoelako batera gauzatzeko planteamendu integralik.

369

Burgoko itsasadarra drainatzea

Administrazio arduradunen utzikeria pairatu ostean, Burgoko itsasadarreko lohiak garbitu eta itsasadarra bera drainatzea sustatuko dugu, Galiziako mariskoaren kalitate apartarekin bateragarria izan dadin.

370

Pontevedrako itsasadarra herritarrentzat berreskuratzea

Itsasbazterraren Babes eta Erabilera Jasangarriari buruzko Legearen bigarren artikulua indargabetzea proposatzen dugu; izan ere, artikulu horrek jabari publikoko itsas eta lehorreko lursailen egungo lagapenak esleipenetan adierazitako datetatik harago 75 urtez luzatzeko aukera ematen du, eta horrenbestez, ahalbidetu egingo luke Ence-Elnosa industria-gunea Pontevedrako itsasadarreko publikoko itsaso eta lehorreko lursailean jarrai dezan.

371

Tajo ibaia ur gehiagoz eta kalitate hobekoaz hornitzea Aranjuezen

Ekimen hauek sustatuko ditugu asmo horrekin:

  • 2015-2021 planifikazio prozesuari dagokion Tajoko Mugape Hidrografikoaren Plan Hidrologikoa berraztertzea, Europako araudira egokitzen den eta hura betetzen duen egiaztatzeko.

  • Gizarte zibileko zenbait plataformekin koordinatzea (esaterako: Ecologistas en Acción, Red Ciudadana por una Nueva Cultura del Agua en el Tajo y sus ríos, edo Plataforma en Defensa de los ríos Tajo y Alberche), informazio- eta eskaerak.

  • Plan Hidrologikoa errefusatzeak izan ditzakeen ondorioak aztertzea.

  • Ondorio horiei aurre egiteko neurriak ezartzea.

  • Plan Hidrologikoaren onespena errefusatzea –haren onespena 2015eko abendurako aurreikusten da–, baldin eta Europako araudira egokitzen ez bada.

  • Plan berri bat osatzeko proposamena, zeinean segundoko 11,74 metro kubikoko gutxieneko emari ekologikoa jasoko den, eta urari buruzko Europako politika berria aplikatuko duen.

372

Móstoles-Navalcarnero aldirietako trenbide-proiektua konpontzea

Móstoles-Navalcarnero aldirietako trenbidearen egoera konponduko dugu, zeinaren gauzatze lanak egun geratuta baitaude. Horretarako:

  • Proiektuaren egungo egoera aztertuko dugu ikuspegi tekniko, funtzional, ingurumeneko, hirigintzako eta ekonomikotik.
  • Kontratua berraztertuko dugu enpresa esleipendunarekin.

  • Trenbidea eraikitzen jarraitzearen bideragarritasuna aztertuko dugu, beste bi geltoki gehituta: Arroyomolinosen eta Griñónen.

373

Kendu, lurperatu edo lekuz aldatzea gaur egun etxebizitza, berdegune, haurrentzako gune eta kirol-guneen gainetik, Arroyomolinos udalerria iparretik hegora zeharkatzen duten goi-tentsioko bi lineak

Urrats hauek emango ditugu hori lortzeko:

  • Prozesu osoari (proiektuaren definizioa, instalazioa, emaitzak eta ingurumen-eragina) buruzko azterlana egin eta ezagutaraztea.
  • Herritarren eta gizarte zibileko plataformekin koordinatzea, bai eta adituekin eta administrazio inplikatuekin, alternatiba egokiena erabakitzeko: lineak kentzea, lurperatzea edo lekuz aldatzea.

  • Adostutako erabakia gauzatzeko baimena.

374

Guadarrama ibaiaren arro hidrografikoa babestu eta lehengoratzeko neurriak betetzea

Eskualdeko parke natural eta naturgune babestu den Guadarrama ibaiaren arro hidrografikoa babestu eta lehengoratzeko neurriak bete egingo direla bermatuko dugu, arroak baitan hartzen dituen udalerrietan: El Álamo, Batres, Boadilla del Monte, Brunete, Colmenarejo, Galapagar, Majadahonda, Moraleja de Enmedio, Móstoles, Navalcarnero, Las Rozas, Serranillos del Valle, Sevilla la Nueva, Torrelodones, Valdemorillo, Villanueva de la Cañada, Villanueva del Pardillo eta Villaviciosa de Odón. Horretarako, egingo dugu:

  • Ibaiaren arroaren egungo egoeraren azterlana.

