Sara Carreño Valero La Rioja hautagaitza

Sara Carreño Valero

30 urte ditut; Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna naiz eta Zuzenbide ikasketak burutzen ari naiz UNEDen. Atzerrian, Europar Batasuneko zenbait herrialdetan, urte batzuk eman ostean, Errioxara etorri nintzen. Nire belaunaldiko hainbat profesional gaztek bezala, krisia eta prekarietatea zirela-eta, Espainiatik kanpo bilatu behar izan nuen lana. 2011ko maiatzean Puerta del Sol demokrazia eskatzen zuen jendez bete zenean, mugimendu hura Erromatik bultzatzen lagundu nuen. Hilabete batzuk beranduago, Logroñon lanpostu bat eskaini zidaten eta itzultzeko aukera izan nuen. Harrezkero, tokiko klinika bateko laguntza bidezko ugalketako unitatearen nazioarteko negozio-garapenaz arduratzen naiz.
Elikagaien Bankuan laguntzen dut, eta hainbat urtetan boluntario izan naiz Caritasen Alba proiektuan, gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden adingabeak helburu dituen egitasmoan. Politikak beti erakarri du nire arreta, baina ez nintzen inoiz alderdi bateko afiliatu izan, Podemos sortu zen arte. Politikaren beste ikuspegi bat eman dit Podemosek, baita M15ean eskatu genuena errealitate bihurtzeko mekanismo bat ere. Logroñoko zirkulua sortzeko prozesuan aktiboki parte hartu nuen hasieratik, eta gaur egun zenbait zereginez arduratzen naiz antolaketa autonomikoaren barruan. Oraingoan Diputatuen Kongresurako hautagai izateko aurkeztu naiz, Espainiak behar duen aldaketa politikoan parte hartzeko itxaropenez. Kongresuan lan egingo dut erakundeak jendearen zerbitzura jartzeko, horixe baita guztiontzat etorkizun hobea eraikitzeko modu bakarra. Badakit zorte handia izan nuela, etxera itzultzeko aukera eman zidan lanpostu bat lortu bainuen, baina gazte emigrante gehiegi daude oraindik kanpoan, eta egunero joaten dira beste batzuk. Orain haiek itzultzeko moduko herrialdea eraikitzeko garaia da.

Partekatu nire profila