Nazioarteko demokraziaren aldeko Bilboko adierazpena

Mundu bat nahi dugu non giza eskubideak, berdintasuna eta ekitatea gure herrien bizitza eraikitzeko oinarriak izango diren arlo politiko, sozial eta ekonomiko guztietan eta, bereziki, genero gaietan.

19 ekaina, 2016

Mundu bat nahi dugu non giza eskubideak, berdintasuna eta ekitatea gure herrien bizitza eraikitzeko oinarriak izango diren arlo politiko, sozial eta ekonomiko guztietan eta, bereziki, genero gaietan. Non ekonomia interes orokorraren eta pertsonen beharren zerbitzura egongo den, eta ez pertsonak ekonomia finantziaratu, espekulatibo, kontrolik gabeko eta ilun baten zerbitzura. Non bateragarriak izango diren bizitzaren jasangarritasuna planetan eta hor bizi garenon ongizatea. Non pertsonak askeak izango diren batetik bestera joateko eta, era berean, beren herrialdetan geratzeko eta duintasunez bizitzeko eskubidea izango duten.

Tamalez, gure mundua gero eta gehiago ari da urruntzen ikuspegi horretatik. Austeritatearen paradigma dogmatikoaren menpean, ekonomia sistemak giza garapena, gizarte eskubideak eta horiei lotutako genero berdintasuna lortzeko irrika hori sakrifikatu du, gutxi batzuen irabazien mesederako. Desberdintasuna etengabe ari da areagotzen gure gizarteetan; gure ekonomia eredua gero eta bidegabeagoa eta jasangaitzagoa da gure komunitatetan, beste herri batzuetan eta planeta bertan bizitzeko; gerrak eta gatazkak gero eta gehiago diren mundu honetan, agerian geratu da segurtasun politiken norabidea, bidegabea ez ezik, guztiz ez-eraginkorra ere badela. Belaunaldi askoren borroken emaitza eta gure nagusien herentzia onena diren eskubideak murrizten eta esanahirik gabe geratzen ari dira, eta, aldiz, etengabe ari da handitzen finantzen, multinazionalen, nazioarteko kapital fluxuen, beren zulo beltzen eta zerga paradisuen boterea. Kapital fluxu horiek kontrolatzeko gaitasunik gabe, gizartean banatzeko eta eskubideak bermatzeko gaitasunik gabe, gure gizarteen gaitasun demokratikoa bera dago kolokan eta mehatxupean.

Bidegurutze historiko horren aurrean, nazioarteko proiektu demokratiko baten alde egiteko garaia iritsi dela uste dugu; proiektu bat, erronka horiei heltzeko eta horiek konpontzeko gai izango dena. Horregatik, guk:

– Gure egiten ditugu giza eskubideak, Garapen Jasangarriaren Helburu (GJH) berriak eta genero ekitatea, bide orri lotesle baten barruan, egungo produkzio eta kontsumo ereduak eraldatu, eta garapen jasangarriarekin bateragarriak izan daitezen politiken koherentzia esparru batean.

– Europa demokratikoaren ideia berreskuratu nahi dugu, giza eskubideen, askatasunen, bakearen eta lankidetzaren eremua izan dadin, gaur egungo austeritatearen Europaren aurrean, zeinean xenofobia, gizarte bazterkeria eta desberdintasuna ari diren nagusitzen. Austeritateak gure demokraziak mehatxatzen ditu: pribilegiatuen, bankaren eta multinazionalen interesen aurrean, gizartearen gehiengoaren interesak lehenetsiko dituen eredu ekonomiko bat nahi dugu.

– Mundua gero eta gehiago desorekatu nahi duten prozesuak geratu behar ditugu, hala nola TTIPen negoziazioa eta beste merkataritza itun batzuk, kontrolik gabeko boterea ematen baitiete ekonomia lobbie handiei eta enpresa multinazionalei. Horrelako itunen isilpeko negoziazioek kolokan jartzen dituzte gure demokrazia ereduen oinarrizko printzipioak. Gardentasuna eskatzen dugu negoziazioetan, eta nazioartean giza eskubideen inguruko tresna bat sortzea babesten dugu, multinazionaletarako loteslea izango dena.

– Gobernu arteko zerga agentzia baten sorrera babestu behar dugu, Nazio Batuen agintaritzapean, zerga saihesteen, zerga paradisuen eta legez kanpoko kapital fluxuen lotsagabekeriari aurre egingo diona, modu kolektibo eta global batean. Enpresek zergak ordaindu behar dituzte beren irabaziak sortzen diren lekuetan, legezkotasuna errespetatuz.

– Nazio Batuetako sistema erreformatzea eta lidergo postuetan emakume gehiago sartzea ezinbestekoa da benetako multilateralismo demokratiko bat sustatzeko, munduko gobernantza ekonomikoa eraldatzeko esparru gisa. Egitura ekonomiko horri eskubideak eta genero ekitatea erantsi behar dizkiogu, eta esparru juridiko bat izan behar du, zor subiranoen berregituraketetarako loteslea izango dena.

– Giza Eskubideak pertsona guztientzako dira. Ekonomia, kultura eta gizarte eskubideak bermatu behar dira, bai eta genero, identitate, sexu orientazio edo arrazagatiko bazterkeriarik eza ere. Emakumeen eskubideak aitortzeak eta bermatzeak, baita haien aurkako indarkeria eta bazterkeria forma estruktural guztien aurka borrokatzeak ere, erabateko lehentasuna izan behar dute politika publiko guztietan eta nazioarteko akordioetan, merkataritzakoak barne. Beharrezkoa da, halaber, LGTBI Eskubideen Nazioarteko Konbentzio bat bultzatzea.

– Batetik bestera dabiltzan pertsonen eskubideak bermatzea legezko betebehar bat da. Horretarako, orain eta hemen, duintasunez erantzun behar zaie errefuxiatuen krisiari eta jazarpenaren aurkako nazioarteko babesari, zeina nazioarteko zuzenbidearen lorpen handienetako bat baita.

– Gure estatuen kanpo politikak giza segurtasunerako egiazko politika bat edukitzea bultzatu behar dugu, gatazken kopurua murriztuko duena, bakearen kultura sustatuta eta Armen Merkataritza Itunaren eremuak eta eskumenak zabalduta.

Bilbo, ekainaren 19a