  • Guadarrama ibaiaren arroa Kudeatzeko Planaren, eta gaur arte haren betetze-mailaren berrazterketa.

375

Aldirietako C4 trenbidea Torrejón de la Calzada eta Torrejón de Velasco udalerrietaraino luzatzeko proiektua berreskuratzea

Luzatzeko proiektua hartuko dugu berriro, ekimen hauez bitartez:

  • Madrileko Aldirietako Trenbide-Azpiegituren 2009-2015 Planaren egungo egoera aztertzea.

  • Aldirietako C4 trenbidea luzatzeari buruzko informazio-azterlana eta aurrekontua egitea.

  • Trenbide-azpiegitura eraikitzeko trazatu balizkoak definitu eta aztertzea.

  • Bi geltoki berri eraikitzearen bideragarritasuna eta –baiezkoan– kokapen egokiena aztertzea: bata Parlako ospitaletik gertu, eta bigarrena Torrejón de la Calzada eta Torrejón de Velasco udalerrietatik gertu. Azterlan hori irisgarritasuna, eskaria, beste garraiobide publikoekiko lotura eta eraikuntza-erraztasunak kontuan hartuta egingo da.

  • Ustiakuntza- eta eskaera-baldintzei buruzko berariazko azterlana egitea.

  • Aldirietako C4 trenbidea luzatzea, betiere haren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa egiaztatu bada.

376

Madrileko hegoaldeko trenbideak lurperatzeko proiektua berraztertzea

Madrileko hegoaldean Alcorcón, Fuenlabrada, Getafe, Leganés eta Móstoles udalerriak erdibitzen dituzten trenbideak lurperatzeko proiektua berraztertuko dugu. Horretarako, 2011n Sustapen Ministerioak eta udalerri horietako udalek sinatutako lankidetza-hitzarmena aztertuko dugu, bai eta Ministerioari dagozkion eta hitzarmenean jasota dauden konpromisoen bideragarritasuna; azkenik, konpromiso horiek bete ahal izateko alternatiba eta konponbideak ere aztertuko ditugu.

377

Murtziako Eskualdeko trenbide-sarea hobetzea

  • Murtziako trenbideen elektrifikazioa eta bitan banatzea sustatuko dugu, bai eta Andaluziarako linea berriro jartzea, eta Murtzia-Alacant, Murtzia-Albacete eta Murtzia-Andaluzia trenbide-tarteetan langak kentzea ere.

  • Aldirietako trenbide-sarea sustatu, hobetu eta egokitzeko plana osatuko dugu, zehazki Murtziako Eskualdearen eta Alacant, Granada eta Albaceteko probintzien artean, hots, Cartagena-Alacant, Cartagena-Murtzia, Murtzia-Granada eta Murtzia-Albacete trenbide-zatietan.

  • Campo de Cartagena eskualdean bide estuko burdinbidea sustatzeko plana garatuko dugu.

  • Mediterraneoko salgaien korridorearen sorrera sustatuko dugu.

  • Alcantarilla udalerriko trenbide-trazatua kenduko dugu.

  • Murtziako hirian (hiri osoan) trenbideak lurperatzea sustatuko dugu.

378

Murtziako itsasertza babesteko plana

Indargabetu egingo dugu Itsasbazterraren Babes eta Erabilera Jasangarriari buruzko maiatzaren 29ko 2/2013 Legea, bai eta Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legea aldatu ere, itsasertz birjina (urbanizatu gabea) benetan eta eraginkortasunez babesteko neurriak sartzeko asmoz. Horrez gain, hura aplikatu eta garatu dadin sustatuko dugu, eta horretarako mantendu egingo dugu Estatuaren ahalmena, jabari publikoko itsas eta lehorretan eragin dezaketen tokiko erakundeek hartutako erabakiak eta bideratutako egintzak indargabetzeko. Horren bidez, oztopatu egin nahi dugu Murtziako itsasertz birjinaren suntsiketa, espekulazioa urbanistikoa bitarte. Halaber, 2001eko Murtziako eskualdeko Lurzoruaren Legearen eta antzekoen babesa kenduko diegu ingurumenean eragin kaltegarri handiko proiektuei; Lege horrek babesgabe utzi zuen Marina de Cope urbanizatzeko proiektuak eragindako itsasertzaren zati handi bat.

379

Errege Bardeako tiro eremua eraistea

Bardeetako tiro eremua nafarren gozamenerako naturgune bihurtuko dugu. Horretarako, beharrezkoak izango dira:

  • Herritarren artean kontsulta egitea Errentamendu-kontratua berriztatzeari buruz.

  • «Defentsarako interes gune» izendapena bertan behera uztea.

  • Tiro eremua eraistea.

  • Inguruaren azterlana egitea, osasun eta ekologiaren ikuspegietatik.

  • Baliabide naturalak irizpide sozial, kultural eta ekologikoekin berrerabiltzea.

380

Abiadura handiko trenaren lanak geratzea

Geratu egingo ditugu AHTren lanak, harik eta azterlan sakona egin eta proiektua osotasunean birformulatzen den arte, hots, haren oinarrietan, azpiegitura eta inbertsio publikoen mugikortasun globaleko planetan, eta trenbide-bideragarritasun azterlanean. Prozesu horrek iraun bitartean, proiektuaren inguruan sor daitezkeen alternatiben inguruko eztabaida soziala lehenetsiko dugu.

381

Eskualde industrialetako sare produktiboa onbideratzea

Bizkaiko Ezkerraldeko (Barakaldo, Sestao, Portugalete eta Santurtzi) eta Gipuzkoako (Pasaia eta Errenteria) industria-eremuak berreskuratzeko plana sustatuko dugu, bai eta sektore metalurgikoan teknologia berrien ekoizpen eta garapena (I+G+b indartzea), balio erantsi handiko produktuen ekoizpena, eta prestakuntza, sektoreko profesionalak lanean birkokatzeko bide gisa.

382

Euskadiri eskualdatutako eskumenen alorrean sakontzeko elkarrizketa prozesuari ekitea

Gorte Nagusiei eskatuko diegu aurrera egin dezaten Euskadiri eskualdatutako eskumenen alorrean; ildo horretan lehentasuna emango diegu lan-ikuskaritzarekin eta Administrazioarekin loturiko eskumenei, bai eta Gizarte segurantzaren kudeaketari dagokienean ere, kutxa bakarra hautsi beharrik gabe.

383

Berrindustrializazio plan urgentea Errioxarako

Europarako Inbertsioen Planaren testuinguruan («Juncker plana»). Errioxa berrindustrializazio plan urgente batean sartuko dugu, Ebroren ardatzeko beste lurralde batzuekin batera; izan ere, Ebroren ardatzaren kokapen estrategikoak –Arku Atlantiarraren eta Mediterraniarraren arteko lotunea baita– Errioxa azken hamarkadetan galdu egin duen dinamismo industrialaz hornitu beharra justifikatzen du.

384

Gizarte zerbitzuetako funtsik eskuratu ahal izateko administrazio publikoekin zorrik ez izatearen baldintza kentzea

Gizarte larrialdietarako laguntzak enbargatu ezineko eskubide bihurtuko ditugu, bai eta geldituko ere indarrean dauden era horretako laguntzei buruzko enbargoak.

385

Garraio- eta komunikazio-azpiegiturak hobetzeko plan integrala

Valentziako Erkidegoko garraio- eta komunikazio-azpiegiturak hobetzeko plan integrala abiaraziko dugu, honako ekimenak baitan hartuko dituena:

  • AP-7 autobideari bidesaria kentzea, eta haren sarbideak hobetzea.

  • Eskualdeko eta Aldirietako trenbide-sareak hobetzea.

  • Valentziako Erkidegoko garraio-azpiegiturak hobetzea Erkidegoan barruan, eta estatuaren gainontzekoarekin, Europarekin eta mediterraniar esparruarekin egituratzea.

  • Alacanteko eta Castelló de la Planako itsas-portuak biziberritzea, eta horretarako horietara heltzeko trenbide-azpiegituren eraikuntza lehenestea.

386

Estatuko finantziaketa handitzea ekintzailetza eta enpresa txiki eta ertainen arloak sustatzeko

% 20ko osagarria aplikatuko diegu –estatuko Aurrekontu Orokorren kontura–, Valentziako Erkidegoak partida hauetara bideratutako funtsei:

  • Ekintzailetzaren sustapena.

  • Kooperatibismoa eta ekonomia soziala.

  • Ekonomia-planifikazioa eta -aurreikuspena.

  • Industria-politika.

  • Merkataritzaren ordenamendu eta sustapena.

  • Kanpo-merkataritza.

387

Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza babestea

% 20ko osagarria aplikatuko diegu –estatuko Aurrekontu Orokorren kontura–, Valentziako Erkidegoak partida hauetara bideratutako funtsei:

  • Nekazaritza-ikerketa eta -teknologia.

  • Arrantza-ekoizpenaren ordenamendua eta hobekuntza.

  • Nekazaritzaren sustapena eta bermea.

  • Eskaintzaren eta kooperatibismoaren kontzentrazioa.

  • Nekazaritzako elikagaien kalitatea.

  • Landa-ingurunearen garapena.

  • Abeltzaintzaren garapena eta hobekuntza.

  • Baliabide hidraulikoen kudeaketa eta azpiegiturak.

  • Nekazaritza-azpiegituretako uren garbiketa eta arazketa.

388

Naturaguneen babesa

Naturaguneak babestera bideratutako jarduerak sustatuko ditugu, esaterako:

  • Geratu edo saihestu egingo ditugu ingurumenaren aurkako jarduerak, bereziki Castor proiektuari loturikoak. Proiektu horri dagokionez, erausi egingo ditugu egundaino egindako azpiegiturak, eta erantzukizunak argitzeko eskatuko dugu.

  • Albufera eta La Safor eskualdeko hezeguneak biosferaren erreserba izendatzearen aldeko ekimenak bideratuko ditugu.

  • Jasangarritasun sozioekonomiko eta ingurumenekoaren aldeko ekintza-planak abiaraziko ditugu Vega Baja, Serranía Celtibérica, Valentziako metropoli-eremua eta L’Horta eskualdeetan, Valentziako Erkidego osoan baliabide hidrikoen marko jasangarria bermatzeko.

389

Turismo jasangarria

Beste alderdiekin akordio zehatzak eginez turismo jasangarriaren aldeko plana garatuko dugu hamabost urteko epean. Plan horren bitartez Estatu espainiarreko erkidego eta udalerri turistikoetan turismo-eredu berria garatzeko oinarriak ezarriko ditugu.

Turismoaren ingurumen-, gizarte- eta kultura-inpaktua arautzeko esparru berria eratuko dugu. Horretarako, Industria, Energia eta Turismo ministerioak bultzatutako etiketa berdea sortuko dugu; erkidegoek, enpresaburuen elkarteek, sindikatuek, ingurumena ikertzeko eta kudeatzeko erakundeek, eta lurraldeko beste hainbat gizarte-eragilek (hala nola udalerriek edota toki ekintzako taldeek) ere parte hartuko dute ekimen horretan.

Ekoizpen-prozesu jasangarriak bermatuko ditugu. Horretarako, hornidurak garraiatzeko, paketatzeko eta birziklatzeko sistemak arautuko ditugu. Saltokiak, zerbitzuak, helmuga turistikoak eta horietan guztietan parte hartzen duten erakundeak kudeatzeko eredu ekologikoki jasangarriak garatzea sustatuko dugu.

Erakunde parte-hartzaileek kudeatutako helmuga turistikoak garatzea sustatuko dugu, alderdi guztien interesak kontuan har daitezen: enpresari, langile, herritar, kudeatzaile, ikertzaile, teknikari eta ordezkari politikoenak.

Gizarte-demokrazia / Etxebizitza eta hornidurak

390

Lehenengo etxebizitza bakarra enbargatu ezina.

Lehenengo etxebizitza bakarra eta iraunkorra enbargatu eta exekutatu ezin izateko adierazpena egingo dugu. Etxebizitza bakar eta iraunkor gisa erabiltzen den eraikin orok ondasun enbargaezintzat eta exekutaezintzat joko dugu, salbu eta jabeak izendapen horri berariaz uko egiten badio.

Etxebizitzaren jabea hiltzekotan, eraikin hori etxebizitza iraunkor duten eta beste etxebizitzarik ez duten senideei eragingo diete enbargaezintasunak eta exekutaezintasunak. Hildakoaren aurreko- ala ondorengo-ahaide zuzenak hartuko dira senidetzat.

Obligazio hauek ez dira enbargaezintasun- eta exekutaezintasun-bermearen aurka egongo: mantenu-betebeharretatik eratorritako zorrak, zergak, tasak, ekarpenak, etxebizitzari karga zuzena ezartzen dioten xahupenak, eta etxebizitza bakarra erosi, eraiki edota hobetzeko eskuratutako obligazioak, etxebizitzarengan benetako bermea dutenak.

391

Abusuzko klausulak ezabatzea

Banketxeek auzitegiek abusuzkotzat jo dituzten klausulak automatikoki eta baldintzarik gabe ezaba ditzaten sustatuko dugu —titularrek hala eskatu behar izan gabe—; hala ez egitekotan, zehapena ezarriko zaiela ohartaraziko diegu.

392

Etxebizitza Eskubidearen Behatokia

Etxebizitza Eskubidearen Behatokia sortuko dugu etxebizitzen egoera ikertu eta aztertzeko.

Behatokiak eginkizun hauek izango ditu: hutsik dauden etxebizitzen erroldak egitea aldian behin, politika publikoen jarraipena egitea, eta txostenak idaztea. Behatokia ez da aholkua emateaz bakarrik arduratuko; jarraipena egiteko, salatzeko, exekutatzeko eta lege-proposamenak egiteko ahalmena izango du.

Erakundeetako eta gizarte zibileko ordezkariek osatuko dute Etxebizitza Eskubidearen Behatokia.

Demokrazia politikoa / Segurtasuna

393

Militarrentzako justizia independentea.

Botere Judizialaren Lege Organikoa erreformatuko dugu. Diziplina-gai eta gai penal militarretan espezializatutako organoak eratuko ditugu. Organo horietan prestakuntza egokia jaso duten eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioko eta jurisdikzio penaleko kide diren epaileek eta magistratuek egingo dute lan. Horrez gain, Auzitegi Goreneko arlo militarreko V. sala ezabatuko dugu, ekonomia, independentzia eta gardentasuna dela eta. Gaur egungo justizia militar ereduak ez du

aginte militarrarekiko independentzia osoa bermatzen.

394

Publikoki kudeatutako osasun-sistema eta pertsona guztien osasun eskubidea berdintasunean bermatzea, non bizi diren kontuan izan gabe

Herritar guztiek, haien bizitokia gorabehera, kalitatezko osasun-zerbitzu publikoa, unibertsala eta doakoa berdintasunean jasotzen dutela bermatzeko manamendua erantsiko diegu Osasunari buruzko Lege Orokorrari eta haren arau-garapenei. Legearen arabera, Estatuak diru nahikoa eman beharko du osasun-arreta publikoan dauden desberdintasunak zuzentzen laguntzeko, eta giza eskubideak, konstituzioak ezarritako eskubideak eta indarrean dauden lege eta xedapenak betetzeko. Erreferentziako ospitaletik hogeita hamar minutu baino gehiagora (errepidez) dauden eskualde periferikoetako ospitaleak eta arreta espezializatuko zentroak diruz laguntzeak lehentasuna izango du. Ezinbestekoa da, halaber, erkidegoen osasun gaietako eskumenak koordinatzea, eta derrigorrezko Osasun Hitzarmenak sinatu behar izatea herri mugakideetako herritarrei arreta osoa emateko, batik bat arreta azkarra eta eraginkorra behar duten gaixoei. Herritarrei arreta anbulatorioa eta ospitaleko arreta hurbilen duten zentroan jasotzeko aukera emango diegu, zer erkidegotan bizi diren kontuan izan gabe.